Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

Marka pasa zait lehengoan! Lantokiko kafe makinan bi euroko txanpona bota, kafe xixtrin xamarra hartu eta bueltan aparatuak itzulitako txanponak sartu ditut patrikan. Joan naiz handik ordu batzuetara ogia erostera eta txanpon sobranteak atera ditut galtzetatik eta hasi naiz ordaintzeko, eta hara non sorpresa! Euroko txanpona zela uste nuena ez dela euroa! Gerturatu diot bista eta hasi naiz irakurtzen eta hantxe hiru hitz letra larriz idatzita: «Liberte, egalite, fraternite»; eta erdian zenbaki bat: «10», eta azpian urte bat: «1991». Bai! Frantzian 1991n kaleratutako 10 frankoko txanpona esku artean.

Irribarretxo bat irten zait. Eta burura etorri zaizkit denbora gutxian ideia eta oroitzapen ezberdin piloa! Lehenik jakinmina piztu zait azeri azkarrenaren pare kafe makina engainatuz ni euro bat pobreago egin nauen pikaroari eta jokabide horretarako haren motibazioei buruz. Ondoren paradoxa etorri zait burura: 10 frankoren balioa 1,52 euro ziratekeen, baina orain euroaren pare erabili du norbaitek eta niri ez dit ezertarako balio (kafe makina bera engainatzeko ez bada…). Eta euroa sartu zen garaiaz (17 urte pasa dira jada, benetan?) akordatu naiz, eta guretzat ere denbora badoala jabetu beste behin, eta Biriatuko muga pasatakoan monetarioki ere beste mundu batera gindoazen ume-gaztetxotako garaiez…

Eta hiru hitzei erreparatuz, Biriatun mugan dabiltzan migratzaile beltzez eta txaleko horiez oroitu naiz eta galdera sortu zait egun Europan askatasunak, berdintasunak eta fraternitateak esan nahiko dutenaz. Eta Europako proiektuaz, eskuin muturreko mamuen olatuez eta maiatzeko hauteskundeez ere akordatu naiz. Eta zalantza sortu zait ez ote Munoa-Gorrotxategidaramagun denok barnean pikarotxo berekoitxo bat… Eta ogia ordaintzeko bost eurokoa atera behar izan dut karteratik.

Eneritz Gorrotxategi

Niri ere irribarretxoa atera zait zure pasartea irakurritakoan! Ai ene! Ez al zara gogoratzen parrandara bi kartera hartuta irteten ginen garaiaz? Batean euroak, bestean pezetak, eta tabernan berriz hori buruhaustea; kalkulua pezetetan edo eurotan egin behar zutenentzat! Oraindik ere esango nuke, zenbait gauzetan (batez ere zenbaki handi edo potoloetan), asko direla pezetetako kalkulua egiten dutenak, baina… gero eta gutxiago akaso, ezta?

Gero eta gertuago daude bai maiatzaren 26ko hauteskundeak, eta gero eta ozenagoa da muturrekotasunaren mamua. Baina esango nuke badirela gizarte honetan mamu gehiago ere; zuk aipatzen dituzun horiek alboan utzi gabe, noski, hortxe dago emakumeen kontrako indarkeria. Ea beste 17 urte baino lehen gizarte honek ikasten duen emakumeekiko errespetua zer den, eta gaur egungo eta etorkizuneko emakumeak kalean aske izateko aukera duten. Pentsiodunek ere mamu bat baino gehiago dituzte inguruan, baina ikusteke dago maiatzaren 26ari begira zein den arlo hauetan kolore bakoitzaren eskaintza.

17 urteotan gizartea asko aldatu da, baina bistakoa den gisan, zenbait arlotan asko dago egiteke: Ipar Euskal Herrian duela 17 urte, eta orain ere, beste erritmo batean bizi dira, eta nik asko estimatzen dut tartean behin erritmo hori. Ea zertxobait ikasten dugun eurengandik! Eta, segi, segi kafe xixtrinak hartzen, oroitzapenak astintzeko eta gogoetarako tartea behintzat eskaini digu eta! Nik aukeran, infusio bat nahiago!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>