Erizaina nahi dut, ez robota

Garbiñe EtxanizOporretan joan baino lehen lagun erizain batek komentatu zidan Zumarragako Ospitaleko erizainei tablet bana eman zietela. Tableta eskuan geletara sartu, gaixoen eskumuturreko kodea irakurri tabletarekin, eta ondoren medikazioa sinatu, analitikak sinatu eta konstanteak sartzeko erabiltzen dute. Badauzka bere alde onak… nire lagunak dioenez akatsak eragozteko eta segurtasuna areagotzeko balio du. Baina berak alde txarrak ere ikusten dizkio: «Ni ez nintzen erizaina egin horretarako, ni gaixoekin hartu-eman zuzena izateko egin nintzen erizaina, zaintza-lanetan aritzeko, eta orain, gizarte teknologiko honetan, datu asko ditugu sartzeko eta horrek denbora asko kentzen digu». Berak besteak zaintzeko nahia sentitzen du, gaixoak gertu sentitu nahi ditu, entzun egin nahi die, lagundu, goxatu, eta geroz eta traba gehiago aurkitzen ditu horretarako.

Oporrek askorako ematen dutenez, tarteka lagunak esandakoaz gogoratu naiz, batez ere Amerikako Estatu Batuetan robotak erizain lanak egiten hasi direla jakin nuenetik, sinistekoa ere ez da!  Ametsetan ibili naiz, nolakoa izan beharko luke jendea sendatzera joaten den toki batek?
Espazioa bera lorategiz inguratuta irudikatu dut, eta zuhaitz handiekin, ospitalean dauden gaixoek beren geletako leihoetatik ikusteko moduko zuhaitzak. Lorategira jaisteko moduan dauden gaixoek aukera dute loreen zaintzaz arduratzeko, baita loreak landatu eta lurra zaintzeko ere. Ez dakit posible den ospitale bat naturgune batean eraikitzea, baina gutxienez naturako elementuez inguratuta egon badaiteke…

Ospitalean garrantzitsuena laguntza eske etorri den pertsona da, eta ospitaleko langile taldearen eginbeharra gaixoa zaintzea eta osasuna berreskuratzen laguntzeko saiakera egitea. Ez da batere eginbehar erraza, eta are zailagoa iruditzen zait lan hori egitea nork bere lantxoak egin gabe. Gaixo baten gelara sartu baino lehen ondo legoke ospitaleko langileak bere buruari galdera egitea: «Nola nago ni?», «Gaixoari behar duen arreta eskaintzeko moduan al nago?»; erantzuna ezezkoa bada, agian ideia ona da gelatxo batean bakarrik sartu eta bost minutu norberarentzat hartzea, arnasketa batzuk egin eta laguntzeko prest sentitu arte.

Ospitale honetan medikuntza alopata eta terapia tradizionalak edo alternatiboak eskutik doaz. Azken horietan erizainek kanpoko tratamenduak erabiltzea oso ohikoa da, konpresak, bainuak, olioak eta ukenduak besteak beste. Esperientzia sentsorialen bidez gaixoaren kontzientzia gorputzera erakartzen da; gorputza lasaitu egiten da eta tentsioa, askatu. Batzuetan oroitzapenak memoriara itzultzen dira, eta zenbait esperientziaren oroitzapenek aldaketak eragiten ditu pertsonarengan. Askotan gaixoa erabat lasaitu eta lo geratzen da. Konpresa hotzak edo beroak erabiliz bizi-indarrak edo sendatze-indarrak suspertu ditzakegu. Landareetatik eratorritako substantzia horiek azalean aplikatuz era askotako emaitzak lor daitezke: mina arintzea, lasaitzea, indarrak suspertzea edo sendatze-indarrak esnatzea. Azaleko aplikazio bakoitza gaixoari egiten zaion galdera baten parekoa da, eta aplikazio horren emaitza gorputzaren edo arimaren erantzuna. Erizainek erabilitako substantziaren eta horren ondorioen ezagutza argia izan behar dute pazientearen erantzuna ulertu ahal izateko. Ikuspegi terapeutiko honek grekerako Therapeia hitzaren esanahia erakusten du: zerbitzua eta zaintza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>