Eider Saez (Lazkao, 1998) musikarako duen afizioa goragoko mailara daraman proiektuan murgildu da. Zilbor hesteak lotu zuen Saez musikarekin: aitak ireki zizkion mundu horretarako ateak. Gerora, Lazkaoko Musika Eskolan trebatu zen: gitarra jotzeaz gain, abesten ere ikasi zuen. Orain, afizioa beste maila batera eraman du: Nøgen taldeko mikrofonoa hartu du.
Nola sortu zen Nøgen?
Danimarkan hasi zen taldearen istorioa: Erasmus egonaldi bat egitera joan zen Markel Idigoras. Ukelelea jotzen ikasi zuen bertan,?nolabait, bere sentimenduak abestietan islatzeko. Euskal Herrira itzultzean, Alex Irazusta, Ane Negueruela, Olatz Cuevas eta Jokin Guilisagasti batu zitzaizkion Nøgen proiektuan. Aurten, Ane Negueruelak taldea utzi behar izan du ikasketak direla medio, eta bere hutsunea betetzeko sartu naiz ni.
Nolakoa izan zen zu taldera batzeko prozesua?
Taldearentzat prozesu nekagarria izan zen: lehenengo diskoa esku artean izanik, ez zuten euren proiektuarekin bat zetorren inor bilatzen. Proba asko egin ostean, nirekin topo egin zuten: segituan hasi ginen udako bira prestatzen. Asko lagundu didate egokitze prozesuan.
Azaroaren 8an [atzo] argitaratu du Nøgenek lehenengo diskoa plataforma digitaletan. Orain zer?
Diskoak emango dizkigun fruituak ikusteko gogoz gaude: izerdi asko bota dute taldekideek proiektua borobiltzen. Oraindik, ordea, lan asko dugu egiteko: diskoa ezagutzera emateko bira prestatzea ez da prozesu makala. Hala ere, itxaropentsu eta ilusioz beteta begiratzen diogu etorkizunari.
‘Liv til døden’ izena du diskoak. Zer esan nahi du?
Danieraz hil arte bizi esan nahi du, eta zabaldu nahi dugun mezua zuzenean islatzen du: unean unekoa bizi behar da, ez dagoelako betirako izango den bizipenik. Diskoan, beraz, guregan eragina duten gaiak landu ditugu;?nolabait, gure mezuarekin bat datozenak.
Zergatik danieraz?
Estetikoki hizkuntza polita izateaz gain, koherentzia mantentzeko egokiena delako. Taldearen izena danieratik dator: nøgen-ek euskaraz biluzik esan nahi du. Lehenengo hiru abestiak biltzen dituen EP-ak ere hizkuntza horretan du jatorria: lys hitzaren euskarazko itzulpena argia da. Nøgen, azken finean, Danimarkan sortu zen.
Daniera, euskara, gaztelera, ingelesa… hizkuntza asko disko bakarrean.
Bai, guretzat hizkuntzak baliabide artistikoak dira. Hizkuntzak ez dira mugak, ezta frenuak ere; alderantziz, gure adierazpenak egiteko bideak dira.
Zein da diskoaren helburua?
‘Liv til døden’ diskoan aspaldi hasitako lana garatu nahi izan dugu: lehenengo hiru abestiekin gure estiloa definitu genuen. Disko hau, ordea, EP-a baino landuagoa da.
Zer esango zenuke diskoan landu dituzuen estiloei buruz?
Pop folk estiloak landu ditugu gehienbat: gainera, abestiak asko zaindu ditugu. Ahotsen harmoniek presentzia handia dute; oro har, disko aberatsa dela deritzot.
Nola definituko zenuke ‘Liv til døden’ hiru hitzetan?
Heldua, anitza eta landua dela esango nuke. Funtsean, Nøgen-en balioak oso ondo transmititzen ditu.
Diskoko bigarren single-a, La Moda taldearekin egin duzuen kolaborazio baten fruitua da:?‘Ez da ondo aterako’.
Abestia nire taldekideek konposatu zuten (garai horretan ni ez nengoen Nøgenen), eta sortu bezain laster jakin zuten La Modaren laguntza beharko zutela lan borobil bat lortzeko. La Modarengana iristeko prozesuan murgildu ziren: taldearen kontzertuetara joateaz gain, EP-ko abestiak bidali zizkieten, besteak beste. Azkenik, La Modaren erantzuna jaso eta eurekin lan egitea lortu zuten. Esperientzia ikaragarria izan zen, dudarik gabe: maila handiko talde batekin kolaboratzea beti da gogoangarria.
Durangoko Azokan argitaratuko duzue diskoaren bertsio fisikoa. Zer espero duzue?
Diskoak jende artean zein harrera duen ikusi beharko dugu lehenik. Horren inguruan, buru-belarri ari gara lanean: abenduaren 27an Donostiako Antzoki Zaharrean emango dugun kontzertuan jarri dugu fokua, baita datorren urteko biran ere. Emanaldi batzuk prest ditugun arren, ezin dugu ezer aurreikusi: etorkizunean diskoak eramaten gaituen lekura joango gara.
Danimarkatik Euskal Herrira:?mugak hausten dituen musika
Danimarkako bizimoduan murgildurik ekin zion Markel Idigorasek musikaren munduko ibilbideari: ukelelea jotzen ikasi zuen bere bizipenak gordetzeko. Euskal Herrira itzultzean Alex Irazustaren eta Ane Negueruelaren laguntza izan zuen Nøgen proiektuko lehenengo pausoak emateko. Hirukote moduan hainbat kontzertu eman ostean, Olatz Cuevas eta Jokin Guilisagasti batu zitzaizkien taldera. Eider Saez lazkaotarra izan da Nøgenera batu den azken kidea.
Nora, Gertu eta Itzuli Neri abestiak biltzen zituen Lys EP-a argitaratu zuen Nøgenek iazko udan, eta berehala zabaldu zen taldearen oihartzuna Euskal Herri osoan barrena. Lehenengo hiru abestiekin irekitako bideari jarraipena emateko konposatu dute Liv til døden diskoa, 9 abestik osaturiko eztanda musikala.