Mondeju beltza lapikora

Pili Barandiaran

Pili Barandiaran mondejugile ataundarrak Ataungo lehiaketa hiru aldiz irabazi ondoren, erakusle eta epaile aritzen da gaur egun. Ardi odolez eta gantzez Ataunen egiten duten mondeju beltza folklore hutsean eta ahanzturan gera ez dadin, berreskuratze lanean ari dira, azken urteetan.

Garai bateko bizimoduaren ondorio dira zenbait jaki. Gastronomia ere kultura delako, antropologia. Ardiak hazi dituzten Goierriko herri guztietan bezala, Ataunen mondejua da gutizia horietako bat. Galzorian izan daiteke ordea, egiteko ohitura, jakintza eta lehengaien ekoizpena atzendu delako.

ATAUN_SAN_MARTIN_JAIAK_201Jentilbaratza kultur elkarteak 2006an ekin zion ondare horri eusteko lanari. Ataungo mondeju beltzaren lehiaketa sortu zuten. 2015etik, urtero ikastaroa ere antolatu ohi dute. San Martin jaien aurretxoan izaten da ikastaroa, eta festetan lehiaketa. Aurten ere bai.

Pili Barandiaranek, bere 75 urteetatik, mondejugintzaren transmisioa egiten du. Saletxeberri baserrian jaioa, gurasoengandik ikasi zuen egiten. «Amak eta izebak egiten zituzten mondejuak. Gizonek ardiak hil eta horrelako lanak gehiago. Ni, neska koxkorra nintzela, mondejua lotu eta halako lanetan aritzen nintzen».

Baserritik kalera jaitsi, eta ohitura galdu zuen, hala ere. «Urtetan» egon zen hestebeterik egin gabe, harik eta lehiaketaren aitzakian, berreskuratu zuen arte, Martina ahizpa zaharragoaren laguntzarekin. Pili Barandiaranek ematen du, orain, Ataungo ikastaroa. Lehiaketa hiru aldiz irabazia da (2007, 2012 eta 2013an), eta gaur egun epaile lanean ari da.

Lehen eran, «errazago»

Betiko errezeta darabil orain ere Barandiaranek: «Etxetik ikasitako eran egiten ditut. Baina gurasoek zailago egiten zuten; barazkia eta segoa gordinik sartzen zuten. Denbora gehiago behar zen hala». Gaur egun, aurrez barazkia —porrua eta tipula— erregosi egiten du. Tipulatik porrutik baino gehiago eransten dio, tipula hezeagoa delako porrua baino.

Porrua eta tipula bigundu, gantza gehitu, eta ardi odola bota. Masa hozten uzten du, pixka bat. «Ez hotzegi ere, epel inguru». Hestean sartzen du, eta 15 bat minutuan egosi (ura ez da beroa jarri behar). Tripotxik ez dio nahastu ohi.

Ondoren, jaterako garaian, bi ordu behar ditu mondejuak egosten. «Hestea ganadu zaharrarena baldin bada, gehiago igual. Jeneralean, hestea txekorrarena izaten da».

Hain zuzen, gaur egungo arazo handiena lehengaiak eskuratzen dago, Barandiaranen iritziz. Ez delako baserrietan jada ardi askorik hiltzen, eta ardi odola nahiz gantza lortzen ez da erraza izaten, sarritan.

Ahuntz odolez egindako mondejuak ere egiten zituzten.

Sanmartinak Ataunen

Azaroak 8, osteguna

  • 17:00: Umeen txupinazoa, plazan.
  • Ondoren: Txokolate beroa banatuko da.
  • 17:30: Buruhandiak eta aurpegia margotzeko txokoa umeentzat.
  • 19:00: Patata tortilla lehiaketa.
  • 21:00: Afaria karpan. Tortilla lehiaketan parte hartu duten tortillekin eta norberak eramandakoarekin.
  • 21:30: Bakarrizketa: Txiki.
  • Arratsaldean zehar: Euskaraldian izena emateko aukera izango da.

Azaroak 9, ostirala, Kuadrillen Eguna:

  • 11:00: Haur jolas parkea eta eskulanak plazan. Eguraldi txarra izanez gero Auzoeta kiroldegian izango da.
  • 13:00: Kuadrillen arteko poteo girotua.
  • 14:30: Kuadrillen bazkaria.
  • 17:00: Buruhandiak.
  • 18:00: Lazkao Txiki Musika Eskolako ataundarren kontzertua.
  • 19:30: The Northagirres taldearen kontzertua Oargin.
  • 23:00: Kontzertua: Gaur Ez, Los Zopillotes Txirriaos eta Guri 5.

Azaroak 10, larunbata:

  • Goizean goiz: Herriko txistularien diana, auzoan zehar.
  • 11:30: Pala eta esku pilota partidak, Auzoeta kiroldegian: Euskal pilota egokitua: Joseba Lasa – Beñat Lizaso / Ander Altuna – Asier Nabaridas. Gomazko pilota neskak: Maialen Galparsoro – Elorri Ramirez / Kaia Perlines – Maddi Urrestarazu. Eskuz binaka afizionatu maila: Xabier Santxo – Iñigo Bikuña / Iraitz Zubizarreta – Beñat Garmendia.
  • 14:00: Haurren bazkaria.
  • 15:00: Eltxetxuen jolasa.
  • 16:00: Haur mozorrotuen juntadizoa eta desfilea plazako karpan.
  • 17:00: Funbox Factory ikuskizuna. Eguraldi txarra izanez gero Auzoeta kiroldegian izango da.
  • 19:00: Heldu mozorrotuen juntadizoa eta arratsaldeko mozorroen sari banaketa.
  • 19:30: Sagardo dastaketa mokadutxoarekin.
  • 21:30: Herri afaria eta koreografiak, karpan.
  • Afal ondoren: Helduen mozo-rroen sari banaketa.
  • 00:00: Eraso taldearen kontzertua eta Gaitzerdi taldearekin erromeria.

Azaroak 11, igandea, San Martin eguna:

  • Goizean zehar: Argazki Rallyko argazkiak ikusgai egongo dira.
  • Goizean zehar: Euskaraldian izena emateko aukera izango da.
  • Goiz eta eguerdi partean: Ataungo VIII. Mondeju Beltz Lehiaketa. Mondeju pintxoak banatuko dira. Tartean marrazki eta ipuin lehiaketako sari banaketa egingo da.
  • 11:00-14:00: Herri azoka. Herriko artisauak eta ekoizleak.
  • 11:30: Salda beroa eta mokadutxoa plazako karpan.
  • 12:00: Kantu poteoa, San Martingo plazatik hasita.
  • 14:30: Jubilatuen bazkaria Bittor jatetxean.
  • 17:30: Otsoa dantza taldearen ikuskizuna.
  • 19:00: Euskaraldirako herritarren argazki mosaikoa.
  • 19:30: Amaia Agirrek jarritako gaiei erantzunez, 4 bertsolari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>