Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Joxepa, aurtengo Alardeak utzitako irudiak burutik kendu ezinik nabilen oraindik… Dagoeneko, gauza ulertezin dezente pasatzen ari ditun. Lehengo irailaren zortzikoa, aspaldi ez bezala, langa guztien gainekoa izan huen bertako lekukoen ahotik jakin dugunez. Hauen arabera, azken urteetako ibilbide bortitzena gertatu omen huen Jaizkibel konpainiarentzat. Konpainia hau borrokan ari dun gizonak eta emakumeak batuko dituen Alarde parekidea aldarrikatzeko. Azken batean, emakumeak eskubide guztien jabe direla uste dutenez, hala nahi duten emakumeek bertan parte hartzeko aukera izan behar dutela esaten diten.

Kale Nagusian pasatzen ari zirela, parean, plastiko beltz handi baten atzetik, beste emakume batzuk (are deigarriagoa: tartean gazte asko!) oihuka, irain larriak eginez eta uneren batean kolpeka ere hartu ditizten tentsio une larriak biziaraziz. Baita lanean zebiltzan hainbat kazetariri oldartuz eta irainduz ere. Baina, nork elikatu din piztia eta nork eman zion hauspoa berriro alarde parekidearen aurka neurri horretan oldartzeko? Erakundeak non zeuden? Nor atera dun gaitzespen adierazpenak egitera gertaera tamalgarri hauen aurrean? Orain diskrezioz lan egiteko unea iritsi dun, agidanez. Jaizkibelek erakunde hauen urte askotako utzikeria salatu din, konponbide bila esertzeko prest agertzearekin batera. Orain hoa, Usarralde-Madariagahi zuen alabarengana eta ni geurearengana, eta azaldu diezaiegun gizarte parekideago bat lortzetik gertuago gaudela, nola?

Joxepa Madariaga

Tristea, benetan, Inaxio!, plastiko beltza jarri parapeto moduan, eta jendea, emakumeak!, emakume gazteak!, tradizioa, «beti egin izan dena, beti egin izan den bezala» mantendu nahian, oihuka, borrokatzen, defendatzen ikustea.

Duela 400-500 urte, emakumeak sorginak hituen, emagalduak, madarikatuak, gaiztoak, bekatariak… eta suan erretzen zitiztean. Duela 80 urte, gerra garaian, emakume errepublikazaleak ilea moztu eta burusoilduta, biluzik, kalera atera eta jipoitu egiten zitiztean. Gaur egun, Hondarribia eta Irungo «Betiko Alardearen» defendatzaileen erasoez gain, senarrek, ustez maitale dituztenek, jipoitu eta akabatu egiten ditiztek emakume asko eta asko. Lehen eta orain, emakumeak, emakume gazteak, itsu-itsuan, tradizioa defendatzen, betiko rolak mantendu nahian. Tradizio zaharkituan gizonentzat izendatutakoak gizonentzat eta emakumeentzat izendatuak emakumeentzat.

Tradizioa… gaizki egina badago ere, injustua bada ere, mantendu egin behar dela uste badugu, horrelaxe ibiliko gaituk. Konturatzen ote dituk, ordea, eskola hori jarraituz, guztiz lekuz kanpo zeudela plastiko beltzaren atzean haserre, oldarkor, gerrarako prest zeuden emakumeak? Tradizioaren arabera, kalea eta festa ez hituen eta ez dituk beraientzat.

Gure alabei zer eta nola esan? Hasteko, esan beharko zieagu, tradizioa ona dela, justua baldin bada. Errespetua oinarri ez duen tradiziorik ez dezatela defendatu. Ahaldundu, parekidetasuna lortu, errespetuan bizi… betaurreko feministekin begiratu beharko luketela bizitza. Horixe ikasi eta irakatsi beharreko ikasgaia/irakasgaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>