Bake osoari bide

Abenduaren 24an Urretxun eta Zumarragan egindako presoen aldeko elkarretaratzea.

Abenduaren 24an Urretxun eta Zumarragan egindako presoen aldeko elkarretaratzea.

Larunbatean, hilaren 12an, manifestazio nazional bikoitza deitu du Sarek  ‘Orain presoak’ lelopean. Goierriko hamalau euskal preso daude Espainiako 11 kartzeletan sakabanatuta. Senideek 18.440 kilometro egiten dituzte astero.

Bakegintza eta elkar bizitzaren bidean: Orain Presoak! goiburupean bi manifestazio deitu ditu Sarek, bihar, urtarrilaren 12an,  Bilbon(17:00) eta Baionan (17:00). Ohi bezala, goierritar ugarik egingo dute bat aldarrikapenarekin eta autobusak antolatu dituzte Goierriko herri handienetan.  Sareko Goretti Larrañaga Arkotxaren esanetan, «milaka eta milaka bilduko gara Bilbon eta Baionan, Madrili eta Parisi esateko, bake justu eta iraunkor baten baldintzak ez direla orandik bete. Esango diegu  prozesua ez dela bukatu gatazka armatuaren amaierarekin». Era horretan, «armagabetzea eta ETAren disoluzioaren ondotik, orain presoen aldia izan behar dela oihukatuko» dutela diote: «Urgentziazko garaian sartuak gara. Presoen auzia konpontzeko unea etorria da. Nahiz eta giltza nagusia estatuen esku egon, gizarte zibilak ere badu egoera aldatzeko eginkizuna».

Norabide horretan, «salbuespen neurriak kentzea» eskatzen jarraituko du Sarek: «Giza eskubide arruntak errespetatzeko, gaurko egoera politiko berriak eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarria delako». Kendu beharreko salbuespen neurriei dagokienean, lau lehenetsi dituzte: urruntzearekin bukatzea, larriki gaixo dauden presoak askatzea, bi estatuetako zigorren batuketa aplikatzea eta Lehen Graduaren aldaketa.

ImprimirGoierrin 14 euskal preso

Goierriri dagokionean, 14 euskal preso daude Espainiako 11 kartzeletan sakabanatuta. Beraien familiek eta lagunek, astero, 18.440 kilometro egin behar izaten dituzte, gehienean, kristalaren atzetik, 40 minutuko bisita egiteko.  Astean, 1.880 euro gastatzen dituzte errepideetan, gasolinetan eta autopisteetan. Preso askoren kasuan gainera, haurrak (Goierrin zazpi haur) eta adinez aurrera doazen pertsonak daude tartean.  Granadako espetxean dagoen Iban Apaolaza presoak nabarmendu du senideentzat «gogorra» dela bidaia «emozionalki, fisikiko eta diru aldetik, gehienbat gurasoentzat eta semearentzat».

Sevillako kartzelan dagoen Rufino Arriagaren kasuan, «87 urteko ama du, ez da ohetik altxatzen. Azken bisita duela 10 urte egin zuen. Rufino bi aldiz ekarri dute etxera ama bisitatzera; bigarrena, aita hil zenean. Ama ikustera etortzeko baimena eskatu zuen 2017ko ekainean. Hainbat alditan atzera bota ondoren, orain eman diote etortzeko baimena. Amak ezin du bisitarik egin eta arrebak ere ez, amaren zaintza berak egiten duelako». Ocañan (Toledo) dagoen Aitor Esnaolaren aitak ere ezin du semea bixitatu, osasun arazoak tarteko.  Preso gaixoen zerrendan 21 lagun daude; tartean dago Itsasondoko Mikel Otegi, 2017ko urrian bihotzekoa izan baitzuen.  Valdemoroko (Madril) kartzelan dago, 490 kilometrora.

Bestalde,  urriaren 23an, Estrasburgoko  Giza Eskubideen Epaitegiak ezezkoa eman zion bi estatuetako zigorren batuketa aplikatzeari. Onartu izan balute, Pakito Mujika eta Rufino Arriaga etxean leudeke dagoeneko. Mikel Otegiri, Idoia Mendizabali, Ainhoa Barbarini, Ismael Berasategiri eta Xabier Zabalori eragin die erabakiak.

Graduen progresioa

Lehen Graduen aldaketa da laugarren aldarrikapena. Beasaingo Presoen Batzordeko Kai Saez de Egilazen esanetan, «duela urtebete EPPK-k barne eztabaida amaitu eta indibidualki ohiko legalitatearen ibilbideari ekin zionetik, ugari izan dira gradu progresioa eskatu duten presoak. Baina, epaitegietatik emandako erantzunak, ezezkoa  izan dira sistematikoki». Honela,  euskal presoen %95 lehenengo graduan dago. Foro Sozial Iraunkorrak emandako datuen arabera, uztail eta urri bitartean 46 kasuren autoak aztertu zituen Zigor Zaintzarako Epaitegi Zentralak:   «Urriaren hasieran aurkeztutako txosten horrek, euskal presoak lehen graduan mantentzeko argudioen funtsik eza agerian utzi zuen eta jarrera tinkoa adierazi zuen: bi kasu izan ezik, gainerako denak ukatu egin baitzituen». Kasu horietako bat izan zen Mikel Otegi itsasondoarrarena.  Goierriko presoei dagokionean,  Otegi bakarrik dago bigarren graduan, «Espetxe Instituzioetarako Idazkaritza Nagusiak lehen gradutik bigarrenera pasatzeko eskaria ukatu ondoren, urriaren 16an Zigor Zaintzarako Epaitegi Zentralak eskaria onartuta».

Pixkanaka beste 65 eskariren ebazpen publikoak egiten ari dira, «eta orain arte bezala, oinarri juridikorik gabe ere, ukaziozko erantzunak izan dira nagusi». Horien tartean, abenduaren 5ean,  Lierni Armendariz beasaindarrari zegokion autoa argitaratu zuen   Zigor Zaintzarako Epaitegi Zentralak, gradu progresioa ukatuz, Aitor Esnaola legorretarrari eta Xabier Makazaga segurarrari egin zioten bezala.

Iban Apaolaza  eta Mikel  Azurmendi beasaindarrak eta Oskarbi Jauregi zaldibiarra ebazpenaren zain daude.   «Horien kasuan, hasiera batean, kartzelako tratamendu juntak zein Espetxe Instituzioetarako Idazkaritza Nagusiak ukatu egin dizkiete eskariak».

Beasaingo  Batzordeak gogoratu duenez, «lehen graduko klasifikazioa oso ez-ohikoa da,  eta kartzeletan dauden zigortuen %2,1 bakarrik dago errejimen horretan. Espetxe Lege Organiko Orokorrak eta Erreglamenduak, ohiko errejimenean egokitu ezin diren edo arrisku handiko presoak jar ditzake lehen graduan, eta denboraldi mugatuan. Ohikoena bigarren edo hirugarren graduan egotea da, eta espetxean daudenen %97,9 horrela dago».

Lehenengo gradutik bigarren gradurako jauzia «ezinbestekoa» da kartzelaldiak ematen duen bide legalean aurrera egiteko. Izan ere, «Lehenengo graduan egonik ezinezkoa da baimenik jasotzea. Baimenik gabe ezinezkoa da hirugarren gradua jasotzea eta hirugarren gradurik gabe ezinezkoa da behin-behinek askatasunean ateratzea».

Era horretan,  Saez de Egilazek nabarmendu duenez, «lehen graduan izatearen ondorio larriena, bizi baldintza oso kaxkarrak izateaz gain, bide legala urratuz kalera atera ahal izateko aukera ukatzea da,  Euskal herritik urrun eta gerturatzeko aukerarik gabe mantenduaz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>