Legorretako urre beltza garaile

Manoli Uranga eta Joxe Mujika, azken hori Tolosako Babarrun Txapelketan irabazitako txapela buruan duela.

Manoli Uranga eta Joxe Mujika, azken hori Tolosako Babarrun Txapelketan irabazitako txapela buruan duela.

Bosgarren txapela eskuratu dute Tolosako Babarrun Txapelketan Manoli Uranga (Albiztur) eta Joxe Mujika (Legorreta) senar-emazteek. Azaroaren 17an jokatu zen txapelketa Tolosako Triangulo plazan.

Legorretan bizi dira Uranga eta Mujika, Toki Eder etxean eta handik gertu dute horren ondo zaintzen duten soroa. Horrelako egoeretan kazetari batek egin beharreko derrigorrezko galdera da honakoa: Zein da sekretua bost txapela lortzeko? Mujikak argi du: «Bikotean, berriketan eta mimo handiarekin lan egitea».

Urrezko ezteiak ere bete dituzte Urangak eta Mujikak. Ezkondu berritan, Albizturrera joaten zen legorretarra, emaztea bixitatzera. Garai hartan, «Tolosako azokara etxeko produktuak saltzera joaten zen ama, asto gainean», kontatu du Urangak. Ondoren, «autobusa jarri» zutela oroitzen du eta antza, autobusean joaten zen merkatura, «beste garai batzuk ziren». Baina Urangaren ama gaixotu eta azokara joan ezin zuenez, Mujika hasi zen haren lanak betetzen. Horrela hasi zen babarrunaren mundu honetan.

«Lan handia»

Datorren urteko txapelketan parte hartuko ote duten ziur ez ez dakite, «beste batzuei ere uzten hasi beharko dugu, irabazleak beti gu ez izateko», esan du Albizturgoak. Dena den, ederki kontatu dute Tolosako Babarruna nola landatzen duten eta nola lan egiten duten bere etxean. «Lehenik lurra ondo  prestatu behar da. Ondoren artoa erein eta 10 bat zentimetro hazten utzi,  babarruna erein aurretik, horrela, artoak babarrun landareari eusteko». Hortik aurrera, «soroa zaindu behar da; lurrean dauden aleak jaso, hostoak kendu eta beste hainbat gauza».

Tolosako Babarrunaren elkartearen barruan daudenez, bildutako guztia elkartera eraman beharrean daude, lekan daudenean. Han «aletu, txarrak daudenak kendu, izozkailutik pasa, eta ondoren bere zakutxotan sartzen dituzte».

Sukaldean sekreturik ez

Tolosako Babarruna prestatzeak «sekreturik ez» duela adierazi du Mujikak. «Babarrunak eltze batean jarri ur hotzarekin, oliba olioarekin eta xehe-xehe txikitutako tipularekin», hori da egin beharreko lehenengo gauza. Aurretik babarruna beratzen jartzea ez dela beharrezkoa nabarmendu du.

Eltzea su bizian jarri irakiten hasi arte, gero sua moteldu eta babarrunak gutxi gorabehera bi ordu t’erdiz makal irakiten eduki. Egiten ari diren heinean, eta beharrezkoa baldin bada, ura botaz joan behar da.

Babarrunak ondo eginda daudenean, «gatza bota eta su motelean eduki minutu batzuetan. Jateko atera baino lehen, sutik kanpora utzi salda loditzeko». Ondoren, disfrutatzea baino ez da gelditzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>