Eneritz Gorrotxategi eta Ion Muñoa

Eneritz Gorrotxategi

Ohi baino beranduxeago, baina sartu gara udazkenean, izan ere ez ohikoa omen hilaren 23an urtaroz aldatzea. Baina jada hasita gaude udazken kutsua hartzen: hostoak lehortzen eta erortzen, eguna laburtzen… Eguraldiak aldiz, azken aldian badirudi uda kutsua eskaini nahi izan digula, ezta?

Sarritan entzun dugu eguraldia aldrebesten ari zaigula, baina ez dakit eguraldia baino zertxobait gehiago ez ote den aldatzen ari. Euskal Herri berde honetan, pinua da nagusi, baina azken egunotan ongi entzun dugun eran, gaixorik dago. Hostoak ziztu bizian gorritzen ari zaizkio, zuhaitza kaltetuz. Sektoreko profesional eta adituak ari omen dira konponketa bila, baina bitartean hasi ere hasi dira pinudien jabeak pinudiak botatzen. Gaixotasunaren larritasuna adituek jakingo dute norainokoa den, zer eragin izango dituen gerora, baina gure paisaia aldatzeko arriskua, ez al du pinudiak botatzeak berak eragingo? Fumigatzen hasiko ote diren ere entzun dut, baina pinudia sendatze bidean jartzean, ez al dira gainerako landare eta animaliak gaixotzeko arriskuan izango? Eta gu? Pinudia botatakoan zer egingo dute, azkar hazten den espezieren bat landatu? Edo bertako espezieekin basoak hornitu? Gorrotxategi-MunoaZaila da denen gustuko irtenbidea topatzea, baina ea bada behintzat ingurumenari ahalik eta kalte txikiena eginez moldatzeko bidea egiten den.

Ion Muñoa

Udako bero-lehorrak, mendi-zelai parajeak gorritu ez ezik, badirudi pinudien gorritasuna ere bistarazi duela udazken atari honetan; bai behintzat baserritar eta pinuzaleen elkarrizketa eremuetatik harago. Komunikabideetara, sare sozialetako hizpideetara eta eztabaida politikora ere salto egin du gaiak. Eta beste behin ere, gure basoei lotutako arazo konplexu hau eztabaida publikora sinplekeria handiegiz ez ote den iritsi, beldur naiz.

Sarriegi entzun/irakurri ditut dikotomia absolutuetan (nire ustez faltsuetan) oinarritutako posizioak: pinuak vs. bertako zuhaitzak, lur-jabetza pribatua vs. publikoa, ustiaketa intentsiboa vs. biodibertsitate oparoa, interes ekonomikoa vs. interes naturala, ustiaketa vs. kontserbazionismoa… Errealitatea sinplifikatzeko gizakiok dugun ohiko joera nabarmena da gai honetan ere, eta horri euskaldunok posizioak muturretara eraman eta eztabaidak politizatzeko dugun joera gehitzen badiogu, hazi politak ereingo ditugu lehen ere nahiko gorri dagoen eztabaida publikoaren soroan.

Ez naiz ni nor inori gai honetaz ez jarduteko esateko; eta are gutxiago defendatuko dut adituek edo inplikatuek bakarrik hitz egin behar dutenik. Baina gutxienez, informazio eta ezagutza pixka batekin aritzea ezinbestekoa dela uste dut. Gutxiengo batzuk, aizue! Adibidez, gure basoak mendeetan zehar ustiaketa ekonomikoari begira garatu eta osatu direla (ontzigintza, burdinolak, etab.), pagoak eta haritzak ere ez direla hain berezko euskaldunak, hainbeste maite ditugun baserri askok zutik pinudiei esker iraun dutela, etab. Ez da preziso denok bat-batean baso kudeaketan adituak izatea, baina bai gutxienez, zertaz ari garen jakitea. Ez dezagun fumigatu eztabaidaren basoa, gaitza beste bat baita.

(Eta bide batez, udazkena izaki, onddo leku bikainak intsinis pinudietan ere aurki daitezkeela ba al zenekiten?).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>