«Ikuskizun batzordea oso parte hartzailea eta dinamikoa izan da, horregatik funtzionatu du»

Aritz_Elgarresta(1)Kilometroak 2018 prestatzen hasteko alaba nagusienaren mailako bilerara deitu, eta hara joan zen Aritz Elgarresta (Zumarraga, 1980) gurasoa. Ikuskizunak batzordea eratzea egokitu zitzaion maila horri eta batzorde buru bat bazegoen jada, bi behar ziren eta bestearen profila agertu zutenean Aritz Elgarresta deskribatu zuten nonbait. Izan ere, Urretxuko eta Zumarragako kultur taupadari lotutako pertsona izatea gomendatzen zuten eta Elgarresta Lurra dantza taldeko txistularia da eta urteak egin ditu Zumarragako Aintxiñako Ama txistulari taldean. Orduz geroztik, batzordekide, batzordeburu eta batzorde iraunkorrean aritu da buru-belarri.

Zertan lan egin duzue ikuskizun batzordean?
Izena esanda badirudi Kilometroak egunaren antolaketan datzala, eta igandekoa da egunik potoloena, zalantzarik gabe. Alabaina, urtean zehar ekitaldi ugari abiatu ditugu eta komunikazio batzordearekin batera gurea izan zen martxan jarri zen lehenengotarikoa.

Nondik hasi zineten?
Iazko ekainean batzordea eratu, eta urrian zein azaroan topera aritu ginen KMK18-ko aurkezpen ekitaldia antolatzen. Gure batzordean 30 bat guraso eta irakasle ibili gara. Egia esan, oso talde dinamikoa eta parte hartzailea osatu dugu eta, honek guztiak funtzionatu badu, taldearen ezaugarri horiengatik izan da.

Aurkezpena eta gero beste mugarri batzuk izan dituzue.
Abenduan eta urtarrilean urteko ekintzen plana zehaztu genuen eta lantaldea azpitaldetan banatu genuen.
Gero otsailean triatloiaren lehenengo txanpa izan zen, belaunaldi arteko lasterketa. Parte hartzeari dagokionez, gure aurreikuspen baikorrena ehun bikote inguruk parte hartuko zutela zen eta 300 bat bikote izan ziren! Gure autoestimurako sekulako txutea izan zen.

Handik aurrera geratu gabe.
Bideokliparen aurkezpena, Eñaut Elorrietaren kontzertua, bertso jaialdia, Mendimetroak, Kursaaleko ekitaldia Donostian, Zumarragako jaietako animazio ekintzak, Gure Zirkua, ziklometroak…
Horiek denak azpitaldeetan banatuta antolatu ditugu.

Badator eguna…
Bai, eguneko batzorde iraunkorrean ere lanean ari gara. Guneak hirutan banatu ditugu: Ikastola ingurua umeen gunea da, Zumarragako plaza euskal kulturarena eta kultur aniztasunarena eta Santa Barbara, gazteena.

Behin eguna pasata, zer utziko dizu honek guztiak?
Hasierako helburua ikastolako komunitatea sendotzea zen eta gurasoon eta irakasleon artean bestela sortuko ez zen harreman bat sortu da, zuzendaritzarekin, artezkaritza organoarekin… Lanean aritu garenon artean giro ona egon da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>