«Urak beldurra ematen dit, baina lehorrean, nahi duzun guztia»

Xabier_Zaldua

Xabier Zaldua (Zumarraga, 1978) Gailurra Xtreme telebista saioan ikus dezakegu ostegunero, eta hilaren 29an, Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartuko du. Herri kirolak eta baserria bere pasioa dira.

Denetik egiten ikusi zaitugu: aizkoran, korrikan, txapelketetan, apustuetan, orain ‘Gailurra Xtreme’ eta pentatloia… Ez zara geldirik egotekoa.
Urik tartean ez dagoen bitartean… Ura tartean egongo balitz, atzera egingo nuke. Ondo igeri egiten dakitenek inbidia ematen didate, baina dagoeneko ikasteko berandu dela uste dut. Urak beldurra ematen dit. Lehorrean, berriz, nahi duzun guztia.

Nolatan suertatu zen ‘Gailurra Xtreme’ saioan parte hartzeko aukera?
Ibon Gaztañazpik deitu zidan. Ezaguna dut, herri kirol saioetan lan egiten baitu. Animatuko nintzela esan nion. Izan ere, iaz saio guztiak ikusi nituen, Arria V.a han zegoen, eta inbidia pixka bat eman zidan.

Mendizalea al zara?
Mendian jaiotakoa naiz eta txiki-txikitatik mendi lanetan aritu naiz: belar, pinu, garo, aizkora, sega… Hori bai, sekula halako mendi altu batera joan gabea nintzen. Ordura arte igotako altuena Aizkorri zen eta entrenamenduak Belokin eta Izazpin egiten ditut.

Esperientzia gogorra izan al da?
Bai. Izan ere, negua gogorra izan zen. Ibilbidea diseinatu zutenek ez zuten espero hainbeste elur egongo zenik. Baldintza gogorrak izan ziren, baina esperientzia polita izan zen. Hori bai, joateko eguna hurbiltzen zihoan heinean, damutzen hasi nintzen. Emazteak eraman ninduen Aritzetara autobusa hartzera eta «orain deituko balidate, ez nintzateke joango» esan nion. Hasi aurreko gauean buruari buelta asko eman nizkion. Izan ere, ez nago etxetik kanpo lo egitera ohituta. Oporretara joatea ere kosta egiten zait, baina familiarekin joaten naiz. Oraingoan bakarrik joan naiz eta horrek urduritu egin ninduen. Hasi ginenean zentratu egin nintzen eta oso esperientzia polita izan zen. Nire burua ezagutzeko, aproposa. Harrituta gelditu nintzen, egunetik egunera hobera egin bainuen fisikoki. Hori bai, une gogorrenetan, nire ingurunetik kanpo egotea latza egin zitzaidan.

Itzuliko al zinateke?
Itzuli nintzenean, nire ingurunea faltan sumatzen nuelako gehiago gozatu ez izanak amorrua eman zidan. Berriro joango nintzateke. Hobeto eramango nukeela uste dut.

Xabier_Zaldua(2)«Nire ingurunea faltan nuelako gehiago gozatu ez izanak amorrua eman zidan»

«Nire datuen arabera, pentatloi txapelketa irabaztea ez da ezinezkoa»

«Nire ametsa egunen batean aizkolari txapelketako finala jokatzea da»

«Amak esnea saltzen zuen eta astoaren gainean eramaten ninduen eskolara»

Bestalde, hilaren 29an Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartuko duzu.
Duela 28 urte antolatu zen azkeneko aldiz. Aizkolari eta harri-jasotzaileek aspalditik genuen buruan. Emazteak ere pentatloia egin beharra genuela esaten zidan. Arria V.ak mugitu du hau batez ere. Badaki saltsa zalea naizela eta deitu egin zidan. Hasieran jendea ez zen animatu eta berriro biok bakarrik aritzea ez zen itxurosoa. Azkenean, zortzi bat lagun elkartu ginen. Probatzen hasi ginen eta nahiko itxura ona hartu zuen. Duela lau hilabete hasi ginen prestatzen eta ikuskizun polita eskaintzea espero dugu.

Zeintzuk dira egin beharreko bost probak?
100 kiloko bola 25 aldiz jaso, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, hiru kana-erdiko ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza egin eta hiru kilometro korrika.

Ez da broma.
Ez, ez… Azken txapelketan Olasagastik, Arrospidek, Arriak, Zelaik… parte hartu zuten. Haien denborak ikusita erraza dela dirudi, baina probak egin ditugu eta ez da lan erraza. Aizkolari batek harriak jasotzeko zailtasunak ditu eta alderantziz. Aurtengo helburua diziplina hau berreskuratzea da. Aurreko aroan bospasei urtetan egin zen eta marka txarrenak lehen urteetakoak dira. Ondoren, jendea egokitu egin zen.

Nortzuk dira zuen aurreko txapeldunak?
Errekorra Olasagastik du. Arria II.ak eta Arrospidek ere irabazi zuten.

Zein da zure helburua pentatloi txapelketan?
Irabaztera noa. Entrenamenduetan lortu ditudan emaitzen arabera, irabaztea ez da ezinezkoa.

Uda hau prestatzen joan al zaizu?
Iazko urtea nola joan zen ikusita eta udaberrian gaixo egon nintzenez, nire helburu bakarra lehen mailari eustea zen. Gero hau suertatu zen. Biak batera prestatu behar izan ditut, bi probak irailean baitira. Lehen mailako aizkolari txapelketako kanporaketa igandean jokatu nuen eta maila galdu dut. Egun txarra izan nuen. Nire helburua datorren urtean maila berreskuratzea da.

Aizkora indarra hartzen ari dela dirudi.
Ez dago unerik txarrenean. Luis Mari Bengoak Urrezko Aizkoran egiten duen lana oso garrantzitsua da, gazteei aukera emateko. Pentatloia eta halako gauza berriak egitea ere garrantzitsua da. Ezin dugu jendea aspertu. Gauza berriak sortu behar dira. Jendeari kirol ezberdinak nahastea gustatzen zaio. Bestalde, Iker Vicentek Arriaren aurka lan handia egin zuen. Aizkora apustuek jendea erakartzen dute oraindik.

Etxetik ateratzea kosta egiten zaizula esan duzu lehen. Zer da zuretzat baserria?
Mendian jaio nintzen. Kalean denbora asko pasa dut, parrandak egin ditut eta gustura ibili naiz, baina kalera joaten naizenean gora itzultzeko beharra sentitzen dut. Nire bizitza hau da: baserria, ganadua, egurra moztu…

Aita ez zenuen ezagutu, baina norbaitek lanaren garrantzia irakatsi zizun.
Amak lan asko egin behar izan du ni aurrera ateratzeko. Esnea saltzen zuen. Astoarekin jaisten zen herrira. Astoaren gainean eramaten ninduen eskolara. Gainera, aitona-amonak zaindu zituen. Nik hori guztia ikusi nuen eta lanak ez dit beldurrik ematen. Baserriko lana gustuko dut.

Aita ezagutu ez izana gogorra al da?
Lau hilabete nituen galdu nuenean. Ezagutu ez nuenez, ez dut falta sumatu. Bere antza dudala esaten dute eta hemen egongo balitz elkarrekin zer egingo genukeen sarritan pentsatu dut. Nire bizitza erabat ezberdina izango litzateke. Anaia edo arreba baten falta ere sumatzen dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>