«Egun bat baino gehiago iraun beharko luke dena ondo ikusi ahal izateko!»

Jose_Luis_ElgarrestaJose Luis Elgarresta urretxuarrak Santa Lutzi feriako kapoi lehiaketan parte hartzen du. Ia urtero sariren bat irabazten du.

Nola oroitzen duzu garai bateko Santa Lutzi feria?
Urretxuarra izanik, Santa Lutzi feria txiki-txikitatik ezagutzen dut eta oso gustukoa dut. Gurasoek ez zuten ferian urtero parte hartzen: noizean behin astoren edo behorren bat eramaten zuten. Baina urtero herrira jaisten ginen, noski, feriaz gozatzera. Guretzat oso egun berezia zen. Etxean jende asko elkartzen ginen bazkaltzeko eta kalean sekulako giroa egoten zen. Urretxuko giroa euskaldunagoa zen, Zumarragan kanpotik etorritako tratanteak egoten baitziren.

Nola ikusten duzu gaur egun?
Egun, askoz ere postu gehiago daude. Txarlatanak faltan sumatzen ditut, ordea. Mutikotan asko gustatzen zitzaidan turroi-saltzaileek-eta erabiltzen zituzten taktikak ikustea.

Lehen gehiago saltzen al zen?
Gu ez gara saltzera joaten. Lehiaketan parte hartzen dugu. Sari asko lortu ditugu eta horrek jarraitzeko indarrak ematen dizkigu.

Zer egin beharko litzateke feria hobetzeko?
Feria oso ondo ikusten dut. Antolaketa oso ona da. Hainbeste gauza daude… Egun bat baino gehiago iraun beharko luke dena ondo ikusi ahal izateko! Egun bakarrerako horrenbeste lan hartzea, pena da. Lehen ganadu feria iluntzera arte luzatzen zen.

Nola pasatzen duzu eguna?
Feria heldu aurretik, kapoi bikoteak prestatu behar dira. Egunean bertan, kapoiak utzi ondoren, senitartekoekin bueltatxoa ematea gustatzen zait. Ganadu feria, barazkiak… dena ikusten dut.  Santa Lutzi feria oso gogokoa dut. Dagoeneko ez dugu denok elkarrekin bazkaltzen. Etxera berandu itzultzen naiz eta, gainera, itzultzean kapoiei jaten eman behar zaie. Arratsaldean herrira itzultzen naiz. Idi-probak ikusten ditut.

Feria gehiagotara joaten al zara?
Asteazkenetan Ordiziako feria ikustera joaten naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>