Etxekoen eta ondarearen oroimenean

ARTAZORROZ_EGINIKO_ALFONBRBeste urtebetez, eta dagoeneko badira zortzi, Lazkaoko Enparandegi baserrikoek ekarpen etnografiko aipagarria egingo dute, irailaren 23an ospatuko den VIII. Basherri Egunean. Juan Joxe Garin zenak —otsailaren 10ean hil zen, 64 urterekin— hasitako bideari Mari Karmen Garin arrebak jarraitu dio. Artazorrozko alfonbrak ehundu ditu, anaia zena gogoan.

Baserriko langintzak, tresnak, ohiturak eta bizimodua berreskuratzen lan erraldoia egin zuen Juan Joxe Garinek, eta galera handia izan da. Baina etenik ez du izango. «Zazpi urte daramagu Basherri eguneko ferian ateratzen. Urtero joaten zen anaia, eta nik segitu egin nahi izan dut. Ez dakit noiz arte, ez baita erraza urtero gauza bat berria ateratzen. Jendeak ez du apreziatzen, baina asko kostatzen da».

Maquetación 1Igandeko ferian bi berritasun aurkeztuko ditu Mari Karmen Garinek: artazorroz egindako alfonbrak, eta pagotxa deritzon landarea. Artaburua estaltzen duten hostoak edo orriak dira artazorroak.

Ia-ia desagertuta zegoen artazorroz alfonbrak eta hormako tapizak egiteko teknika. Arto-orri lehorrak kiribildu, korda luzatu, eta bueltan-bueltan nahi adinako zabaleroan josiz, lurrerako alfonbrak egiteko teknika eta langintza zaharra da. Paretan apaingarri gisa jartzeko tapizak ere ondu ditu, konposizio eta forma askotakoak.

Igartubeitin ikasia

Andres Garin aita zenak egiten zituen artazorroz alfonbrak, Enparandegin. «Udazkenean jasotzen zituen artazorroak, eta neguan haiek txirikordatzen eta josten aritzen zen. Horrela, urtero alfonbra berriak izaten genituen baserrian».

Ezkaratzean jarrita, oinetakoetan ekarritako hautsak edo lurrak kentzeko balio du. «Baina oinutsik gainean ibilita, odol zirkulaziorako eta kailuentzako ere oso ona dela esaten dute».

Aitari ikusten zion lan hura berreskuratzeko irrika piztu zitzaion Garini. Bere kabuz saiatu zen txirikordatzen, baina ezin asmatu nahi bezain ondo egiten. Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan artazorroa lantzeko ikastaro batean ikasi zuen, azkenean, iaz. «Lola Altolagirrek erakutsi zigun Euskal Herrian urtetan erabili zen teknika zahar bat. Alfonbrak egiten ez ezik, belarritakoak eta eskumuturrekoak egiten ere erakutsi zigun». Oso jende gutxik daki, gaur egun, teknika hori.

Ikastaroan ikasitakoa eta aitarengandik jasotakoa «elkartu» nahi ditu Garinek azokan, «gure ondarearen parte den teknika zahar eta eder hau Lazkaoko herriari erakusteko». Altolagirre harritu egin zen jakitean, Enparandegin bezala, lan hori gizonezkoak egiten zuela.

ARTAZORROZ_EGINIKO_ALFONBR(2)Etxeko artasorotik

Baserriari loturiko guztia maite dute Garindarrek, eta zaintzen, gal ez dadin eusten eta berreskuratzen lan aipagarria egin dute. Artazorroen teknika ere, beste ofizio asko bezala, sorotik hasten da. Etxeko soroan hiru edo lau arto mota ereiten dituzte, «kontserbatzeagatik». Baten artazorroarekin edo bestearenarekin egin, alfonbra desberdintxeagoa ateratzen da: arrosaxeagoa bat, zuriagoa bestea… «Batzuetan, apropos jarri ditut bi artazorro desberdin». Hiru tapiz konbinazio osatu ditu feriarako, sormen handiz. Alfonbrak, gehiago.

«Hauxe erakutsiko dugu ferian. Nik uste dut merezi duela, garai batean egiten zutena erakusteko eta jakiteko». Beste behin ere, lezioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>