Bakun txiki handia

Garbiñe EtxanizAhizpak eta biok baserrian pasatzen genituen udak, gurasoek irailera arte ez baitzuten oporrik hartzen. Azken urte parean oso modu bizian gogoratzen ditut uda haiek. Orain arte ez dut oso garbi izan zergatik, ez dut horretan pentsatu ere egin; baina azkenaldian, zenbait lagunekin izan ditudan hizketaldiak eta gero, hari-muturrak lotzen hasi naiz, eta uste dut badakidala gauzak nondik nora doazen.

Baserriko bizimodua oso xumea zen, goizean goiz jaikitzen ziren denak, iratzargailurik ga-be gainera, eta gosaldu ondoren bakoitza zegokion lanetan hasten zen. Hamaiketakoa egiteko azaltzen ziren sukaldera, eta berriro lanera. Bazkaltzeko ordua izaten zen elkarri kontuak esateko momentua, eta ez zen kanpoko estimulu edo distraziorik izaten, ukuiluko behien marruak, txakurren zaunkak edo leihora gerturatzen zen txoriren baten kantua baino ez zen entzuten.

Naturaren zikloek baldintzatzen zuten baserriko bizimodua, sasoian sasoikoa jaten zuten, eguraldiaren arabera lan batzuk edo besteak egiten ziren, egunak luzeagoak ziren urte sasoian beranduago joaten ziren ohera, iluntasunak argitasuna desagerrarazi arte ez zen presarik izaten, eta egunak motzagoak ziren garaian, berriz, goizago oheratzen ziren.

«Sinplea, apala eta bakuna ez al dira sarri mespretxuz erabiltzen gure gizartean?»

Gure izeba Maria zaharrak ere ez zituen izara zuriak noiznahi garbitzen, ilargi betea noiz zen zaintzen zuen, eta gauez esekitzen zituen izarak zelaian, ilargiaren argiak zuritu egiten zituela esan ohi zuen. Sukaldean bazen garbigailu bat, berri-berria, zahartzeko arrazoirik ere ez zuena, izeba Mariak ez baitzuen sekula erabili, nahiago zuen arropak baldean hartu eta baserritik beheraxogoko latsarrira joan, hori zen berari zegokion eginkizunetako bat, eta gustura egiten zuen.

Ari naiz ulertzen zergatik dabilzkidan uda haiek buruan, nostalgia puntu batekin; bizimodu xume, bakun, apal hark gorputzean eragiten zuen bakea eta atsegin gozoa ez duelako ematen gaurko bizimoduak. Konturatzen naiz zorionekoa naizela hura bizi izan nuelako, gorputzean grabatuta geratzen diren memoriek esaten didatelako zoriontasunak uda haien antzeko zerbait izan behar duela.

Sinplea, apala eta bakuna ez al dira sarri mespretxuz erabiltzen gure gizartean? Badirudi balioa duena, inteligentea de-na eta merezi duen hori ezinbestean dela konplikatua, zaila edo elitista, eta ez dela arrimatu ere egiten erraza, begi bistakoa edo nabaria den horretara.

Batzuk diote bakuntasuna «txikitasuna ospatzea» dela; beste hitz batzuetan, bakuna denak badaki gauza txikiekin gozatzen, eta eskertzen ditu. Bakuntasunak ez du tolestura edo anbiguotasunik, ez du bi-hurgune eta tranparik. Bakuna da bere burua den bezalakoa erakusten duena, argi hitz egiten duena, itzulinguruka ibili gabe, hasiera-hasieratik erakutsiz bere jarrera eta asmoak, urruti, oso urruti exijentziatik, diskurtso bikoitzetik edo manipulaziotik.

Bizitzaren bidaia soilik behar-beharrezko ekipaiarekin egitea izan daiteke bakuntasuna, ziurrenik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>