Osotasuna balio

Itsasondoko basoa Murumenditik

Itsasondoko Udalak urteak daramatza ingurune naturala eta landa eremuaren erabilera uztartzeko azterketak egiten eta jarraibideak zehazten. Natur balioen eta paisaiaren kontserbazioan, eta herritarren ahalduntzean jarri du indarra.

Oria ibaiak sortutako ibar estu baten bi aldeetan zabaltzen den herria da Itsasondo. Aldapa handiko mendi-hegaletan garaiena Murumendiko tontorra da (868 metro). Udalerriak 900 hektarea ditu. 700 inguru zuhaiztiak dira, eta horietatik 400 bertako basoek hartzen dituzte, hariztiek eta pagadiek batik bat. Gainontzeko 200 hektareak baserrietako soro eta belardiak dira.

Itsasondoko Udala 2007an  hasi zen herrian Agenda 21 eratzeko lehen lanak egiten, eta prozesuaren iraunkortasun irizpideetan oinarrituz, ingurune naturala eta landa eremuaren erabilera uztartzeko hainbat azterketa eta galdeketa egin ditu ordutik. Zeregin horretan Aranzadi Zientzia Elkartea izango du lankide, eta azken urteetan baita Naturtzaindia ere. Gipuzkoako Foru Aldundiko mendi nekazaritza programaren bitartez eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailetik lortu du finantzazioa.

Lehen urratsa, ezagutza

Tokiko natur eta kultur ondarea ezagutzea izan zen lehen lana. Natura eta paisaia ikuspegitik garrantzi bereziko guneen inbentarioa egin zuen 2008an, eta bi urtera, landa eremua eta natura uztartzeko kontserbazio eta kudeaketa programa. Azterketa horien emaitzak 2010. urtean ofizialdu ziren Hiri Antolaketako Plan Orokorrean. Landa ingurunea bi kategoriatan antolatu zuen Itsasondok: ingurumena babesteko helburuz bata, eta baserri erabilerak suspertzeko helburuz bestea. Bi alderdi horien arteko zubi lanari arreta berezia jarri zioten.

Murumendi babes bereziko eremu izendatzea ekarri zuen horrek, harkaiztiak eta inguratzen dituzten basoen balio naturalistiko eta paisajistikoak kontserbatu eta hobetzeko. Nekazal eremuan, berriz, jarduera guztiak nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerarako gorde zituen. Harrezkero, Murumendi Natura Intereseko Eremu eta Aralar-Hernio-Izarraitz korrikodore ekologikoaren zati garrantzitsuan bilakatu zen.

Gerora, natur inguru horren osagaiak ezagutzen jarraitzeko hainbat azterketa egin ditu udalak, eta eskuratutako informazio guztia herriko naturaren datu basean jasotzen du. Hasiera batean, espezie ezagunenen zerrenda egin zen –landareak eta ornodun sail gehienak–, eta orain, gutxien ezagutzen diren elementu ekologikoen azterketa egiten ari dira.

Lursailen erosketa

Jakintza hori osatzeaz gain, udalerria kudeatzeko hiru helbururekin aritu da lanean udala. Lehena, habitat naturalen kontserbazio egoera hobetzea da, lur-sailen erosketa eta zaintza akordioen bidez; bigarrena, baserritarren parte hartzearekin paisaia egokien kontserbazioa sustatzea; eta hirugarrena, herritarrak sentikortu eta ahalduntzeko ekintzak egitea.

Gaurko egunean, lurjabe askok ez dute etekinik ateratzen jabetzan dituzten sailetatik. Askok lurrarekiko harremana galdua dute, eta jabetza senide askoren artean banatuta egoten da. Baldintza horietan, «egokiena eta errazena» lursailak erostea da. Bide horri heldu dio Itsasondoko Udalak. Orain 10 urte, Murumendiko harkaitzak bakarrik zituen jabetzan udalak, 15 hektarea. Urtero-urtero egin dituen erosketekin, 75 hektarea ditu orain, eta epe laburrean, beste horrenbeste erosteko helburua du. Beste hiru hektarea zaintza akordioen bidez kudeatzen ditu. Udalak 100.000 euro inbertitu ditu erosketa horietan. Bertako espezieen landaketak eta bakanketa lanak egin dituzte, besteak beste.

Paisaia kontserbatzea

Herrigunetik bi kilometrora dagoen Urkia mendi auzoko herritarrekin lankidetzan aritu da paisaiaren kontserbazirako lanetan. Murumendiren magalpeko auzoan 19 baserri daude –2 hutsik–, eta eskola zaharra, plaza, ermita eta frontoi txikia dira erreferentzia nagusiak. Auzotarrak biltzen dituen elkarte bat ere sortu da.

Auzoko baserritarrek 40 hektarea inguru hartzen dituzten belardi, soro eta sagasti mantentzen dituzte, eta 600 hektareatik gorako baso eremuek inguratzen dute auzoa. Bi aldeak elkarlanean, auzoko azpiegitura gehienak egokitzen ari dira, bertakoek nahiz kanpokoek erabil ditzaten.
Herria-auzoa elkartzea

Urkian inguru «aberats eta bizia» mantentzen bada ere, herritar askorentzat ia ezezaguna da, eta harremanak eskasak dira. Udalaren helburua Urkia auzoko eta herriguneko biztanleen arteko harremanak estutzea da, eta horretarako, baliabide publikoak herritar nahiz kanpokoentzat eskura jarri dituzte. Horretarako, Gipuzkoako Mendizaleen Federazioarekin batera, Itsasondo-Urkia-Murumendi elkartzen dituen ibilbidea markatu dute. 15 kilometro ditu eta bi zatitan egin daiteke.

Basoak kudeatzeko eredu berri bat

Itsasondoko basoanPinuen gaitzaren ondorioz, zuhaizti eta baso eremuen kudeaketarako plangintza eta iritzi ezberdinak plazaratzen ari dira. Itsasondok basoaren kudeaketarako eredu berri bat zabaltzen hasteko proiektu pilotu berri bat jarri du martxan.

  • Basoen funtzioa. Basoek, egurra ustiatzeko eduki dezaketen balioaz gain, zerbitzu ekosistemiko ugari eskaintzen dituzte: lurzuroak sortu eta bere lekuan eutsi, airea eta ura garbitu, atmosferako karbonoa metatu –gizateriak atmosferara isurtzen duen CO2 guztiaren laurdena basoek xurgatzen dute–, bizilekuak eratu…
  • Antolaketa planak eta legeak. Hiri antolaketa planen helburu nagusi hirigunea eta zerbitzuak izan ohi dira, baina EAEko Toki Erakundeen Legeak dio «mendietan egiten diren jarduerak eta erabilerak antolatzea, kudeatzea eta antolatzea» udalerrien eskumena dela.
  • Baso dentsitatea. Europar Batasuneko lurraldearen %40 basoa da,EAEn %25 –Arabak igotzen du batez bestekoa–. Europan 0,19 hektarea baso dago biztanlekiko, EAEn 0,074. Lurraldearen hirutik bat (210.000 hektarea) zura intentsiboki ekoizteko erabiltzen da EAEn. Eusko Jaurlaritzaren arabera, egurraren ekoizpenak 175 euro ematen ditu urtean hektareako.
  • Itsasondoko kudeaketa. Azken urteetan 60 hektarea lur publiko bihurtu ditu Itsasondok. Sail horietan koniferoak bazeuden –edo egurretarako beste espezie bat–horiek ustiatu edo bakandu ondoren, bertako espezieen landaketak egin dituzte –5.000 zuhaitz landare–. Haritzak landatu dituzte batik bat, baita gereziondoak, lizarrak, astigarrak eta otsanlizarrak ere. Itsasondok erosi dituen baso gehienak pagadiak dira, eta horien kontserbazio egoera hobetzeko lanak egin dira. Sail batzuk onddo jangarrietan emankorrak dira.
  • Zuhaitz mikorrizatuen landaketak. Basoen kudeaketarako eredu berri bat zabaltzeko proiektu pilotu jarri du martxan Itsasondok, pagadi eta hariztien onddo ekoizpena ahalik eta gehien handitzeko. Oraingoz, onddo zuriekin mikorrizatutako gaztainondoak erabiltzen hasi dira landaketetan. Batez besteko ekoizpena urteko 3,5 kilo hektareako izatera irits daiteke. Urtero neurketak egingo dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>