«Trikitixa nire pasioa da eta haren alde nire alea jartzeak pozten nau»

Agurtzane_Elustondo
Agurtzane Elustondo (Legazpi, 1975) trikitilaria da. Haurra zela hasi zen soinua jotzen. Iñaki Garmendia Laja izan zuen irakasle, eta ez dira gutxi, aita gidari zela, Legazpitik Azkoitira haren eskolak jasotzea egindako joan etorriak. 2015ean diskoa kaleratu zuen bidelagun duen Ion anaia eta pandero jotzailearekin batera (Elustondo, Elkar, 2005). Elustondo plaza emakumea da, eta amatasunak haren ibiliari muga jarri dion arren, oraindik ere badabil plazan jasotzen duena ez baitauka saltzeko.  Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria da 2011. urtetik. Urri amaieran elkarteak proiektu berria aurkeztu zuen eta haren emaitza salgai dago egunotan Durangoko disko eta liburu azokan.

Garai batean egiten ziren Euskal Herriko Trikitixa Txapelketen grabazioak argitaratu dituzue.
Bai. 1979tik 1991ra egin ziren txapelketen grabazioak argitaratu ditugu. Aurretik ere egin ziren, baina ez dugu grabaziorik aurkitu, bilatzen ari gara eta agertuko balira argitaratuko genituzke.

Nolatan bururatu zitzaizuen proiektua?
Elkarreko diskoetxearen saileko Anjel Valdes gurekin harremanetan jarri zen. Harrezkero Elkarren barruko katalogoetako funts asko berriro argitaratzen ari ziren eta egungo euskarrietara ekartzen. Orain hiru urte IZ diskoetxeko katalogoan altxorrak aurkitu zituztela esan zigun eta, besteak beste, Trikitixa Txapelketen grabazioak  nola plazaratu aztertu nahi zutela.
Gure elkartearekin elkarlanean atera ezean ezingo ziotela heldu esan zigun Valdesek, izan ere, txapelketa haietan ehundik gora trikitilarik parte hartu zuten eta baimenak nahiz izapide asko egin behar ziren. Guri hasiera-hasieratik oso proiektu interesgarria iruditu zitzaigun, zeren elkartearen helburuekin oso bat baitzetorren. Elkartearen helburuak, besteak beste, trikitixa ikertzea, babestea, hedatzea, sustatzea eta bere etorkizuna zein transmisioa bermatzea dira. Finean, gure ondarea gorde eta belaunaldi berriei erreferentziak emateko aukera.

Disko sorta kalean da dagoeneko. Zer nolako harrera izan du?
Oso ona. Gazteen aldetik bakarrik ez, txapelketetan parte hartu zutenek ere gustura hartu dute.
Guztira zazpi txapelketa jaso ditugu hamahiru diskotan. Kaxa batean bilduta daude eta,  testuingurua azaltzea garrantzitsua zela pentsatu genuenez, Haritz Garmendiarengana jo genuen hark egindako ikerketa-lan mardularen laburpentxo bat egin, eta disko kaxarekin batera argitaratzeko. Garmendiak txapelketa nagusietan parte hartu duten trikitilarien datu basea osatu du, horretarako ikerketa sakona eginez eta iturri ezberdinak kontrastatuz.

Zu ere agertuko zara grabazioetan, txapelketan parte hartu zenuen eta.
Bai, azken txapelketan 16 urteak bete berri nituela parte hartzera animatu ninduten. Andoni Larrañaga pandero-jotzailearekin batera joan nintzen eta finalera iritsi ginen, Belodromoan jo genuen. Argitaratutako kaxa horretan nire betiko idolo eta soinu txikiaren maisu handienekin batera trikitixaren historia honen parte izatea ohore handia da niretzat.

Agurtzane_Elustondo(1)«Soinu txikia iritsi aurretik andreak pandero hutsez ibiltzen ziren erromerietan»

«Txapelketak ez diren beste bide batzuk dituzte gazteek beren lana ezagutarazteko»

«Garai bateko botere faktikoek emakumeak isilarazi zituzten»

1991tik ez da Trikitixa Txapelketa Nagusirik egiten Euskal Herrian, zergatik?
Polemika asko egon zen, nola neurtu daiteke trikitixaren bikaintasuna? Oso subjektiboa da. Bestetik, txapelketaren funtzioa aldatu dela esango nuke. Geu gaztetxoak ginenean ibilbide ohikoena zen trebatzea, txapelketetara joatea, irratietara eta plazara. Txapelketa ezagutzera emateko tokia zen.
Gaur egun badaude txapelketa batzuk, baina oso gazte gutxi dira parte hartzen dutenak. Izan ere, gazteek ez dute txapelketa premiarik, ezagutzera emateko beste bide batzuk dituzte, hala nola sare sozialak.

Zazpi urte dira trikitixa elkarteko lehendakaria zarela. Esker oneko lana da?
Niretzat trikitixa pasioa denez, elkartean aritzeak horren alde zerbait egiten ari naizenaren sentipena uzten dit; nire hondar alea jartzeak pozten nau.

Txapelketetako grabazioen argitalpenaz gain, zer du elkarteak orain esku artean?
Trikitixa munduan belaunaldi eta profil askotariko jendea biltzen da eta haiengana guztiengana iristeko ekintza ugari egiten ditugu. Badugu dokumentazio zentro bat non etengabeko bilketa lana egiten ari garen. Ikerketa lanak oparoak dira. Orain, esate baterako, generoaren ildoa jorratzen ari gara, trikitixaren mundua oso maskulinoa izan baita. Aitzitik, badakigu izenak agertu ez arren, emakumezkoak egon direla. Soinu txikiak orain mende eta erditik daude gurean. Aurretik emakumeak ibiltzen ziren erromerietan, pandero hutsez koplak kantatzen. Gerora soinujoleak eta alboka jotzaileak gonbidatu omen zituzten. Alabaina, garaiko botere faktikoek andreak isilarazi zituzten eta plazatik desagertu ziren. Kandido Begiristain soinu jotzailearen alaba Antoninak, esate baterako,  behin plazan jo zuen eta «nobioa egin zuen»; aitak harrezkero plazan jotzea debekatu zion. Generoa oinarri hartuta Bizkaiko ikerketa egina da eta orain Gipuzkoakoa egiten ari gara.
Soinuaren Liburutegian lanean ari gara. Aurkeztu berri dugu trikitixari ekarpena egin dioten pertsonaien bildumako aurtengo biografia, Euleterio Tapiarena, Joxean Agirrek idatzi duena; hori ere salgai egongo da Durangon trikitixa elkarteko postuan.

Iraganari begiratzeaz gain, orainari ere begiratzen diozue, ezta?
Gazteen zein helduen topaketak egiten ditugu, udalekuak, jaialdiak, jardunaldiak… Partituren Liburuan lanean ari gara eta aurten jotzaileei zer partitura nahi dituzten proposatzeko aukera eman diegu. Maketa lehiaketaren bigarren urtea da aurtengoa, eta horren harira grabatu dugun Haziak II diskoaren aurkezpena Durangon egingo da, Ahotsenean. Goierri garaiko Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerexetak zein Elene Jakak, Ainhoa Irazustabarrenak eta June Olaizolak parte hartu duten diskoan.

Lan esparru zabala duzue elkartean. Plazarako tarterik geratzen zaizu?
Plazan dezente ibilitakoak gara Jon anaia eta biok. Orain, amatasunak emanaldiak dosifikatzeko beharra sortu dit. Etxekoei esker, amaren baldintzarik gabeko laguntzari esker jarraitu ahal izan dut plazan jendeak ematen digun berotasun hori jasotzen. Plazak asko betetzen nau, asko jasotzen dut.
Anaiarekin aritzen naiz beti, gustuen harekin joaten naiz, babestuta sentitzen naiz. Egun,  harekin ez bada, ez naiz joaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>