Artisau azokez harago

Anne_Kathrin_Grager_Zegama

Zegamako baserri batean bizi diren Anne-Kathrin Grager eta Heike Hoesterey alemaniarrak etxean eginiko produktuez gain, langintza bide berriak irekitzen ari dira. Bertan gauzatzen dituzte egurrezko kaiku, xaboi natural eta usain desberdineko lurrunak. Etxeko produktuak izanik, artisau azokak dira Euskal Herrian bizimodua aurkitu duten bikote honen topalekuak.

Sunbillan ikasi zuten egurrezko kaikuak egiten, 1993an. Prozesua ikasi eta menderatu ondoren Zegamara etorri eta bertan hasi zuten artisau ibilbidea. Anne-Kathrin Gragerrek dio ordutik izan duela gustuko kaikuak eskuz egitea, baina ezin dela hori bakarrik izan ogibide: «Estetikoki kaikuak politak izan arren, ez zaio erabilerarik ematen gaur egun».

Kaikuen salmentek behera egin ahala ikusi zuten produktu berriak merkaturatzeko beharra alemaniarrek. Bide berrien bila hasi ziren, Heike Hoestereyren sendabelarren zaletasuna eta Anne-Kathrin beraren analista senak baliatuz. Proba  desberdinak egin ondoren lortu zutela xaboien alorra menderatzea nabarmendu du Gragerrek, «garapen prozesu batbezala hartuz».

Aldaketa ugariko urteak izan direla aitortu du Anne-Kathrinek, baina bizitza aurre joan ahala konformatzeak ere ez duela balio dio.
Goi mailako materialak erabiliz «bezeroak asebetetzeko» moduko produktu bat eskaintzea dute helburu. Euskal Herriko artisau azoketan aurki daitezken arren, «bide desberdinak» jarri dituztela martxan dio  alemaniarrak. Aurrez deituta Zegamara bertaratzeko aukera mahai gainean badute ere, on-line saltzeko bidea ireki dute orain gutxi.

Enpresaren sorrera

Decoracion con corazon salmentak areagotzeko sorturiko enpresa da. Gisa honetako proiektu bat zabaltzeko modua  da alemaniarrentzat, beste helburu batzuk gauzatzeko aukera.

Orain arteko produktuekin eta Gabonetarako aurrikusitako berrikuntzekin, nahikoa dutela dio. Bi hilabete besterik ez dira igaro enpresa hori sortu zutenetik, eta lehenik eta behin hori egonkortzea dute buruan.

Helduleku bezala artisautza hartuta «pausu bat aurrera» eman nahi izan dute. Kaiku, xaboi eta lurrunez gain, etxeko argiztapenerako produktuak merkaturatzen hasi dira. Alde batetik, eskuz eginiko beirazko ontziak egiteari ekin diote. Bestetik, ordea, beraiek diseinaturiko irudiak dituzten kandeladun zaldiko-maldikoak –karruselak– Alemaniatik ekartzen hasi dira.

Kandeladun karrusela

Urte hasieran otu zitzaien Anne-Kathrin Gragerri eta Heike Hoestereyri xaboien munduarekin produktu berriak uztartzea. Bide berrien bila hasi ziren eta alemaniar enpresa batekin jarri ziren kontaktuan: «Erronka berriak behar eta nahi genituen, eta  beraz, aukera berriak aztertzen hasi ginen».

Enpresa alemaniarrak beirazko lanpara eta karruselak egiten zituela ikusita, ideia ona iruditu zitzaien Gabonetako opariekin lotura zuen zerbait garatzea. Euskal Herriko irudiak erabiltzeko asmoa adierazi zietenean, baiezkoa jaso, eta elkarrekin lanean hasi ziren. Behin produktu berriak prest izanda, Madrilgo azoka baten berri izan zuten, eta inolako aurreikuspenik gabe izena eman zuten hango lehiaketan.

Hogei urtez artisautzan aritu arren, «mundu berri bat» zabaldu zaie, eta Alemaniako enpresaren babesa «ezinbestekoa» izan dute Madrilera joateko. Donostiako Aste Nagusian jaso zuen azokako antolatzaileen deia saria irabazi zutela esanez, eta une hura «polita eta emozioz betea» gogoratzen du.

Jasoko duten saria ikasteko erabiliko dutela aurreratu du, ez dituztela albo batera utziko xaboi eta lurrunak saltzeko Euskal Herrian egiten dituzten artisau azokak. Hala ere, labetik atera berri direnak zabaltzeko ere badituzte ideiak: «Posible den heinean, karrusel eta beirazko ontziekin beste postu bat irekitzea ez dugu alboratzen. Baina bien bitartean on-line bidezko salmentak areagotzea gustatuko litzaiguke».

Euskal Herrian produktu horiek bultzatzea ere bada bi alemaniarren erronka. Beraiek oso gustuko dituztela aitortu  du argiztapenarekin zerikusia duten gailuak, eta horiek merkaturatzeko bide egokia iruditu zaie euskal irudiekin lotzea. Gabonetarako, besteak beste, Olentzeroren eta Mari Domingiren irudiekin eginiko karruselak sortzea dute buruan.

Gabonetako opari onenaren saria jasoko dute Madrilgo azoka batean

alemanak-zegamaGaur, hilak 14, jasoko dute Anne Kathrin Gragerrek eta Heike Hoestereyk Madrilen Gabonetako opari onenaren saria. Intergift azoka urtean bitan ospatzen da, eta horietako bat irailaren 12tik 16ra bitartean da. Bertako sarituen artean da bonbilarekin ere erabil daitekeen kandeladun karrusel edo zaldiko maldikoa.

Hainbat sari banatzen dituzte Madrilen, baina Zegaman sustraiak dituen produktua bere diseinu, berritasun, kalitate eta aurkezpenagatik izan da hautatua. Irudi desberdinak ikusteko aukera ematen du karruselak, baina bi alemaniarrek beren ukitua eman nahi diete euskal kulturarekin lotura duten formekin.

Azokan saria jasotzeaz gain, Madrilen ate berriak irekitzeko aukera dute, Gragerrek dioenez. Gainontzekoen produktuak ikusteko tartea hartuko dute eta bertan direnen prozesu eta ideiez ikasteaz gain, publiko berri bat ezagutzeko aukera ere izango dute.

Gabonetako opari onenaren saria jasotzeaz gain, beste mundu batean murgildu direla dio alemaniarrak. Zegamatik Madrilerako jauzia eginda, gauza ugari aldatzen ari zaizkie. Inguruko postuen  produktuak ezagutu, hedabide desberdinak inguruan izan eta gehienbat jendarte berri baten aurrean egoteak urduritasun sentsazioa ekarri diola nabarmendu du. Jendaurreko bizimodua bihurtu dena gainditzeko gustuko lana egitea ezinbestekoa da haren ustez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>