«Itxuraren araberako aurreiritzi okerra egiten dugu»

Estitxu Izagirre 17 urteko segurarra Segurako Hamaikako-ko kideetako bat da. «Ilusio berezia» eragin dio bertako partaide izateak, eta ahal duenean laguntzeko gogoz dago: «Datorren urtean Euskal Filologia ikasteko asmoa daukat. Gustura nago nik ere parte hartuta eta zerbaitetan lagunduta».

Segurarrarentzat baliagarria da Euskaraldia, herritarrek hausnarketa egin dezaten eta jarrera alda dezaten. «Jendea mugitzeko balioko du, batez ere euskara gehiago hitz egin dezan. Seguran bertan ere nabaritzen dut ume askok erdarara jotzen dutela. Egoera horrek larritzen nau, beti hitz egin izan dudan hizkuntza hori galtzeko arriskuan ikustea».

Horrekin batera, lehenengo hitza euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu du Izagirrek: «Herrian bertan beti lehenengo hitza euskaraz egiten dugu, baina Carrefourrera edo Beasainera joandakoan, askotan lehenengo hitza gazteleraz ateratzen zaigu, inkontzienteki. Donostiara joandakoan zer esanik ez». Aurreiritzi okerrek horretan eragiten duela uste du: «Askotan, okerrena, itxuraren araberako aurreiritzi bat egiten dugula da. Gazteleraz egin eta hurrengoari euskaraz egiten diola ikusitakoan, amorrua ematen du. Euskaraldiari esker, txaparekin-eta, barrera hori puskatzen saiatuko gara eta ahal bada, urteko egun guztietan mantendu».

Gazteen hizkuntza ohiturei dagokionean, DBH-ko lehenengo ikasturteetan ikusten du egoerarik okerrena: «DBH hasieran erdarara jotzen da, baina gero berriz buelta ematen zaio». Zergatia galdetutakoan, helduak imitatzean eta entzuten duten musikan aurkitu ditu erantzunak: «Entzuten den musikaren hizkuntzara jotzen da askotan».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>