Oihane Vicente, kantari

Ertzak_taldeaOihane Vicente zumarragarraren Ertzak taldeak lehen diskoa argitaratu du, ‘Gaur’ du izenburua. Vicente dantzari bezala egin da ezagun, baina abestea ere gustatzen zaio.

Oihane Vicente zumarragarra ez da geldirik egotekoa. Irrintzi dantza taldeko kidea da eta emakumeek ezpata dantza egitearen alde borrokatu zen. Ikastaroak eman ditu, Gabonetan Mari Domingiren rola bete zuen… Dantzari bezala egin zen ezagun, baina abestea ere gustatzen zaio. Ertzak folk taldearekin diskoa grabatu du eta Durangoko Azokan aurkeztu zuten.

Taldea Aritz Alustiza trikitilariak eta Ainara Aranzabal biolin jotzaileak sortu zuten, 2017an. Berehala, Vicente batu zitzaien. Lehen disko hori iazko udan grabatu zuten Mutrikuko AME estudioan. Grabaketarako, baxua, gitarra eta bateria batu zitzaizkien. Iker Lauroba, Julen Arrieta eta Ekaitz Otxoaren laguntza izan zuten.

Oihane_Vicente«Durangoko Azokako Ahotsenea gunean egin genuen kontzertua oso ondo joan zen. Gainera, gure postua jarri genuen. Diskoa nahiko ondo ari da saltzen»

Oihane Vicente
(Ertzak taldeko abeslaria)

Kolaborazioak ere izan zituzten: Maixa Lizarribarren eta Kristina Solanoren ahotsa eta panderoa  Bideak abestian eta Kataluniako Roba Estesa taldeko Neus eta Clararen ahotsa Eskuak lotu abestian. Axularrek eta Larraitzek, berriz, perkusioa jo zuten.

Folka oinarritzat hartuta, soinu aniztasuna da nagusi: rumba, trikitixa, arin-arina, balsa…

Vicente oso gustura ageri da. «Durangoko Azokako Ahotsenea gunean egin genuen kontzertua oso ondo joan zen. Gainera, gure postua jarri genuen. Diskoa nahiko ondo ari da saltzen».

Zumarragan ere salgai jarri dute: Eitzako Korta tabernan eta Bidezar kaleko Lanbroa belar-dendan.

Zumarragako dantzaria abesten ikustea harrigarria suerta daiteke, baina betidanik gustatzen zaio abestea. «Nik ere ez nekien abesten nuenik!», dio txantxetan. «Abestea asko gustatzen zait», amaitu du Vicentek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>