Sukaldaritza eskolak

Mantalak soinean, Juanita Zabaletarekin ikasi zuen neska talde bat Aseginolazaneko dendaren parean; Zabaleta bigarren ilaran hirugarrena da, ezkerretik hasita. / Andueza familiaren artxiboa

Mantalak soinean, Juanita Zabaletarekin ikasi zuen neska talde bat Aseginolazaneko dendaren parean; Zabaleta bigarren ilaran hirugarrena da, ezkerretik hasita. / Andueza familiaren artxiboa

Garai batean emakumezko askok josten eta sukaldean aritzen ikasten zuten etxekoandre bizimodurako prestatzeko. Legazpin Juanita Zabaletak sukaldaritza eskola bat izan zuen; Zumarragan, Dominika Bastarrikak.

Ez dira hainbeste urte emakumezkoek, gizonezkoek ez bezala, ezkondu aurreko trebakuntza zehatza eta berezia jasotzen zutela. Hain justu, sukaldean aritzen ikasten zuten, josten ere bai. Ezkondu eta etxekoandre bizitza egiteko prestatuak ziren. Etxekoen sabela ederki bete zezaten sukaldeko sekretuak erakusten zizkieten, hala ama-alaben transmisioaren bitartez nola etxe  kanpoko sukaldeetan. Josten ere ikasi behar zuten alkandora berbera berritzeko lepoa hainbat aldiz aldatzen zitzaion garaian. Hariak alde batera utzita, datozen lerroetan bi sukaldetako lapiko artean sartuko gara. Bata, Juanita Zabaleta Pastelera legazpiarraren sukaldaritza eskola; bestea, Dominika Bastarrikaren Zumarragako Iburreta jatetxeko sukaldea.

Juanita Zabaleta ez zen sekula ezkondu. Dominika Bastarrika, berriz, nahi baino lehenago alargundu zen haren lau alabak oraindik haurrak zirela. Biek ala biek emakumeak etxeko bizitzarako trebatzen zituzten. Aitzitik, Zabaletak eta Bastarrikak aurrera egin zuten bakarrik.

Zabaletaren istorioa kontatu dute Pilar eta Maria Angeles ilobek. 1905ean jaio zen [izeba zenaren NAN-a atera du Maria Angelesek] eta Zumarragako Barreiron ikasi zuen gozogintza eta sukaldaritza oro har. Lau senideren artean gazteena zen eta etxetik atera zen sukaldaritza zein jostun lanak ikasteko. Gerora gozo-denda bat zabaldu zuen egungo Legazpiko postetxetik hurbil, baina negozioak ez zuen aurrera egin, eta Donostiako Igeldo auzora joan zen apaiz baten neskame izatera. Apaiz hura zendu zenean «berea defendatu» behar izan zuela dio Mari Angeles ilobak. Urtatzako Egizabal baserrira itzuli zen, eta handik, haren aitak kaleko Sagastume etxean zuen pisu batera aldatu zen. Ezkontzak etxeetan ospatzen ziren garaian, hark prestatzen zituen banketeak; halaber, sukaldari bat behar zuten tokietara ere joaten zen. «Etxe handietarako» pastelak eta tartak egiten zituen. Hala, etxean sukaldaritza eskola ireki zuen eta eskola hartara emakumeak baino ez ziren joan.

Legatzak zintzilik

Maria Angeles Zabaletak dioenez, «sukaldaritza pixka bat ikastea beharrezkoa zen ezkondu eta etxea aurrera ateratzeko». Oinarrizko sukaldaritza erakusten zuen Juanita Zabaletak; osagaien arteko konbinazioak, haragiak zein arrainak prestatzeko erak, hegaztiak… Errezetak jasota zituzten, baina arkatzez, eta denborak eraman du haien arrastoa. Zabaleta ahizpen gogoratzeko modua ezberdina da erabat. Maria Angelesek memoria historikoa du, Pilar detaileekin akordatzen da batez ere, eta kontatu du ikasle bakoitzaren izenarekin legatzak zintzilik izaten zituela Juanitak leihoan.

«Sukaldaritza pixka bat ikastea ezinbestekoa zen ezkondu eta etxea bideratzeko» M. Angeles Zabaleta, J. Zabaletaren iloba

«Florentina Intxaustiren errezeta liburua ezinbestekoa izan zen gure etxean» Ana Aranburu, D. Bastarrikaren alaba

Emakume asko pasa zen eskola hartatik, denak mahaiaren bueltan jartzen ziren. Seguruenik sukaldaritza baino gehiago ikasiko zuten, ziur aski mintzagaiak ugariak izango ziren eta haien arteko konplizitateak  sortuko ziren ziurrenik.

Egun, Maria Angeles Zabaletaren bi seme sukaldariak dira eta jatetxeak dituzte Legazpin. Sukalde jakintza emakumezkoetatik gizonezkoetara pasa da haien etxean.

Zumarragako Iburreta jatetxeko jabe Dominika Bastarrikaren eskola bestelakoa izan zen. Emakume gazteak ikastera joaten ziren eta trukean lagundu egiten zuten Iburretako sukaldean. Iburretak, garai hartako beste jatetxe askok bezalaxe, apopiloak hartzen zituen goiko solairuko logeletan. Bastarrikaren alaba Ana Aranburu lau ahizpen artean gazteena da eta eskolako oroitzapen askorik ez du. Nolanahi ere, emakumeez osatutako mundu bat bezala gogoratzen du haien etxea.

Bastarrika alargun geratzean, Iburretan berritze lan nabarmena egin zuen, eta jantokia handitu zuen. Gerora ezkontza bankete asko egin izan dira han. Hala, laguntzera eta, bide batez, ikastera zihoazen neska gazteek jatordu «bereziagoak» prestatzen ikasi zuten: kroketak, zizka-mizkak, arraina, haragia, eta abar. Aranburuk Dominika ama Bilbora sukaldaritza ikastera joan zela kontatu du: «Florentina Intxausti gabiriarraren akademian ikasi zuen. Ez dakit gehiegi, hala ere, amaren egonaldi hari buruz. Badakit, ordea, Intxaustiren errezeta liburua gure etxean ezinbestekoa izan dela». Nicolasa Praderaren eta Adriana Juaristiren liburuak ere aipatu ditu Aranburuk. «Intxaustiren errezetak harrigarriak dira gaurko begiekin ikusiz gero, bakar batean ez da osagai bakoitzaren kantitatea zehazten».

Zabaletaren sukaldetik bezala, Bastarrikaren sukaldetik emakume gazte asko pasa zen. Andreak elkartzeko espazioak ziren eta seguruenik lapiko arteko topaleku haietan otordu goxoez gain, arima elikatzen duten sekretuak, emozioak, bizipenak eta konplizitateak prestatuko zituzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>