Surik gabeko kerik ez

Suhiltzaileak

Legazpiko Korosti suhiltzaile parkea itxi eta Gipuzkoa mendebaldeko zerbitzua bateratu nahi dute Bergaran.

Aurreko abenduaren 8an Legazpiko Korosti suhiltzaile parkea 24 orduz itxita egon zen. Eguerdiko txandan sartu ziren lau suhiltzaileak beste parke batzuetan kokatu zituzten haietan zeuden hutsuneak betetzeko. Egoerak alarmak piztu zituen eta suhiltzaileak mobilizatu ziren lan baldintza duinak aldarrikatzeko. Gaur-gaurkoz lau suhiltzaile dago txanda bakoitzeko Gipuzkoako suhiltzaile parke guztietan, Donostiakoan salbu; denera zortzi parke daude Gipuzkoan. Lau suhiltzaile asko direla pentsa liteke irteerarik ez badago; irteerarik badago, ordea, lau gutxi da. Suhiltzaile baten hitzetan, «biztanleriaren segurtasuna bermatzeko zein geu lanean ari garenean elkar babesteko gutxi da».

Lauko kopurua minimoa izanda ere, aurretik borrokatu ziren hirutik laura igo zedin eta euren soldaten lepotik lortu zuten, minimo hori ez da beti betetzen; hortik Korosti parkearen itxiera. Abenduaren 8 hartan Eibarko eta Zarauzko parkeetan hiru suhiltzaile baino ez zeuden eta hutsuneak Legazpikoek bete zituzten; beste biak Ordiziako eta Oñatiko parkeetan banatu zituzten Goierri garaiko eremua haietatik zaintzeko errefortzua egon zedin.

Parkeetako txandetako pertsonal hutsune horiek sortu izanaren arrazoia azaldu du suhiltzaile batek. «Hutsuneak bitarteko suhiltzaileekin betetzen dira, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartekoen lan poltsak ez du ongi funtzionatzen eta minimoak bete daitezen gu erantzuten ari gara aspaldian».

Aldundiak SMS bitartez deitzen ditu suhiltzaileak hutsuneak bete ditzaten, eta haiek euren prestutasuna erakutsi dutela diote, beti ere zenbait baldintza betez gero: «Gure akordioak ez zituen programatutako hutsuneak hartzen, esate baterako, kide bati ebakuntza bat egin behar badiote aldundiak bere hutsunea aurreikusi dezake. Horietarako ere deitzen digute».
Orain artean sarritan halako hutsuneak ere bete dituzte. Asteburuetan nahiz jaiegunetan suertatutakoak betetzen dituzte Gipuzkoako Foru Aldundia itxita baitago.

Gipuzkoa Babestu 20-30

Azken hamar urteetan Gipuzkoan bederatzi deialdi egin dira bitarteko suhiltzaileen lan poltsak osatzeko. Bitarteko suhiltzaileak parke batetik bestera mugitzen dira. Lan egiteko deia jasotzean justifikatu gabeko ezezkoa emanez gero, lan poltsatik bi urtez kaleratzen dituzte. Behin-behineko kontratuok, halaber, parkeetako lan taldeak hauskorrak bihurtzen ditu,   etengabe aldatzen ari direlako. Korosti parkeko suhiltzaile batek dioenez, Legazpiko taldea berrituta dago orain eta elkar ezagutzen ari dira. «Gure ofizioan lan taldea trinkotuta egotea inportantea da, batez ere, larrialdi egoeretan irteten garenean».

Bitarteko suhiltzaile lan poltsa baino, oposizioak deitzea eskatu diote aldundiari.

Bergarako parkea egin aurretik giza baliabideak egongo direla bermatzea eskatu dute.

Donostialdeakoa ez beste parke guztiak zenbatuta, 34 suhiltzaile daude txandako Gipuzkoan.

Egoera horretan lan poltsak osatzeko deialdiak baino, lanpostu finkoak eratuko dituen oposizioak eskatzen dituzte Gipuzkoako suhiltzaileek. Oposizio horiek egingo direla jaso du Gipuzkoa Babestu 20-30 planak, eta 48 lanpostu baino gehiago sortuko direla ere aurrikusten du; suhiltzaileek, hasteko, 48 sortzea eskatu dute, suhiltzaile bat gehiago talde bakoitzeko. Plana onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta planaren arabera lurraldea bitan zatituko dute: ekialdea eta mendebaldea. Donostiako parkea administrazio sistema berean sartuko dute, izan ere orain Donostiako Udalaren mendean dago. Mendebaldeko egituran sartuko litzateke Goierri garaia bailara, Korostiko parkea itxiko lukete eta Bergaran zentralizatuko lukete zerbitzua.

Zalantzak

Suhiltzaileak plana onartzeko prest daude, eta aginduak jasotzeko eta betetzeko daudela erantsi dute, beti ere, suhiltzaile pertsonala handitzen eta egonkortzen bada. «Hormigoiarekin hasi aurretik [Bergarako parke berria] giza baliabideak egongo direla bermatzea nahiko genuke». Halaber, planak galdera bat sortzen die: «2020-2030 hamarrurtekoa hartzen du, eta bien bitartean, zer?». Korosti parkeko suhiltzaileetako bat Legazpi bertakoa da, eta planari men egiteko prest dagoen arren, legazpiar gisa zalantzak ditu: «Babes aldetik ez dakit nola geratuko litzatekeen gure herria eta bailara. Bergaratik etortzeko hogei bat minutu behar dira aldapan gora, jaisteko gutxiago».

Gipuzkoan 700.000 bizilagunetik gora bizi da eta, lauko suhiltzaile lan taldeek parkeetan betetzen dituzten 24 orduko txandak aintzat hartuta, kaboak barne, 34 suhiltzaile dago txandako Donostialdea ez beste Gipuzkoa osoa zaintzeko.
Donostialdean suhiltzaile kopurua handiagoa da, eta Arabako zein Bizkaiko lurraldeetako kopuruekin antz gehiago du. Beste bi lurraldeotan bost suhiltzaile daude txanda bakoitzeko eta minimoak kubrituta daude. «Gu Bizkaiko kideen lan baldintzen inbiditan egoten gara eta haiek gure materialarekin liluratuta daude», dio suhiltzaile batek Korostiko kamioiak erakutsi bitartean.

Kerik gabeko surik ez dago. Kea minimoetan eta bitarteko langileen ugalketan aspaldi sumatu dute. Alabaina, ez du ematen su hori itzaltzea suhiltzaileei soilik dagokienik.

Tarte bat Legazpiko Korosti suhiltzaile parkean

Hogeitalau orduko lan txanda hasi berri dute Korosti parkeko lau suhiltzaileek. Bata kamioiarekin atera berri da, egunero bati egokitzen zaion derrigorrezko lana da. Kazetariarekin hitz egiten ari dira gelako bozgorailua hizketan jarri den arte. Orduan guztiak erne ipini eta isil-isilik geratu dira. Goierriko parkeko suhiltzaileak larrialdi batera atera behar izan dira, bihotza uzkurtzen duen larrialdia da.

Oñatikoak ere irtenak dira eta bitartean Legazpikoak Oñatiko parkeko zaintza egiten ari dira. Solasaldiak aurrera egin du gelan telefonoak hoska egin duen arte. Oñatiko kideak dira, itzuli dira. Haiena ere larrialdia izan da, eta helikopteroak aurrea hartu dienez, parkera itzuli dira. Telefono hizketaldian galgo hitza behin eta berriz entzun du kazetariak. «Galgo?», galdetu dio ondoren suhiltzaileari: «Galgoak, gure artean, mendian istripuren bat edo larrialdiren bat suertatuz gero desfibriladorearekin igoko diren suhiltzaile azkarrenak dira».

Irteerarik egon ezean, orduz orduko lanak zehaztuta dituzte eta egindakoaren berri eman behar dute egunez egun. Hala, kamioia atera, nor bere kamioiaz arduratu –txandaka hartzen dute kamioi bakoitzaren ardura–, arropak garbitu, soinketa egin eta beste hamaika lan dituzte gorputzak eta parkeko materialak bizi-bizirik egon daitezen. Lotara joaten dira literak gordetzen dituen logelara eta han ere bozgorailuak daude, adi egon behar duenaren lo erdia egiten dute.

Legazpiko parkeko suhiltzaileak aldatu egiten dira bitarteko lanpostuak direla-eta. Kirolariak dira den-denak, batzuk beteranoak, beste batzuk gazteagoak. «Nor da suhiltzailea?» galderari honako erantzuna eman dio beteranoak: «Arazo bat dagoen tokitik denek ihes egiten dutenean suhiltzaileak joaten dira laguntzera».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>