Zinema eta krispetak

Antxiñe MendizabalZineman krispetak jateko ohitura Estatu Batuetatik dator. 1929-33 urteetan jarri zen indarrean Depresio Handiaren urteetan, hamahiru milioi estatubatuar langabezian geratu eta beren egoeraren larritik ihes egiteko ihesbide moduan jende xehearentzat zinema aretoak irekitzea erabaki zutenean. Aldi bertsuan iritsi ziren film soinudunak, horrexek ahalbideratu zuen irakurtzen ez zekiten gizon-emakumeek ere eragozpenik gabe filma ulertzea.

Orduantxe bete ziren krispetez aretoak; merkeak izanik, zinemaren magiari, urdailaren plazera gehitzeak jende dohakabea zoriontsu egiteko intentzioarekin. Julia Braden izeneko emakume batena izan zen ideia. Krispeten aroaren aurretik, zinema eta antzerki aretoetan jende dirudunak besterik sarbidea ez zuen garaian, emanaldietan ezer jatea guztiz debekatuta zegoen, aretoen dotoretasuna eta garbitasuna mantentze aldera.

Horrenbestean, irakurri berri dudan albiste baten arabera, aurtengo urtarriletik aurrera zinema aretoetan krispetak jatea galaraziko zuen lege-proiektu bat onartu zen. Espainiako Zinemagile Elkartearen ekimena izan zen. Baina bistan da proiektuak ez duela aurrera egin. Ziur aski, gai garrantzitsuagoak izango zituzten esku artean, edo krispeta saltzaile amerikarrek honezkero sortu dute Lobby-ren bat ekimena zapuzteko.

Bestalde, Estatu Batuetan gizentasuna estatu mailako arazo bihurtu denez, orain gutxi Sony Pictures-eko lehendakariak proposatu du aretoetan krispetak beharrean litxarreria osasungarriagoak eskaintzea. Ez dut uste litxarreria ekologikoak negozio lerro ona direnik.

Noski, zinema aretoak litxarreria janlekuak bihurtuta daudela banekien. Ez nekiena zen antzerkia edo ikuskizun musikalek ere soinu banda berbera zutenik. Udan Madrilera ospe handiko ikuskizun bat ikustera joan naizenean, jakin dut; por zierto, sarrera majo ordaindu ondoren. Sarreran jende ilarak mauka-mauka jaten ikusteak nahastu egin ninduen, baina areto barruan bertan, alde bana, bi salmahai litxarkeriak saltzen ikusteak erabat zapuztu ninduen. Esan gabe doa gainera, krispeta janaren ikuskizuna ez zela haurretara mugatzen, adin handikoek ere bapo egin arte jaten ikusi nituen.

Garai batean Zumarragako La Salleko zine emanaldietara joan aurretik, Urretxuko txurreratik edo Zumarragako Tinotik pasatzen ginela daukat gogoan, regaliz eta pasta batzuk erostera. Inoiz edo behin bokadiloarekin ere joan nintzen. Beti nengoen gosez. Bistan da: adinarekin, mokofinagoa bihurtu naiz. Horrek dagoeneko ez du erremediorik. Zinemaldira joatekoa naiz, halere. Espero dut krispeta hotsak zinemaren magia ez apurtzea. Badaezpada, pintxoren bat jango dut aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>