Elkarlana jorratuz

Idiazabalgo Abeltzainen Elkarteko hainbat kidek Iparraldera egindako irteera.

Idiazabalgo Abeltzainen Elkarteko hainbat kidek Iparraldera egindako irteera.

Lehen sektorea dinamizatzea, herritarrak sentsibilizatzea eta kanpotarrentzat erakargarri bihurtzea ardatz hartuta, Idiazabalen Gaztaren Mamia proiektua lantzen ari dira 2012az geroztik. Abeltzainen Elkartea ere egituratu egin da.

Idiazabal Gaztaren Mamia proiektua jarri zuten martxan Idiazabalen 2012an, lehenengo sektoreari balioa emateko helburuarekin. Jabier Jauregi dinamizatzaileak gogoratu duenez, «Idiazabalen aurretik ere bazegoen dinamika bat. Udalak Gazta Eguna antolatzen zuen eta Abeltzainen Elkartea ere antolatuta zegoen, batez ere, herri mendiari begira». Baina proiektu zabalagoa jarri zuten erronkatzat Idiazabalen: «Baserritarrei  egindako lanari balioa emateko, eta baserriak eta landa eremuak etorkizuna izan dezaten beharrezko oinarriak sendotzeko».

Gaztaren Mamiaren lehenengo helburua herrian dagoen abeltzaintzari eta nekazaritzari eustea da, eta ahal dela, gazteek jarraitzeko bidea egitea. Bigarren helburua, herritarrak sentsibilizatzea da erronka, lehenengo sektorea eta  herriko bizitza uztartuz. Sentsibilizazio horren haritik dator hirugarren helburua: herriko merkatariek bertako produktuak salgai jartzea eta herritarrek kontsumitzea. «Herriko merkataritzarekin ere hasi ginen lan bat egiten baina ez zegoen egituratuta. Orain ari dira elkartea bideratzen. Beraz, oraingoz oso gutxi landu  dugu atal hau.. Azkenik, laugarrena, turismoarekin lotutakoa da: «Idizabalera jende asko etortzen da Gaztaren Interpretazio Zentroaren bitartez, eta hori aprobetxatuz, herriko baserrietara eta larretara irteerak antolatzen dira».

Sei urte hauetan, batez ere, baserritarren arloa landu dute eta Abeltzainen Elkartearen bitartez, «abeltzainen eta nekazarien artean sortutako elkarlanak eta giro onak aurrepausoak ematen lagundu du».

Beharrak asetzen

2013an baserriz baserri egindako galdeketa bidelagun izan dute urratsak egiteko: «Baserritik bizi direnak eta ganadu kopuru handi samarra duten 16 etxeetara joan nintzen». Idiazabalgo argazkia egiteaz gain, beharrak zeintzuk ziren ere atzeman zituzten. Ildo horretan, makinaria erosi beharra zegoela ikusi zuten. «Baserritar batzuk hainbat makina erosi beharrean zeuden eta orduan erabaki genuen elkartetik erostea eta elkarteak zerbitzua ematea. 2013an erosi genuen bigarren eskuko belarra ebaki eta biltzeko makina. Herriko baserritar bat jarri genuen lan horretan, Goimenek daukan belar lanak egiteko zerbitzuarekin lotuz». Makinekin lotuta, traktoreen IAT-a herrian bertan egitea lortu dute, eta «herriko eta kanpoko herrietako hainbat baserritarrei zerbitzu hau ematen diogu Idiazabalgo herritik».

Horrezaz gain, ganaduarentzako negurako bazka ere elkarrekin erosten dute.  Jauregik emandako datuen arabera, urtean milioi bat kilo pasa erosten dute. «Lastoa, alpapa, … Belar asko egiten da hemen,  baina negua luzea da hemen eta kanpotik ekartzen da.  Batik bat Nafarroatik ekartzen dute eta «urtetik urtera gehitzen ari gara eta jendea ere gehiago etortzen zaigu.  Herritik kanpoko jendea ere etorri da guregana».  Gastuak murrizteko Zaragoza aldera joaten diren kamioiak aprobetxatzen dituzte, «bueltan hutsik datozenez, forrajea ekartzeko».

2013an egindako galdeketatik beste ondorio bat ere atera zuten:  baserrietan arazoak daudela belarra eta makinak gordetzeko. Leku arazo horri irtenbidea bilatu diote: «Oilategi bat hutsik zegoen eta auzolanean egokitu dugu makinak eta forrajea gordetzeko. Larunbat dezente pasatu genituen, tokia egokitzen. Konponketa batzuek ere egin dira tokia egokitzeko, dauzkagun beharrei aurre egiteko. Mila metro koadroko pabilioia daukagu». Topa- gunerako lekua ere  bilakatu da biltegitzat erabiltzen duten pabiloia, sarritan bertan biltzen bai dira hainbat baserritar.

Herritarrak beharrezko

Gaztaren Mamiaren proiektuko gainerako helburuak betetzeko herritarren inplikazioa beharrezkoa da Jauregirentzat, «udala inplikatuta» dagoen bezala:  «Herritarrak beharrezkoa dira. Lehen sektoreak lan asko egiten du ingurua, paisaia eta kultura zaintzen.  Bertako produktuen salmentarekin ekin nahi diogu».

Abeltzain Elkarteak kudeatzen ditu Atxurbideko mendi larreak

Idiazabaldarrak auzolanean itxitura konpontzen

Idiazabaldarrak auzolanean itxitura konpontzen

Atxurbideko mendi larreen erabilera eta aprobetxamendurako ordenantza sortu zuten 1997an, eta gaur egun Abeltzain Elkarteak darama bertako kudeaketa arduraren zati handi bat, udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanean. Bi erakundeek 40na mila euro jartzen dituzte larreen mantentze lanetarako. Jauregik gogoratu duenez, «aldunditik laguntza handia izan dugu 2015-2018 legealdian». 200 hektarea zortzi sailetan dituzte banatuta itxitura bidez. Partzela guztietara ura eramana daukate, eta bidea ere badute. Maiatzetik aurrera herriko 1.100 ardi, 140 behi eta 120 behor ibiltzen dira bertan. Larreen kalitateari begira hainbat lan egiten dute, ongarriketa adibidez: «Oso lur azidoak dira, garai batean otadia egon zen. PH-a oso altua egoten da hori erregulatzeko ongarria botatzen dugu. Ongarria ez dugu botatzen belarraren produkzioa gehitzera joaten garelako, baizik eta lurraren gabeziak zuzentzeko. Karea falta du, fosforoa minerala tasak era baxuak ditu. Ongarria guk erosten dugu, udalak egiten ditu esleipenak. Pabiloian sartu eta enpresa esleitzen dugu ongarria zabaltzeko. Eguraldia lagun izatea, erakundeen laguntza eta Abeltzain Elkartearen lana ezinbestekoa da lan hauek burutzeko garaian».

Ataundarrak garbi du, mendiari eta larreei kasu egin behar zaiela, baserrietako belardiei bezala. «Gure eskualdeko baserriak mendiko larreekin lotura handia dute, behean lur gutxi dugu eta mendiko larreak ezinbesteko dira gure baserrien etorkizunean». Izan ere, «baserri batek ateak ixten dituenean ez da baserria bakarrik bukatzen; baserri horretako lurretan berehala sasia etorriko da. Gipuzkoa eta Goierri berdea ez da euria egiten duelako, baserriko aktibitatea dagoelako baizik. Nork ukatuko digu hori?».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>