Zuri, bihotzez, ama!

OLYMPUS DIGITAL CAMERAZer esan, nola adierazi neuk zutaz sentitzen dudana… ez da erraza, zu bezalako itzal handiko gizaki batez idatzi behar dudanean, zure memorantzan, zure oroitza sakratua samurkiro goratzeko. Joan zarenetik, o, ama! , sumatu dugu zure itzal xume-zabalak modu misteriotsuan utzi digun arrastoa,  maitasunak, bere indar osoz, areagotzen eta zabaltzen jakin duen arrasto luzea. Bai, ama, zinez jakizu, horretaz ohartu naizela, ohartu garela etxekook.

Joxan Artzek dion bezala, «Zure sabeletik munduaren sabelera erakarri»-z munduratu gintuzun, eta zurekin eta aitarekin batera, bide egiten erakutsi, bidari argi eta adi izan gintezen gure jardunean, gure egunerokotasunean. Atseginezko keinu finez, dotoreziaz ferekatzen gintuzun, besartean hartzen, magalaren zabala, etengabe, eskainiz, behatu gozoz zure betarte adeitsuaren itzalean geu babesteko asmoz, nekaturik geunden unetan zure bihotz irekiaren sakonean pausa gintezen, hain zen eta da zure gurekiko arduraren ardura!

Zein egia den amaren bihotza haur baten eskola dela. Geuk gogotik jaso ditugu zuregandik irakaspenik bikainenak, euskarri lagungarri diren erakutsiak iltzatuak emanik gure bihotzetan: zeuregandik ikasitako sentiberatasuna, jendeari zor zaion harrera eztia eta abegitsua, familiari hala nola adineko pertsonei zor zaien mira eta errespetua, senitarteon artean zaindu eta gorde beharreko bakea. Agian, batzuentzat,  jakintzat ematen diren irakatsiak, balio zaharkituak, hutsalak, baina guretzat oinarrizko irakaspenak, funtsik gabe, arduraz kontuan hartu barik, garenaren izatea zapuzteko bide eman dezaketenak.

Zer esan etxeaz, ez bakarrik bizitako eraikinaz, baizik eta etxea irudikatzen dugun etxekide bakoitza zuzendu eta gidatzearen arduraz? Garenaren argiak pizturik iraun behar bazuen, guztiok hezi gintuzun berdintasunean, guztiok etxean guztia eginez, sexu bereizketarik egin gabe, «etxea guztiok gara eta garenaren etxea denok sendotzen eta eusten jakin behar dugu» esanez. Zeuk erakutsi zenigun jardunean, gizakiak autonomiaz baliatzen jakiteko ez duela bere burua errazkeriaren morrontzapean lelotu behar, ez, bere burua laguntzen jakin behar duela eta besteekin esku hartuz bat egiten eta bat izaten ikasi.

Eta zer esango dugu, umoreaz? Zeu, ama, eta zer esanik ez, aita, umore handiko pertsonak izanda, irriaren ostadarra gure ezpainotan loratzen erakutsi diguzue, behin eta berriz, etengabeko karkarra guri sortaraziz, eta gero, guk ere jendearen aurpegietan ikasitako atseginezko keinu hura besteei ernaraziz, hain betegarri eta asegarri gertatu zaizkigu irriaren eta barrearen atsegina guri.

Eta apurka-apurka, bizipen sentituen eta sentipen bizien bidean hantxe lerratuz joan zaizkigu irakaspenok, zure apaltasunaren ederra eta zure bihotz otzanaz gain, baita zure nortasun biziaren gerizpea, zinena eta zarena ondo defendatzen erakutsiz, zure pentsaera eta biziera inork inon zalantzan jarrita, egoerari aurre eginez, aurrera ekinez. Bai, ama, hori guztia ikasi eta bizi dugu zurekin, zure ondoan, eta azkenera arte, misterioak berak eman digu zu agurtzeko aukera bikaina, etorri zinen bezala, duintasunez eta maitasunez agurtzeko egokiera. Eta agurraren gurtza betierekoan zurekin bilduak ginenean, maite zintugula oso garbi geratu zitzaizunean, zeuk eskaintzen jakin zenigun horren dotoreki xume, maitero, amek eta haurrek, zintzoki bakarrik egiten dakiten keinua: irri egiten.

Irri eginez, irri batez, irri betez zeharkatu dituzu gure bihotz-gogoak, ama, eta irri horrek laguntzen gaitu, leuntzen du gure samina, soinez ez zaitugunaren arantza badugu ere, gogoz zure irriaren lurrina gurekin dugula jakitea, zarenaren lore betea. Aske joan zara, aske zoaz, bada, modu berean, zatoz aske, ama, goizero gure bihotz-atarion aurrera. Muxu handia etxeko guztion partetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>