Zaborrak, mozkin

Birzitek___Araitz_Etxeberr(1) copia

Maider Aldasoro, Jasone Mendiola eta Araitz Etxeberria, proiektuan parte–hartu duten ikasleak.

Joan den urtean, Goierrin, bost milioi kilotik gora zabor errefusa jaso ziren. Hau da, biztanleko ia 75 kilo. Aurten, proportzioak mantendu egiten dira, ekainera arteko datuei erreparatuz gero, biztanleko 35 kilo jaso baitira. «Errefusaren barnean, hondakinik ohikoenak pixoihalak, konpresak, tanpoiak eta antzeko material xurgatzaileak izaten dira», nabarmendu du Araitz Etxeberriak (Ataun, 1972). Administrazio eta finantzaketa ikaslea da, baina azken hilabeteetan material xurgatzaileen birziklapenaren inguruan aditua bilakatu dela dio txantxetan. Maider Aldasoro (Legorreta, 1998) eta Jasone Mendiola (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1971) ikaskideekin batera, material xurgatzaileak birziklatzeko sistema errentagarri nola egin ikertu dute. «Hainbat proiektu erreal planteatu zizkiguten klasean lantzeko. Tartean, Birzitek enpresarena. Birziklapenaren inguruko enpresa bat da, baina geldialdian zegoen. Gure lana izan da material xurgatzaileen birziklapena errentagarri egitea enpresa berriz ere martxan jartzeko», azaldu du Mendiolak. Goiekiren ekimen berrien saria jaso dute egindako lanagatik. «Gogo handiz egin dugu lan. Arrazoi desberdinengatik, hirurok jakitun ginen material xurgatzaileek zabor asko sortzen zutela. Azkar jakin genuen proiektu horretan murgildu nahi genuela», gaineratu du Etxeberriak.

Aldasorok zuzenketa txiki baina garrantzitsu bat egin du: «Gure lana ez da izan material xurgatzaileak birziklatzeko sistema bat asmatzea. Hori jada asmatuta zegoen. Gure ardura asmatutako sistema hori errentagarria bilakatzea izan da». Hau da, dagoeneko ezaguna zen birziklatze sistematik lortutako lehengaiekin zer egin ikertu behar izan dute, birziklatze sisteman sortutako gastuak ordaintzeko. Izan ere, material xurgatzaileak birziklatzeko sistema berezi bat behar da.

Lehendabizi, bereizi egin behar dira material xurgatzaileak gainerako errefusetik. Ondoren, txiki–txiki egiten dira eta, segidan, higienizatu. «Oso posible da ospitaleetatik iristea pixoihalak, eta hondakin erradioaktiboak izatea. Esaterako, minbizia duen pertsona batek erabilitako pixoihalak erradiazioa izaten dute, jasotzen duten tratamenduagatik. Gerora lortuko ditugun lehengaiak erradioaktiboak izan ez daitezen, higienizazio prozesua ezinbestekoa da», nabarmendu du Etxeberriak. Higienizazio prozesuaren ostean, lehen garbiketa bat egiten da, eta lehengaiak bereizi. Amaitutakoan, lehengai bakoitza bere aldetik, bigarrenez garbitzen da. Azkenik, lehortu, lehengaiak prest daude berriz ere erabiltzeko; Mendiolaren esanetan, «zelulosa eta plastikoa dira prozesu luze honetatik lortzen diren lehengai nagusiak».

Zelulosa eta plastikoa salduz lortzen dute prozesua ordaintzea. «Ez da lan erraza, ez baitira lehengai puru–puruak. Esaterako, plastikoa polietileno eta polipropileno arteko nahasketa bat da. Enpresek, beharren arabera, nahiago izaten dute bat edo bestea». Dekoraziorako materialak egiteko egokia da lortzen den plastikoa. Zelulosa, berriz, paper–fabriketan saltzeko aproposa da. «Zelulosa asko behar dute paper–fabrikek, horregatik izan daitezke gure bezero potentzialak. Gainera, Gipuzkoan paper–fabrika asko daude. Halere, birziklatutako zelulosarekin egindako orriak iluntxoagoak dira, eta saltzerako garaian traba bat da».

Kontzientziazio falta nabaritu dutela dio Aldasorok. «Bezeroak ez daude ohituta birziklatutako materialarekin lan egitera, eta askori kosta egiten zaie aurrera jotzea. Egia da orriak ez direla erabat zuriak irteten, baina goi mailako orriak dira halere. Baina, askok zuri–zuriak nahi izaten dituzte». Lehengai birziklatuekin lan egitea sekula pentsatu ez duten enpresekin topo egin dute bidean. «Enpresei ez bazaie bururatu berrerabilitako materialekin lan egitea bururatu, oraindik guztiz barneratua ez dugunaren seinale da. Birziklatze sistemak indarrean jartzeko zailtasun bat da hori ere».

«Guk ez dugu birziklatze sistema asmatu. Guk errentagarri egin dugu sistema» Maider Aldasoro
«Gure lana egin dugu. Orain Birzitek enpresari dagokio ikerketa gauzatzea» Araitz Etxeberria
«Zelulosa eta plastikoa dira lortzen ditugun lehengaiak. Horiek saltzen ditugu» Jasone Mendiola

Kontuak kontu, prozesutik lortutako lehengaiak ezin dira edozertarako erabili. «Zelulosa aproposa da jakiak biltzeko erretiluak egiteko. Halere, ez da posible. Garbitasun arrazaioengatik, Europar Batasuneko araudiak galarazi egiten du birziklatutako materialaz egitea erretiluak», azaldu du Mendiolak. Higienizazio eta garbiketa prozesuaren ostean, lehengaiak garbiak dira, eta kalitate gorenekoak. «Kotoizko zuntza duen zelulosa lortzen dugu. Oso maila oneko zelulosa da. Baina jaki kontuetan erabili beharrean, egokiagoa da beste sektore batzuetara bideratzea». Plastikoak ere baditu bere mugak: «Lortzen dugun plastikoa nagia da, ahula. Ez da egokia pisu asko eusteko».

Prozesutik ateratako lehengaiak berriz ere material xurgatzaileak egiteko erabili daitezke, «baina gure inguruan ez dago material xurgatzailerik ekoizten duen enpresarik», argitu du Etxeberriak. «Fardelen, tanpoien, konpresen… enpresak oso handiak dira. Gu bezalako ikasle batzuei ez diete kasu askorik egiten. Ez da bide erraza. Saiatu gara, baina ezinezkoa izan da», gaineratu du.

Material xurgatzaileak birziklatzeko sistema errentagarria bilakatzeko beste aukera bat, lehengaiak saldu beharrean, produktu berriak ekoiztea da. «Plastikoz egindako edozer ikusten genuenean, guk ere egin genezakeela pentsatzen genuen. Toki guztietan ikusten genituen balizko produktuak», diote barre artean.

Berritzailea Europan

Birzitek enpresa sektorean bakarra dela dio hirukoteak. «Europan estiloko hiru enpresa bakarrik topatu ditugu. Bata Erresuma Batuan, bestea Italian, eta hirugarrena Herbehereetan. Baina azken hau jada itxita dago», dio Mendiolak. Horren atzean, arrazoi ezberdinak ikusten dituzte: «Batzuetan jasotze–sistemak huts egiten du, eta besteetan tasak. Merkeagoa da errefusa lurperatzea eta hor uztea, tratatzea baino».

Egun, Gipuzkoan, errefusa zaborren kontsortziora doa, eta zabortegietan usteltzen uzten dute. «Espero dugu hemendik aurrera errefusa Birzitek enpresara eramatea, eta bigarren bizitza bat ematea», diote. Uda hasieran baieztatu zieten Etxeberriari, Aldasorori eta Mendiolari beraien ikerketa gorpuztu eta proiektuak aurrera jarraituko duela. «Guk gure lana egin dugu: birziklapen prozesuaren ostean lortutako lehengaiak erosiko dituzten bezeroak zehaztu ditugu. Horiek egingo dute errentagarri prozesua. Orain Birzitek enpresaren ardura da ikerketa gauzatzea».

Eskertzen dute proiektuari jarraipena ematea, eta harro agertu dira. «Gure arazo handienetako bat denbora izan da. Ez dugu behar beste denbora izan birziklatze prozesuaren ostean lortutako lehengaiak zehatz– mehatz ezagutzeko. Esku artean ditugun materialak gehiago ezagutuko bagenitu,  bezeroak hobeto zehaztuko genituzke eta salmenta errezagoa litzateke». Birizitek material xurgatzaileak birziklatzen dituen enpresa bakarra da inguruetan, baina proektuak bidea egiten badu, etorkizunean gehiago izateko aukera zabalik dagoela argi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>