Aitor Calvillo eta Axier Iriondo

Aitor Calvillo

Zubiak batuz. Lelo honekin iritsi zaigula aurtengoan ere Kilometroak jaia! Geurea maratoia lelopean burutu genuen guk Ordizian orain 25 urte, eta bai, badirudi lasterketa luzea dela gurea. Ikastoletan gauzak dezente hobetu diren arren (azpiegiturak, ikasle kopurua, irakasleen egonkortasuna, soldatak, euskararen ezagutza datuak…), honelako jaiak antolatu beharraren premia sumatzen da oraindik guraso askoren hitz-aspertuetan.

Urriaren 7an dugu denok hitzordua Zumarraga eta Urretxu inguru horretan. Baina nik behintzat ia urtebete da Kilometroak bizi ditudala. Oker ez banago iazko azaroan jada errifa salmentan bazebiltzan Goierri garaiko boluntario batzuk eta harrezkero zenbatek eta zenbat lekutan eskaini dizkidaten berriro ere. Lehendik hartuta dauzkadala ez esateagatik, taka! «Salduiazu bat». Eta horrela kolekzioa, azkenean.

Tira, baina nola bizi izan dituzu zuk orain artean Kilometroak jaiak? Pentsatzen jarrita, bilakaera nabarmena sumatu dut nik neure ibilbidean zehar. Gogoan dut txikitan gurasoekin eta hauen lagunekin nola egiten genuen ibilbidea, gu ia korrika eta gurasoak gu ezin segituz. Jarraian ligometroak iritsi ziren. Ingurumarian neskatila lirain piloa, baina ohi bezala, nahi baina ezin! Zahatoarekin ere joanak gara koadrillan Bergara aldera; baina zahatoan, ardoa? Ez, kalimotxoa! Goierrin egindakoetan, aldiz, lan egitea. Eta orain, semea jaioz geroztik, harri ezin segika.

Calvillo-IriondoHonelako jaien baloreez ere hitz egin genezake, nahi baduzu! Kale edana, birziklapena, auzolana, erromeriak, kalejira… Zuk ikusi! Eta zubiak batuz, igandean elkar ikusiko dugulakoan, lehen tragoa nire kontu!

Axier Iriondo

Ederki! 12:00etan, bosgarren gunean, Komun-Onaken ezkerreko azken komunaren eta txosnaren artean elkartuko gara, bai? Han egongo naiz, e, benetan!

Kilometro batzuk pasatakoak bagara, bai. Oker ez banago, adinkideak gara eta, neu, Beasaingo lehenengo hartan izan nintzen, hiruzpalau urte nituela. Tarteka, gazteagoei kontatzen diet, guregaraianka hasten naizenean. Eta ez bakarrik askoz gazteagoei, urtebeteko gutxieneko tartea nahikoa izaten dut, adinak ustez eman bide omen ei dukeen itxurazko superioritateari brilloa ateratzeko.

Nolanahi ere, orri laurdentxo honetan, iraganaren karta jokatu beharrean, etorkizunaren fitxarekin egin nahiko nuke jolas. 2020tik aurrera orain arte ezagututako Kilometroak jaien eredua aldatu egingo omen da. Ez dakit ziur, zein gogoetatatik iritsi diren erabaki horretara, ezta zer duten buruan ere. Goiberri-ren ale osoa Kilometroei buruzkoa izango da, eta, baliteke, artikuluren batean gai hori gehiago argitzea. Nik, badaezpada, nire proposamenak utziko ditut orri barren honetan, norbaitek beteko balitu, etorkizunagokoei historian zeregin garrantzitsua izan nuela berrazpimarratzeko, eta inork beteko ez balitu, historian proposamen garrantzitsuak egin nituela, Garamond letraz, txukun idatzita uzteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>