Maddalen Mendizabal: «Aspaldiko ohitura bat berreskuratuko nuke, mozorro desfilea eta lehiaketa»

Processed with VSCO with a6 presetGogotsu al zaude San Blas jaietarako?
Dudarik gabe! Alde batetik, betidanik gustatu izan zaizkidalako nire herriko festak eta bestalde, aurten, Kandelario egunean zehazki,  hilabete luze batzuen ondoren, behingoz, MIR azterketa egingo dudalako.

Zein duzu festetako ekitaldirik gogokoena?
Festei hasiera emateko egiten den Axari jaitsiera da, dudarik gabe, festetako nire ekitaldirik gogokoena. Herritar guztiak plazan biltzen gara eta musikaz lagunduta, urteroko azeri berbera udaletxerantz jaisten ikusten dugu, festei hasiera emateko. Ez dakit zergatik, baina, urtero oilo ipurdia jartzen zait momentu honekin, izaldar guztioi nik uste!

Zer gehituko zenuke festen egitarauan?
Aurtengo festetan nahi adina egongo ez naizenez, ez dut ondo irakurri egitaraua, ez baitut inbidiarik pasa nahi, beraz, ez dago gehituko nukeen ezer.  Hala eta guztiz ere, aspaldiko ohitura bat berreskuratuko nuke, mozorro egunean, orain dela urte batzuk egiten zen desfilea eta lehiaketa.

Mozorroa prestatzen denbora asko pasatzen al duzue?
Nire kuadrilan urtero esaldi berdina errepikatzen da: ‘Datorren urtean lehenago hasi behar gara mozorroa prestatzen’. Baina, hurrengo urteko festak iristen dira eta beti bezala, azkeneko momentuan prestatzen dugu dena. Urte batzuetan oso mozorro bereziak egin izan ditugu eta nahiko denbora igaro dugu dena prestatzen, baina, azkenaldi honetan, mozorro errazetara jotzen ari garela ohartu naiz.

Zer bilatzen duzue mozorro bat aukeratzeko garaian?
Garai batean, originala izatea zen gure helburua, baina, aurrez aipatu dudan bezala, azkenaldi honetan erraza, merkea eta erosoa izatea lehenesten dugu, nahiz eta ni lehentasun horiekin oso ados egon ez.

Neguko festa izanda, eguraldiak asko eragiten du.
Neguko festen arazoa betikoa da, taberna kanpoan hotza egiten duela eta taberna barruan, aldiz, sekulako beroa. Beraz, nire gomendioa da taberna barruan egoteko arropa freskoa janztea, baina, gainetik, kanpoan ibiltzeko txamarra potolo bat eramatea. Hala ere, festen ondorengo katarroaz libratzen denik ez dago!

Azterketa garaia ere izaten da askorentzat.
Nik zorte asko izan dut azkeneko urte hauetan karreran zehar azterketa guztiak festen aurretik izan baitira. Hala eta guztiz ere, gogoan dut, batxilergo garaian irakasle eta gainerako ikasleekin liskarrean ibiltzen ginela egun horietan azterketarik ez izateko, eta askotan lortu genuen arren, uste dut urteren batean azterketaren bat eduki nuela, eta seguru nago momentu horretan ez zidala batere graziarik egin; baina beno, hotzean pentsatuta ez da ezer gertatzen festetako egunen bat galtzeagatik, urtero baitaukagu aukera San Blas jaiez gozatzeko.

Mediku ikasketak egin dituzu eta MIR-a prestatzen ari zara. Mediku bezala, zein gomendio ematen duzu jaietarako?
Galdera zaila benetan! Izan ere, festetan nire mediku fazeta alde batera uzten dut, eta emango nituzkeen gomendioak nik neuk ere ez ditut betetzen. Hala eta guztiz ere, mediku bezala gomendioren bat eman beharko banu,  burua erabiltzea izango litzateke, egun horietako gehiegikeriek uste baino kalte gehiago eragin dezaketelako  norberarengan.
Baina festen alde txar hori alde batera utzita, sanblasak behar bezala disfrutatzea da nire gomendioa, egun horietako emozioak positiboak baitira norberaren osasunerako eta nola ez, bizitzarako!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>