Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

Etxe barruetarako eta epelerako giroak hasi zaizkigu. Aroak kanporako laguntzen ez zuenean sukaldeko epizentroan gauzatzen ziren eginkizun askotxok ez dute lekurik gure egunotan: ordu gutxi pasatzen ditugu gure etxeetan, indoaba jaulkitzen, josten, karta-jokoan edo bertso zaharrak kantatzen. Bizitza modernoan, ikus-entzunezkoak dira epizentro etxean nahiz kalean. Telebista, telefonoa, ordenagailua, tableta… gailua edozein delarik ere, bideo, serie, pelikula, programa, kirol emanaldi eta abarrek entretenitzen gaituzte giza-abereok ordu galduetan. Halakoxe bizi ohiturak hartu ditugu!

Baditugu, ordea, euri-haize-hotz egunetarako beste lagun aski interesgarri batzuk ere denboraren joanean, orduak ez ezik, barnea ere betetzeko: liburuak. Ez naiz hasiko irakurketaren eta liburuen onurak idealizatu eta jendeak gehiago irakurriko balu gizarte askoz hobea edukiko genukeela eta halakoak esaten. Baina ezin uka nezake, tristuraz bizi dudala, Durangoko Azoka bezalako fenomeno euskaltzaleek duten arrakasta eta euskaldunon irakurketa datuak bat ez datozela ikustea. Zenbat idazten eta argitaratzen den Euskal Herrian eta zeinen gutxi irakurtzen dugun! Herrialde nordikoen hezkuntza eredua, amatasun-aitatasun laguntzak, fiskalitatea eta abar eredu jartzerako, hango irakurketa ohiturei ere begiratu beharko geniekeela uste dut. Netflix ikusiz iluntzero indoaba jaulkitzen aritzen den gizarterik ez dut imajinatzen gurean; ezin etsi niezaioke ordea, barru-eginkizunetan irakurketak denbora gehiago duen herria irudikatzeari. Munoa-GorrotxategiIdatzbizi edo irakurleprest gisako kontzeptuak asmatuko bagenitu lagunduko luke agian?

Eneritz Gorrotxategi

Egia da urteek aurrera egin ahala bizimodua ere aldatu egiten dela, ohiturak… Eta neurri batean, hala behar gainera! Baina egia da modernizazioaren garapenari edota ohitura bat edo beste nagusitzeari norberak jarri beharko liokeela muga. Etxean bi ordenagailu, beste horrenbeste tablet, bideo jokoak, gela bakoitzean telebista bat eta ez dakit nik zenbat gailu gehiago izan, edo telebista bat, guraso adina mugikor, eta tablet bakarrarekin moldatu. Abanikoa zabala da, baina dagoen horrek era batera edo bestera moldatuarazi dezake epeleko giroa: bakoitza bere gailuari begira izatea edota denek adostutako haurren marrazki edo filmeren bat ikustea esaterako, edota irrati gisa hartuta, begira egon beharrik gabe karta jokoan aritzea. Edo bakoitzak bere gustukoa irakurtzeko musika lasai bat jarrita tartetxo bat egitea… Bizitza modernoaren estiloa, nork-bere egin dezakeela eta egin behar duela uste dut.

Liburuak noski direla aisialdirako lagun, baina nik uste dut gakoa, txikitatik liburuak esparru ezberdinetan plazer iturri direla erakutsi eta ikastea da; etxean, eskolan, lagun artean… Zenbati entzun ote diozu inoiz, «eskolan irakurtzera behartzen gintuztenean…» esaldia? Ezberdina da irakurketa norberak bere bidetik bideratzea edota agindutakoa irakurtzea. Bada, aukeraketa horretan asmatzeko, Durangoko Azoka baino plaza zabalagorik ba ote da? Baina han erositakoa irakurtzeko adina tarte hartzen ote dugun… Hori izan liteke akaso galdera. Dena proposatzea izaten denez, Ion, norbaitek irakurri edo entzun dezake zure proposamena, eta akaso datorren urtean idatzbizi eta irakurleprest txokoak egokitu! Epelean, goxo ibili!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>