Erromeria hartuko du gurutzeak

Gorostiagako_gurutzeaGorostiagako Gurutzean erromeria egingo dute Agorreko Santikutzetan.  Igandearekin izango da festa.

Gorostiaga mendiko gurutzearen historiari buruzko dokumentazioa ugaria da, Agorreko Santikutzekin batera han egiten den erromeriaren gaineko dokumenturik ez dago, ordea. Pentsatu baino sarriago gertatu ohi da usadioetan ongi asko errotutako ekintzen nondik norakoa ez duela inork jasotzen, hain dira ohikoak oharkabean pasatzen direla historia orrien lerro artetik.

Erromeria, gutxienez, Agorreko Santikutzak ospatzen direnetik egiten da Korostin; Gorostiaga baino Korosti da legazpiarrentzat. Aurtengoan etziko erromeriaren egitaraua beti-betikoa da: 10:30ean hamarretakoa, 11:00etan meza eta 11:45etik aurrera erromeria Goiz Deiako txistulariekin.

Gurutzearen historiak badu zer kontatua, parajeak berak ere bai. Ezin esan mendi gaina eder-ederra denik, antena batek zatartzen du ingurua eta antenaren zein gurutzearen artean porlanezko aldare bat dago; han ospatuko dute etzi meza.

Leon XIII.a Aita Santuak agindu zuen XX. mendeari ongi etorria egingo ziotela mendi tontorrak gurutzeekin janzten; tartean, Legazpiko Gorostiagako gurutzea. 1901ean hasi ziren eraikitzen, hasi eta buka.

Berezitasun gisa gurutzearen neurria aipa daiteke, Jesukristo hil zutenean zuen adina oinarri, 33 zenbakia agertzen baita neurrietan; adibidez, altueran. 1949an gurutzea zaharberritu zuten eta harria jatorrizkoa bada ere, goiko aldeko burdina aldatu zuten.

Historiaurreko tumuluak

Korostitik Arrolamendira egiteko aukera dago Deskargako mendateko norabidean. Arrolamendi izenarekin ezagutzen diren historiaurreko tumuluak aurki daitezke bertan, baita legazpiarrek Jentiletxe izenarekin ezagutzen duten beste bat ere. Arrolamenditik Lakiolara jo daiteke Deskargako bidea jarraituta, orain pinuak dauden tokian lehen txilardia zegoela idatzi zuen Felix Ibargutxi kazetari legazpiarrak, eta garai haietan artaldeek uda igarotzeko tokia zela ere azaldu zuen. Beherago dago Legazpiko Ikastolako gurasoek eraikitako Kimu Berri aterpea; bertan igandeetan salda eta mokadutxoa eskaintzen diete mendizaleei.

Etzi, beharbada, legazpiar askok mendi buelta hori egingo dute erromeriara bidean edo handik bueltan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>