Basoko jauna eta dama

ION_URTEAGA_EHIZTARIA_TXAKIon Urteaga ormaiztegiarrak irabazi du Euskal Herriko Basoetako Dama ehiza liga, Iratin. ‘Iturbeltza Hasi’ setter ingeles txakurrarekin, oilagorra hiltzen ez den ‘field trial’ modalitatean aritzen da. Lau proba izan ditu aurten txapelketak.

Txakurrekiko eta ehizarekiko pasioa modu ezin jasangarriagoan uztartzen asmatu du Ion Urteagak (Ormaiztegi, 1978). Oilagor ehizean aritzen da, baina hegaztia hil gabeko field trial modalitatean. Gipuzkoan ehiza eredu hori sartzen aitzindari izan den Euskal Herrian Field Trial elkarteko kidea da. Berriki, Euskal Herriko Basoetako Dama txapelketa irabazi du.

Hain justu, 2011n hasi ziren euskal ehiztariak lehiaketa hori antolatzen, Enirio-Aralarko field triala (urte hartan sortua) eta Zuberoako Iratikoa batuta. Harrezkero, beste bi sartu dira Euskal Herriko ligan: Zuhatzu-Kuartangokoa (Araba) eta Aralarko San Migelekoa (Nafarroa). Bina eguneko lehiaketak izan ohi dira bakoitzean.

Liga modura funtzionatzen du, eta Urteagak batu ditu aurten puntu gehien. «Puntu berdinetan hiru zakur zeuden. Zirkuitu osoa nik bakarrik egin dudanez, garaile ni izan naiz», azaldu du Ion Urteagak. Hala, Euskal Herriko Basoetako Dama bera da.

‘Iturbeltza Hasi’-rekin

Kurioski, Enirio-Aralarko field triala ezin izan da burutu aurten, data berean Munduko Txapelketa jokatu zelako Toledon (Espainia). «Espainiako Txakur Federazioak kudeatzen dituenez denak, ezin izan genuen antolatu, mundukoa zegoelako».

Iturbeltza Hasi izeneko txakurra du Urteagak basoan bere lagun fidela. Setter ingelesa da, emea, sei urtekoa. Orain dela bi urte, Europako txapeldunorde geratutakoa. «Eskola pixka bat badu. Jaiotzetik nirea da, eta ehizean ni ibiltzen naiz berarekin». Beste lehiaketa batzuetan, gidari profesionalak ere izan ohi dira.

Lehenengo eta behin, «oilagor ehiztari ona» izan behar du zakurrak, Urteagaren iritziz. «Bilatzen ez badu ez dagoelako punturik, eta alferrik da orduan. Txakurra askatu, eta denbora bat daukate. Oilagorra altxatzen dutenean, tiroa bota eta geldirik geratu behar du. Hori eginez gero, puntua jasotzen dute, kalifikazioa».

Baina harrapari-senak agintzen diona balaztatzen ere jakin behar du txakurrak; oilagorra ezin delako hil field trialetan. Ehiztariak perkutorez tiro hotsa jotakoan eta hegaztia aireratutakoan, ezin du mugitu, gainera. «Horretarako berezitasun bat du, arrazako klase oso ona duela; klase askokoa da. Beti maila handiko emaitza izaten du, eta txakur goxoa da».

Hala, Iratiko azken proban, CACT kalifikazioa lortu zuen Iturbeltza Hasi-k, dagoen nota altuena. Txapela irabazteko modu ezin hobea, beraz.

Iparraldeari begira

Urteagak lehenengo aldiz irabazi du Basoetako Dama titulua. 2016an, Grezian, Europako txapeldunorde izan zen, eta beste sari batzuk ere lortu ditu, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Baina «mundu konplikatua» dela aitortu du ehiztariak, batetik bestera asko ibili beharra dagoelako.

«Taldean lan egiten dugu asko guk. Asko bidaiatu behar da. Ipar Euskal Herrikoekin harremana daukagu, eta asko laguntzen digute». Hain zuzen, Iparraldeko txakur hazle onenetakoekin laguntasuna dute.

Horrez gain, Arantzegi izeneko haztegia dauka Urteagak. Deitura hori jartzen die han jaiotako txakurrei. Iturbeltza Hasi, berriz, Ataungo Iban Urdangarin lehengusuaren Iturbeltza haztegitik ateratakoa da. «Lehiaketetan beste urtebeteren bat ibiltzeko modua izango du, askoz gehiago ez. Presio handia izaten du eta». Jubilazioa ondo irabazia dauka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>