Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

Uda garaian bete-betean gara. Denontzat ezberdina da egutegian eta eguratsean denontzat bera den aro hau. Hemen bertan idatzi genuen, zeinen tarte txikian eta zeinen urruti bizi diren igerilekurako edo belarrak ontzeko eguzki giroa nahi duten pertsonak. Eta antzera esan daiteke festetan gaupasa  gaztearen edo erresidentzian eguna pasatzeko adinekoaren artean, beroak duen eraginaz. Bizimoduaren, espektatiben, adinaren, aukeren, planen eta abarren arabera, bakoitzak bere uda du; eta bakoitzak modu diferentean ulertzen du uda hitza bera ere.

Aurten, urtaro honek badu berezitasun bat, ordea. Negu eta udaberri oso busti eta euritsuaren ondoren etorritakoa da. Azken negu eta udaberrian adina, nekez hitz egingo zen aspaldian eguraldiaz. Jardun eta jardun, desesperazioz zein etsipenez, aho-ezpainetan eguraldia uneoro hizpide! Eta kuriosoa da gero! Gizakiaren historian, eguraldiak sekula ez du izan gaur bezain eragin gutxi jendearen gehiengoarengan, eguneroko ogia bermatuta izateko. Euri gehiago eginagatik, gutako gehienon hilabete amaierako soldatak ez du igoera edo jaitsiera handirik. Baina hala ere, eguraldiarekin tematuta bizi gara! (Arazo handiak dituen gizartearen sintoma ez dirudi, ezta?)

Munoa-GorrotxategiEuri, eguzki, txingor, ekaitz, haize… uda honetan bakoitzak aurki beza eguraldi onena ahal-nahi-behar duen horretarako.

Eneritz Gorrotxategi

Azken aldian zeresana eman eta eman ari da eguraldia bai! Galdetu bestela  Ataunen! Baina eskerrak zuk diozun eran bakoitzak bere uda duen eta bakoitzak bere aukeren, nahien eta desioen arabera zukua aterako dion! Izango da beste batzuk udaz gozatzeko lan egitea egokituko zaionik, neguan pentsatutako udako oporrak antolatu eta gozatuko dituenik, baita unearen arabera planak sortu, moldatu, aldatu, egin edo desegingo dituenik ere! Bejondeiela guztiei!

Eguraldiak gehienoi hilabeteko soldatan ez digula eragiten zenion, baina, inguruko nekazari eta merkatari txikiei (arropa saltzaileei) galdetuta, uste dut uste erantzuna ez dela berbera izango. Gainera, zuzenean ez baina zeharka bai eragiten digu denoi: demagun eguraldiak berak eraginda, bertako fruta edo barazki baten uzta asko kaltetu dela; saltokian dagoena garestiago egongo da, edota bestela ia ohartu ere egin gabe, atzerritik ekarritakoa jarriko dute. Ez al da hori guztioi eragitea? Eguraldiak guri ez digu eragingo, baina ez al zaizu iruditzen guk eguraldian gero eta gehigo eragiten dugula? Azken datuen arabera, Europa Iparraldean inoizko tenperaturarik altuenak neurtzen ari dira. Haraino joanda, hegoalderago geratuta, mendebaldera edo ekialdera mugituta… urte osoan bezala, zaindu eta ondo pasa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>