Iraia Oiarzabal eta Nagore Belastegi

Iraia Oiarzabal

Ez dugu ez originaltasunaren meritua irabaziko hilabete honetako zutabearekin. Egutegira begiratuta, urteari azken egunak geratzen zaizkionean, atzera edo aurrera begiratzeko tenorea izaten da askorentzat. Irakaspenak atera, lorpenak ospatu eta asmo onak adieraztea tokatzen da. Sarritan txoko honetara ekarri izan dugun gaiari helduko diot beste behin, hausnarketa horri feminismoaren borrokaren arlora ekartzeko. Bukatzen ari den hau urte garrantzitsua izan delakoan nago, zerbait ezberdina sumatu dut inguruan. Urte askotan mugimendu feministak egindako lanari geroz eta jende gehiago batzen ari zaiola iruditzen zait. Aurpegi gazteak eta zimurtzen hasitako azalak ikusi ditugu kaleetan emakumeon eskubideak aldarrikatzen, indarkeria matxista salatzen eta sakoneko aldaketak eskatzen. Kezkarako arrazoiak ere izan dira noski. Zenbat kontzientzia gelditzen diren aldatzeko! Horrexegatik izango da 2019a ere urte garrantzitsua: beldurrari eta lotsari aurre egiteko, inoren azpitik sentitzeari uzteko, ahalduntzen jarraitzeko, bidelagun berriak bidera batzeko… Oiarzabal-BelastegiAniztasuna, molde berriak bilatzea, irmotasuna, enpatia eta ahizpatasuna lortutako balore handiak direla esango nuke. Horietan sakontzea dagokigu orain. Urte berri on!

Nagore Belastegi

Nik ere nabaritu dut feminismoa gero eta zabalduagoa dagoela, edo zabalduagoa baino, onartuagoa. Ulertzen ez dudan arrazoiren batengatik «ez feministak, ez matxistak» zirela esaten zuten asko zeuden lehen, feminista izatea txarra izango balitz. Oraindik ere entzuten dira halako astakeriak, baina aurtengo bultzadari esker feminismoaren helburua berdintasuna dela ikasi dute askok. Denok dugu zer ikasi. Azken aldian izan diren eraso sexista bortitzak eta horien aurrean ezarri dituzten zigor eskasek gizartea asaldatu dute. Haserre gaude, eta ez gara ixilduko. Taldeak ematen duen indarra geldiezina da. Emakumeok errua eranzten hasiak gara, biluztu egin gara, beste emakumeak ez direlako gure etsaiak, gure artean ez garelako gaiztoak –behin eta berriz esan diguten arren–, elkarri zaintzen diogula ikusten ari garelako. Ez gaude bakarrik. Kantek boteretsuak garela esaten digute, filmetan bakarrik zaintzen diren printzesak edo heroiak garela ikusten dugu, kalean nahi dugun bezala bizi dezakegula ikasten dugu. Beldurrik ez izateko esaten digute, eta ausartak izaten saiatzen gara noizbait askeak izateko itxaropena dugulako. Amonek bilobei esker gogoratzen ari dira, eta elkarrelikatzen den ziklo bat bilakatu da non zimurrak dituztenek energia dutenak miresten dituzten, eta alderantziz. Morez janztea moda bat besterik ez dela diote batzuk. Hala bada, iraun dezala betiko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>