Atzegiren Goierriko familia

Irudian, Legazpiko batzordekideak kanpaina berria aurkezten. Legazpiko taldea 84 familik, 97 erabiltzaile-bazkidek, 150 kolaboratzailek eta 693 Atzegizalek osatzen dute; Beasaingoa, 106 familik, 119 erabiltzaile-bazkidek, 92 kolaboratzailek eta 610 Atzegizalek. m. luki

Irudian, Legazpiko batzordekideak kanpaina berria aurkezten. Legazpiko taldea 84 familik, 97 erabiltzaile-bazkidek, 150 kolaboratzailek eta 693 Atzegizalek osatzen dute; Beasaingoa, 106 familik, 119 erabiltzaile-bazkidek, 92 kolaboratzailek eta 610 Atzegizalek. m. luki

Atzegiko kide batek zera dio erakunde horrek abian jarri berri duen Gure txanda da sentsibilizazio kanpainaren bideoaren hasieran: «Boluntario izatea mundua ulertzeko modu bat da». Adimen urritasuna duten pertsonek pauso berri bat eman dute, eta orain arte gizartetik jaso dutena gizarteari itzuli nahi diote boluntariotzan oinarrituta. Pauso berria da hori ere Atzegik adimen urritasuna duten pertsonen integrazioaren alde egiten duen lanean, orain arte gizarteari eskean aritu ondoren, gizarteari eskaintzen hasi delako.

Aspaldikoa da Atzegi, adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea. Familia talde batek sortu zuen 1960an elkarri babesa emateko, eta bereziki, pertsona horien eskubideen alde egiteko. Kontuan izan behar da garai hartan, besteak beste, adimen urrikoek ikastetxeetan ikasteko aukerarik ez zutela, asko erdi ezkutatuta bizi zirela eta subnormal deitzen zitzaiela. Atzegi ere, Gipuzkoako Subnormalen Elkartea bezala sortu zen. Gauzak asko aldatu direla nabarmena da.

Bere sorreratik Atzegik ez du atsedenik izan, eta aurrerapausoak ematen joan da adimen urritasuna duten pertsonen integrazioan, besteak beste hezkuntza, etxebizitza, lana eta aisia arloko premiak betetzeko programa, ekintza eta aukera ugari eskainiz.

Pausoz pauso egindako bidea da, eta Goierrin ere arrasto sakonak utzi ditu. Bi ordezkaritza ditu Atzegik bertan, bata Beasainen, beheko herriak batuz,  eta bestea Legazpin, Goierri garaikoen buru. Bi eremu horietan aisia, lana eta etxebizitza alorreko hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Atzegik.

Eskola berezi haiek

Eskolaren alorra izan zen Goierrin Atzegik landu zuen lehena, Gipuzkoa osoan bezala. 1962an San Migel Patronatoa sortu zen Donostian, lehen eskola berezia. Ondorengo urteetan lurraldean barrena zabaldu ziren eskola gehiago, tartean Ordiziakoa (1965ean, 25 plazarekin) eta Legazpikoa (1968an, 30 plazarekin), Goierri osorako.

San Migel Patronatoko eskolak 1980an itxi ziren, eta harrez gero, eskola arruntetan integratuta egiten dute hezkuntza bidea adimen urritasuna dutenek, behar duten laguntzarekin.

Asia eta etxebizitza

Integrazio horren bidean, aisiaren lanketa ere etorri zen, eta horrela sortu ziren Txolarteak,  lehena 1971ean. 16 urtetik gorakoentzako aisialdi eta denbora libreko klubak dira eta asteburuetan ekintza desberdinak egiteko aukera eskaintzen dute, hala nola, paseoak, irteerak, festak edo zinema.

Txolarteek boluntarioen laguntzari esker funtzionatzen dute, eta laster dira ikasturte berria hasteko udako etenaldiaren ostean. Goierrin ere, nola ez , badira txolarteak, bi hain justu: Beasainen bat, Urretxun eta Legazpin beste bat.

Baina klub horietatik kanpo lantzen dira asia jarduera gehiago eta Atzegiri esker, astean zehar adimen urritasuna duten pertsonek zumba egiten dute, igeri egitera joaten dira edo liburutegietan irakurketa erraza lantzen duten taldeetan parte hartzen dute, beste gauza askoren artean.

Esan behar da, bestalde, pertsona horiek guztiak ez direla familiarekin bizi, batzuk bakarrik bizitzeko gai dira eta beste batzuk, konpartitutako etxebizitzetan bizi dira, bi kasuetan laguntza bereziarekin.

Etxebizitza programak etxe bana eskaintzen ditu Beasainen, Ordizian eta Legazpin, eta bakoitzean zortzi lagun bizi dira. Bizitza Independenterako Familia Laguntzari esker bakarrik bizi direnak, berriz, lau dira; Beasainen, Zumarragan, Ordizian eta Legazpin bizi dira.

Lan ere egiten dute

Gureak babestutako tailerrak ere ezagunak dira Goierrin, Ordiziakoa eta Legazpikoa. Bien artean, 220-bat langile ari dira lanean, eta horietako %83k desgaitasunen bat dute, batez ere adimen urritasuna.

1975ean sortu zuen Aztegik babestutako lehen tailerra, desgaitasuna zuten pertsonei lan aukera egonkorrak eskaintzeko eta gizarteari pertsona haiek lan egiteko gai zirela erakusteko. Goierrin ere hurrengo urteetan sortu ziren bi tailerrak, Ordizian 1982an –Itsasondora eraman zuten gero, eta berriz ere Ordiziara ekarri zuten 2002an– eta Legazpin garai bertsuan.

Bi tailer horien menpe, bestalde, eguneko zentroak edo Garaguneak daude bi herrietan, tailerreko lan erritmoari jarraitu ezin diotenentzako. Bestelako zereginak izaten dituzte Garaguneetakoek; eta Goierrikoen artean ezagunena, bi herrietako azoketan bidezko merkataritzako produktuen salmenta da.

Baina bada adimen urritasuna dutenei zuzendutako lanaren alorreko beste  programa bat. Pauso Berriak da, lan merkatu arruntari begirakoa.

Goierrin ere badu ezarpena Pauso Berriak programak, eta lantoki ezberdinetan diharduten partaideak oso aurpegi ezagunak bilakatu dira. Legazpin nork ez du ezagutzen udaletxean lanean ari den Ainhoa Zabala, edo Ordizian Segurako zaharren egoitzan lan egiten duen Fernando Carrillo?

Ez dira bakarrak, Goierrin 11 lagun ari dira lanean Pauso Berriak ekimenari esker: Beasainen sei: udaletxean, udal euskaltegian, kiroldegian, zaharren egoitzan, CAFen, Dolarea hotelean; Legazpin bat, udaletxean; Olaberrian bat , Forum dendan; Ordizian bat kiroldegian eta beste bat udaletxean; eta Seguran bat, zaharren egoitzan.

Ainhoa_ZabalaAinhoa Zabalarekin (Legazpi, 1986) Legazpiko Udal Liburutegian egin du GoiBerrik hitzordua. Liburutegian eta udaletxean lan egiten du goizero-goizero. Pauso Berriak elkarteko langile Xabier Alkezar ondoan izan du elkarrizketan, eta hark Zabala xaxatu egin du eta lasaitu ere bai. Zabala Pauso Berriak elkartearen bitartez Gureakeko tailerretatik kanpo lanean hasi zen lehenengotarikoa da; «aitzindaria», Alkezarren esanetan. Orain Pauso Berriak elkartera gehitzen direnei prestakuntza bat eskaintzen diete eta haien gaitasunak aztertzen dituzte erosoen eta gusturen egon daitezkeen tokiak zeintzuk diren antzemateko, «gustuko jantzia bilatzen diegula esaten dugu». Ainhoa Zabala hasi zenean ez zen halakorik. Alkezarrek sarri egiten dizkio bisitak Zabalari ondo dabilela segurtatzeko.

Noiztik ari zara lanean Legazpiko udaletxean?
Dagoeneko zortzi urte lanean hasi nintzenetik.

Zeintzuk dira zehazki egiten dituzun lanak?
Udal liburutegian hainbat lan egiten ditut egunero; hala nola postontzitik liburuak jaso, kanpora bidali behar diren aleak gutunazaletan sartu, liburutegiko oharrak bidaltzen ditut [mailegu epeak pasa direnean eta abar], egunkariak atera eta mahaian jartzen ditut, liburuen portadak eskaneatu eta editatu egiten ditut…

Gaztedi sailean aritzen zara baita ere.
Datozen gazteek egiten dituzten kontsultak digitalizatu eta Gazte Txokoan erabiltzen dituzten materialak jaso zein ordenatu egiten ditut.

Gizarte Zentrora zoazenean zer egiten duzu han?
Harrerako lanetan aritzen naiz, zer edo zer falta den ikusten dut eta falta bada berritu egiten dut. Datozenei ile-apaindegian eta abarretan txandak hartzen laguntzen diet.

«Ni bezalako pertsonei hasieran beldurra sentitzen dela esango nieke, baina saiatzeko»
«Oso gustura nago lanean. Niri asko gustatzen zait lana egitea. Ongi sentitzen naiz»

Goazen udaletxera. Zeintzuk dira han zure lanak?
Enkarguak egiten ditut; esate baterako, Kultur Etxera eraman behar diren paperak edo ekarri behar direnak nire kontua dira. Postari lanak egiten ditut eta postetxera joaten naiz udaletxerako gutunak eta beste ekartzera. Fotokopia gailuetan papera dagoela ziurtatu behar dut eta loreak ureztatzea ere nire ardura da. Papera birrintzea nire lana da, lehen ez zitzaidan gustatzen baina orain gustuko dut. Udal Euskaltegira hainbat joan-etorri egiten dut dokumentuak ekartzera eta eramatera. Bestelako enkarguak ere egiten ditut udaletxean. Ttipi Ttapan laguntzaile gisa joaten naiz eta Meazti etxera ere joaten naiz laguntzera.

Zein da zure ordutegia?
Goizeko bederatzietan hasten naiz eta eguerdiko ordu batean amaitzen dut. Gero arratsaldean Gureakeko tailerrera joaten naiz eta han bestelako lanak egiten ditut; adibidez, kableak analizatu eta ongi ez daudenak kaxa gorrira bota edota kableak produkzio lerro ezberdinetan jarri. Ostiral arratsaldeak libratu egiten ditut Gureaken.
Udaletxeko lana ez nuenean Gureaken bakarrik egiten nuen lan. Nekeza zen eta aspertu egiten nintzen.

Zein da gustukoen duzun lana?
Zalantzarik gabe ordenagailuan ibiltzea.

Nola gogoratzen duzu udaletxean lanean hasi zineko lehenengo eguna?
Oso urduri nengoen. Hasieran pertsona bat izan nuen niri laguntzeko. Gero nik bakarrik jarraitu nuen eta oso ongi moldatu naiz. Honezkero langile guztiak ezagutzen ditut.

Gustura zaude lanean.
Bai, oso gustura. Niri asko gustatzen zait lana egitea. Ongi sentitzen naiz.

Zer esango zenieke beste batzuei animatu daitezen?
Ni bezalako beste pertsonei esango nieke Pauso Berriaken saiatzeko; udaletxeetan edo beste esparru batzuetan. Hasieran beldurra sentitzen dela, baina merezi duela. Bestetik, enpresei eta erakundeei aukerak emateko eskaera egingo nieke; guk emateko asko daukagu eta.

Fernando_Carrillo(2)Fernando Carrillok (Ordizia, 1977) harrituta uzten ditu inguruko guztiak, datak gogoratzeko duen erraztasunarekin. Bere bizitzan garrantzitsuak izan diren datak ondo baino hobeto gordetzen ditu: Ordiziako Gureak lantokian edo Segurako egoitzan lanean hasi zenekoak, esate baterako. Pauso Berriak proiektuari esker, Segurako adinekoen egoitzan ari da azken urteotan. Pozik erantzun ditu Goiberri-k egindako galderak: «Egiten didaten bigarren elkarrizketa da».

Noiz hasi zinen adineko egoitzan lanean?
Duela bost urte. Oso gustura nago.

Nola joaten zara Ordiziatik Segurara?
Autobusez. 09:55ean hartzen dut Ordizian eta 10:30ean iristen naiz. Bakarrik etortzen naiz. Bost ordu egiten ditut lanean Arratsaldeetan Ordiziako Gureak tailerrean egiten dut ordubete.

Zerbitzuetako langilea zara. Zein lan egiten duzu egoitzan?
Iritsi eta lanerako arropak janzten ditut lehenego. Ondoren, garbigunera joaten naiz. Toaila handiak eta txikiak sailkatu eta biltzen ditut; xurgatzaileak ere bai. Batzuetan egoiliarren arropak ere biltzen ditut. Gero bigarren solairuko biltegira eramaten ditut. Garbigailuak eta lehorgailuak jartzen ere laguntzen dut.

Eta ondoren?
Bazkaltzeko garaian sukaldetik jangelera trasteak eraman eta bazkaltzen bukatutakoan mahaiak jaso eta garbitu egiten ditut. Hondakinak ere sailkatzen ditut.

Egoitzako ekintzetan parte hartzen duzu?
Asteazkenetan eta ostiraletan, gimnasia, pilatesa, egiten dut egoiliarrekin. Hasieran laguntzarekin egiten nituen ariketak baina orain bakarrik.

Zer gustatzen zaizu gehiena?
Urtebetetzeetako eta Gabonetako postalak egiteko edo Gabonetako arbola apaintzeko eskulanak egiten dituzte, eta nik materiala prestatu eta lagundu egiten diet. Garbiguneko lana ere asko gustatzen zait.

«Asko ikasten ari naiz eta jendearekin lan egiten ikasi dut, bai egoiliarrekin eta bai familiekin»
«Zoriontsu naiz hemen. Nire ilusioa  hemen jarraitzea da, kontratu finkoa egiten didaten arte»

Egoiliarrekin zuzen-zuzeneko harremana daukazu, ezta?
Bai, denekin oso ondo moldatzen naiz. Batzuekin harreman gehiago daukat, Mariarekin adibidez. Jende asko, gainera, Ordiziakoa da eta ezagutu egiten naute. Lan honekin jende asko ezagutzen ari naiz.

Eta lankideekin?
Lankideekin ere oso ondo moldatzen naiz. Bolada batean etorri gabe egon nintzen, katarro handi samarra harrapatu nuelako eta nire falta sumatzen zuten denek.

Gureak-ek Ordizian daukan tailerrean ere egiten duzu lan, baina Seguran beste gaitasun batzuk landuko dituzu, ezta?
1998ko martxoaren 1ean, astelehen batean, hasi nintzen Gureak tailerrean eta Segurako egoitzan, astelehen batean, 2012ko martxoaren 18an. Gureak tailerrean 20 urte daramatzat. Pauso Berriak-era etorri aurretik Gureak tailerrean bakarrik nengoen. Aldaketa behar nuen, zerbait berria probatu nahi nuen. Villa Marin formazioa jaso ondoren, Carrefourren ibili nintzen lehenengo eta gero Segurako egoitzara etorri nintzen. Asko ikasten ari naiz eta jendearekin lan egiten ikasi dut, bai egoiliarrekin eta bai familiekin.

Aldaketarekin gustura zaude orduan?
Zoriontsu naiz hemen. Nire ilusioa hemen jarraitzea da, kontratu finkoa egiten didaten  arte.

Ordiziarra zara eta Ordizian antolatzen dituzten hainbat ekintzatan parte hartzen duzu.
Festetan eta errege zamalkadan zaldiak eramaten aritzen naiz. 15 urte daramatzat festetako desfilean ateratzen. 26 urte nituen lehenengo aldiz atera nintzenean. Zamalkadan 13 urte daramatzat. Gaspar erregea gustatzen zait niri.

Zein zaletasun duzu?
Informatika. Ordenadorea erabiltzen badakit, eta Interneta ere bai. Errezetak bilatzen ditut batez ere. Bizkotxoak eta flanak egiten ditut aitarekin. Ordiziako liburutegira joaten naiz orain dela 28 urtetik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>