Olentzero, Legazpin bisitan

Olentzeroren_bisitak_Legaz

Urteak dira Olentzero Legazpira bisitan etortzen hasi zela. Lenbur Fundazioak gonbidatuta, azaroarekin batera hasi eta ia Gabon gau bera arte, Mirandaola parkean egiten ditu egun pasak larunbat, igande eta jai egunetan –baita astegunetan ere, ikastetxeetako taldeekin–, bertaratzen diren haur eta heldu guztiekin solasaldiak, irribarreak, sekretuak, argazkiak, une goxoak… konpartitzeko.

Olentzerorena, Legazpiko sustapen turistikoaz arduratzen den Lenbur Fundazioaek eskaintzen duen familientzako planetako bat da. Zazpi urte dira dagoeneko plan hori bere eskaintzaren barruan sartuta dagoela, eta honen guztiaren abiapuntu izan zen lehen tailer apal hura –30 haurrek parte hartu zuten orduan– beste dimentsio bat hartuta dago eta aparteko fenomeno bihurtu da, aurten 10:000 lagunek eskatu baitute Olentzerorekin hitzordua.

Aurten 10.000 bisitari

Legazpiko guraso batzuen kezkak eraginda sortu zen Olentzeroren inguruan haurrekin tailer bat egiteko ideia. Opariak ekartzen dituen ikazkin horri buruz txikiek ezer gutxi zekitela ikusita, ipuin kontaketa moduko saio pribatu bat antolatu zuten herriko elkarte batean, eta hain harrera ona izan zuenez… hurrengo urtean, ikatza aitzakia hartuta, Olentzeroren lanbidea eta burdinolak funtzionatzeko behar duen lehengaia elkartu, eta Mirandaolara eraman zuten jarduera. Lehen tailer hartarako Olentzero bera gonbidatu zuten, eta 30 haurrek parte hartu zuten.

Gauzak asko aldatu dira ordutik, eta geroz eta gehiago dira pertsonaia kuttun horrekin  unetxo bat igaro nahi duten ume eta helduen kopurua. Aurten, 10.000 baino gehiago izango dira bisitariak. Horiek guztiak manejatzeko, berriz, 15 lagun ari dira lanean Lenbur Fundazioaren inguruan, eta hainbeste jenderen bisitek, gainera, eragin zuzena dute Legazpiko ostalaritza eta merkataritzaren alorretan.

Bisitariak toki askotatik etortzen dira, eta ez bakarrik ingurutik:?Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Iparralde… Nafarroatik, adibidez, eskari handia dago, eta lurralde horretan jaiegun den abenduaren 3rako eskainitako txanda guztiak bete egin dira aurten.

Abenduaren 3ko eskaintza berezia barne, Olentzero 20 egunetan etorriko da bisitan aurten Legazpira, eta egun horietako bakoitzean bederatzi txanda egingo ditu, ordu betekoak, bisitari guztiekin egoteko.

Gutunak, txupeteak eta patxintxiak

Olentzero ikazkina da, eta sarritan, basoan egindako ikatza Mirandaolako burdinolara ekartzen duenez, haurrek bertatik bertara ezagutzeko aukera dute Lenbur Fundazioak antolatutako bisita hauekin.

Bisita Euskal Burdinaren museoan hasten da. Han, ipuin kontalari batek egiten die ongi etorria bisitariei, eta  Olentzero ikazkinaren ogibideari buruzko xehetasunak ematen dizkie;?Mari Domingi eta Napoleon astoaren ipuina ere kontatzen dizkie.

Ondoren, kanpora irteten dute bisitariek Olentzeroren bila. Menditik jaisten da ikazkina, zaku eta guzti, eta haur eta gurasoek ozen deitu behar izaten diote beraiengana gerturatzeko. Parkean denak elkartu eta burdinolara joaten dira gero, olagizon edo olaemakume baten laguntzarekin.

Mirandaolako burdinolaren barruan gauzatzen da bisitaren bigarren zatia. Bertan, haurrek, Olentzerorekin egoteko aukera izaten dute eta banan-banan hurbiltzen zaie eskutitza emateko, argazkia ateratzeko eta, askotan, baita txupetea oparitzeko ere.

Bukatzeko, patxintxiak eta Mirandaolako labean danbolinean erretako gaztaina goxoak dastatzen dituzte, guztiek elkarrekin. Txikienak  poz-pozik joaten dira gero etxera, eta Olentzero, berriz, nahiko lanpetuta, jasotako gutun guztiak irakurri eta opari eskariak bideratzeko lan handia izango duelako abenduaren 24ko gau magikora arte.

Ibilaldi mitologikoan, Ataunen

Ibilbide_magikoa_AtaunenMagikoa izango da, baita ere, Olentzerorekin Ataunen abenduaren 23ko goizean izango den hitzordua. Han ere, Olentzero berarekin egoteko aukera izango dute txikienek, baita    gutunak entregatzeko ere, baina pertsonaia mitologiko batzuk lagun izango ditu.

Lizarrustiko basoan jartzen du hitzordua Olentzerok egun horretarako Aralarko Parketxeak, Barandiaran museoak eta Jentilbaratza elkarteak lagunduta. Ataun. Jentilak eta Olentzero ibilaldi magikoa du izena ekitaldiak. Iazkoan 500-bat lagun elkartu ziren, haur eta heldu, eta aurten ere antzeko kopurua espero dute antolatzaileek.

Goizeko bisita da, eta bakarra, Olentzerok Lizarrustiko basoetako lurralde magikora egingo duena, eta ohi bezala,  jentilak, Torto, Marimunduko, Sanmartintxiki… eta beste pertsonaia batzuk izango ditu lagun, baita Mari Domingi ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>