Koban musika taldea: gaueko izaki bihurriak

Koban musika taldea osatzen duten zazpikotea; eskuinetik lehenengoa da Maddi Gerriko.

Koban musika taldea osatzen duten zazpikotea; eskuinetik lehenengoa da Maddi Gerriko.

Koban musika taldeko koristetako bat da Maddi Gerriko (Segura, 1990). 2016an hasi zuen bidea Kobanek; segurarra beranduxeago sartu zen taldean, udalekuetako lagun bati esker. «Onintza [Rojas], trikitilaria eta abeslaria, udalekuetan nirekin egon zen. Behin Seguran elkartu ginen udalekuetako bazkari batean eta orduan esan zidan kantu batzuk egiten ari zela lagun batekin. Grabazio batzuk erakutsi zizkidan. Asko gustatu zitzaidan eta entsegura joateko esan zidan. Korista bat bazegoen ordurako baina bakarren bat gehiago ere nahiago zutela.  Entsegura joan, gustatu, ondo moldatu ginen eta astero joaten hasi nintzen egun batetik bestera».

Zazpi lagunek osatzen dute taldea: bost neskek eta bi mutilek. «Ez gara joan neska taldea sortzera. Naturalki horrela sortu zen. Tamalez, oraindik ere arreta deitzen duen zerbait da. Orduan konturatu gara, agian paper garrantzitsua izan dezakegula. Batez ere letretan nabaritzen da emakumeak garela gehiengoa», azpimarratu du Gerrikok.

Iluna, modernoa, freskoa

«Iluna, baino aldi berean, modernoa eta freskoa» bezala definitu du Gerrikok Koban musika taldea. «Gaua gustatzen zaigu. Saguzaharra jartzen dugu eskenatokian, izenak ere kobazuloa esan nahi du… Gaueko izaki bihurriak gara».

Maddi_Gerriko«Ez gara joan neska taldea sortzera. Tamalez, oraindik arreta deitzen duen zerbait da»
Maddi Gerriko,
Koban taldea

Elektroswing estiloko musika egiten dute, «elektronikaren eta swing-aren uztarketa». Dena den, taldekide berriak sartu ahala musika estilo berezia garatu dute: «Kantu zaharrenak, akustikoagoak dira, gitarra batekin eta trikitixa batekin hasi zirelako. Gero Joseba [Salbide] etorri zen, oinarri elektronikoa sartzen diona eta horrekin hasi zen kutsu elektronikoa hartzen». Dena den, kantu berriak «desberdin» egin zituzten, «justu alderantziz: melodiak egiten gitarrarekin hasi ordez, Josebak ekartzen zigun base elektroniko bat eta horren gainean joan gara egiten. Abesti berriak elektronikoagoak dira, elektroswingoak. Baina denetik dago, gu ere ikasten ari gara». Lehenengo diskoa, Koban izeneko diskoa kaleratua dute dagoeneko, Ander Barriusok grabatuta.

Udan gelditu gabe

Udan gelditu gabe ariko dira herriz herri kontzertuak eskaintzen: «Astebururo daukagu kontzerturen bat; batzuetan bi, eta hiruko bat ere badugu. Txosnetan ariko gara batez ere, herri txikietan eta hiriburuetan. Denetik». Urrian, Ordiziarrock jaialdian joko dute.

Bolada onean daude, eta kantu berriak egiteko gogoz.  «Festa guztietan nahi gaituzte. Nik uste dut, jendeak zerbait diferentea eskertzen duela. Euskaraz da, eta betikotik ateratzeko gu ekartzeko aprobetxatzen dute. Dantzagarria da oso».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>