Bertako produktuen merkatua

Bertatik Bertara azokaren aurkezpena. Josune Makaia (Uggasa),  Aitor Otegi (Aikur museoa. Eztigilea), Juanjo Aranburu (ATA harategia) eta Mikel Elgarresta (Donardegi baserria).

Bertatik Bertara azokaren aurkezpena. Aitor Otegi (Aikur museoa. Eztigilea), Josune Makaia (Uggasa), Juanjo Aranburu (ATA harategia) eta Mikel Elgarresta (Donardegi baserria).

Bertatik Bertara egitasmoaren barruan azoka egingo dute salmenta zuzena gogoratzeko eta hauspotzeko.

Sei urte baino gehiago dira Goierri garaiko baserritarrek  Bertatik Bertara egitasmoa sortu zutela. Tarte horretan Uggasa garapen agentzia bidelagun izan dute. Bihar, urriak 27, azoka berezi bat egingo dute bertako produktuak zuzenean saltzeko. Mikel Elgarresta Urretxuko Donardegi baserriko nagusiaren hitzetan, «garai batean baserritarrek zuzeneko salmenta egiten zuten etxez etxe nahiz azoketan, eta guk filosofia hori berreskuratu nahi dugu azoka honekin».

Azokan Zumarragako Leturiondo baserriko txekor bat erreko dute eta pintxoak banatuko dituzte. Haurrentzako bi tailer egongo dira: gaztagintzari buruzko tailerra Gabiriako Baztarrika baserrikoek egingo dute, eta talo tailerra Urretxuko Behibakar baserrikoek.
Guztira sei salmenta postu jarriko dituzte eta barazkiak, eztia, gazta eta oilaskoak salduko dituzte. Produktu den-denak bailarako baserritarrek ekoitzitakoak izango dira, «kontsumitzaileei tokian tokiko produktuek duten garrantziaz jabetu daitezela nahi dugu», erantsi du Elgarrestak.

Haragia izar

Bertatik Bertara egitasmoa «poliki-poliki» gauzatzen ari dela nabarmendu du: «Batzuetan geldoegi doala iruditzen zaigun arren, kontsumo ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Sektore batzuetan urrats handiak eman ditugu, hala nola esnekien edo barazkien sektoreetan. Aurten, haragiaren esparruan lanketa berezia egiten ari gara».

Izan ere, barazkiekin, eztiarekin edota gaztarekin salmenta zuzena egitea «errazagoa» dela dio. Alabaina, «haragiaren sektorea zailagoa da osasun-irizpideak direla-eta pauso gehiago eta izapide gehiago bete behar direlako». Gauzak horrela, egiten ari diren lanketan bailarako harakinak inplikatu dituzte: «Harakinek bidea eginda daukate neurri batean eta haiekin bilera ugari egin ditugu bertako produktuak sustatu ditzaten».

Juanjo Aranburu Ata harategiko buruak honako gehitu du: «Ahalik eta bailarako produktu gehien saltzen saiatzen ari gara, kalitatezkoak eta ongi landutakoak baitira. Gainera, bertako ekonomiari bultzada ematen zaio eta bertan ekoitzitakoa bertan kontsumitzen da. Poliki urratsak ematen ari gara eta harakinak kate horretan sartzea ona delakoan gaude».

Azoka 10:00etan irekiko dute, eta 14:30eak arte zabalik egongo da. Eguraldia dela eta, Iparragirre plazako karpan egingo dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>