Eneritz Gorrotxategi eta Ion Muñoa

Eneritz Gorrotxategi

Zer moduz joan da zure inguruan Euskaraldia, ongi? Amaitu zaigu txapak soinean eramateak eman duen jolaserako eta hausnarketarako aitzakia, baina horrek ez du esan nahi 12. egunetik aurrera, ezin diegunik ohitura aldaketa horiei eutsi! Jendearen gogo eta borondatearen arabera antzemango ditugu.

Euskarak baina badu egunotan beste plaza garrantzitsu bat: Durangoko Azokarena. Horixe izan ohi da askorentzat urteko berritasunak erosteko aukera, lagunak topatzeko hitzordua, euskal artistek (musikari zein idazleek gehienbat) egindakoa ezagutzeko gunea, finean, euskara kontsumitzen jarraitzeko beste zentro neuralgiko edo aukera bikain bat. Azpimarratzekoa da hainbat elkarte txikik egiten duten ahalegina, azoka honetan txoko bat edota presentzia izan dezaten.

Aurten ere liburu eta disko uzta oparoa prestatu dute gure artistek eta egia izan arren urteak 365 egun dituela, nabarmena da Durangoko Azokarako uzta berria prestatu dutela. Leloak dion gisan, DA, asko dira; sarrerako atea zeharkatzen duten beste esango nuke nik.

Azken urteetan molde ezberdinetara bizi izan dut: bisitari eta erosle gisa, Gorrotxategi-Munoalanera joanda (bertatik kontakizuna egitera) edota bolondres gisa txandaren bat egitera joanda. 53garren edizio honetan ere hantxe izango gara. Zuk ba al duzu joateko ohiturarik?

Ion Muñoa

Durangoko azokara joateak geroz eta pereza handiagoa ematen dit; baina ez azokagatik, jendetzagatik baizik. Ez naiz erosoegi sentitzen jende asko kontzentratzen den lekuetan; eta are gutxiago leku itxi xamarrak baldin badira. Pazientzia gutxi, salmenta postuetako liburu, disko eta gainontzeko hamaika produktuak ikusteko hiruzpalau buru-bizkarren gainetik begiratu behar denean. Baina horiek nire maniak baino ez dira.

Argi dago Azokak sekulako meritua duela; ia mirari handi gisa sortu zela, ikaragarri garatu dela eta dimentsio nahiz kalitatez egun denak ere aitorpen zintzoena merezi duela. Eta noski! Errekonozimendu esker onekoena eman behar zaiela hainbeste lan egiten duten antolatzaile, sortzaile, editore, boluntario eta abarrei. Euskarak eta bereziki euskararen komunitateak behar dute Azoka. Ekoizpen kulturala ezinbestekoa da espazio komunikatiboetan, sozializaziokoetan, transmisiokoetan eta harremanekoetan kanpoko indar sutilek (eta ez hain sutilek) duten eragina kontuan hartuta. Eta hiztun komunitate batek ere behar du halako topagune bat (nire gusturako liturgikoegia).

Baina euskarak eta euskal komunitateak behar dituzte Euskaraldia bezalako esperimentu berriak ere; eta behar dugu Berri Txarrak taldeak San Mamesen MTV-ko jaialdian jotzea. Eta ziurrenik ulertu eta aitortu beharra daukagu baita ere, trajez edo takoiz jantzita MTV Bilbora ekarri eta Berri Txarrak-i jotzeko aukera ematen ari dena ere euskararen alde asko ari dela egiten. Euskal Herriaren eta euskararen periferiez asko hitz egiten den garaiotan, Durango bezalako zentru neuralgikoak inoiz baino gehiago, irekitzea ezinbestekoa dela uste dut. Eroso ez daudenak ni bezalako jendetza-fobikoak izan daitezela; eta ez komunitateko beste inor (txapa batekin, bestearekin edo batere gabe joanda ere).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>