Bertso egarria asetzeko

Ezkerrean, Intsustiko iturrian dagoen Lazkao-Txikiren bertsoa, Eskubian, Ojarbiko iturrikoa, Florentino Goiburuk jarria.

Ezkerrean, Intsustiko iturrian dagoen Lazkao-Txikiren bertsoa, Eskubian, Ojarbiko iturrikoa, Florentino Goiburuk jarria.

Bertsoa, historia eta artea. Goierriko sei txoko, sei geraleku. Proposamen hori dakar ‘Bertsolari’-k azken alean.

Goierriko txokoak. Zaldibia-Beasain darama izenburutzat Iñaki Apalategi beasaindar bertsolariak eta Beñat Hach-Embarek ormaiztegiar kazetariak Bertsolari aldizkariaren azken aleko Bertso ibilbideak atalerako ondu duten erreportajeak. Sei bertsolari edo bertso-jartzaile, eta beste horrenbeste txoko, Zaldibiatik Beasainera, tartean Ataun, Idiazabal, Gabiria eta Ordizia zeharkatuz, protagonista bakoitzaren jaiotze garaia abiapuntutzat hartuta.

Juan Inazio Iztueta (1767-1845) dantzari eta koreografo zaldibiarraren jaiotetxearen aurrean ematen diote hasiera ibilbideari, Zaldibiako Txamarretxe auzoan, Logroñoko espetxean zela Kontxesi Bengoetxea emaztegaiari jarritako Kontxesiri bertso gogoangarriak plazara ekarriz.

Intsustitik Ojarbira

Plazatxo hortatik Aralar barrenera joz dagoen Intsustiko iturrian finkatu dute bigarren geltokia. Lazkaomendiko Abaliñe baserrira ere jo zezaketen Joxemiel Iztueta Lazkao-Txiki (1926-1993) gogora ekartzeko, baina Aralarpeko babes batean paketsu eta ezti dagoen iturriko bertsoa baliatu dute horretarako. «Ni bainiaz zuen mendiko ama, maite zaituzten Intsusti», dio azken puntuak. Lazkaomenditik Intsustira bidean dagoen Errekarteko iturrian ere bada Lazkao-Txikiren sinadura daraman beste bertso bat.

Eta handik Idiazabalera salto, Ojarbiko iturrira. Hura da artikuluko hirugarren geltokia. Handik gertu sortu zen Florentino Goiburu (1933-2012), Erdikoa baserrian. Garai batean ur putzua zegoen tokian konponketa batzuk egin eta iturri dotorea sortu zuten auzotarrek: «Iturri hau konpontzen nola jardun geran / kamino bazterrean daukazu aukeran / egarritatu bazera zure ibileran / oso ur ona da ta nahi dezuna edan». Bertsoa, nola ez, Goibururena da.

Gabiria, Ordizia, Beasain

Zintzurra freskatuta, Gabiriko bolalekuan jarri dute laugarren hitzordua, Euxebio Igartzabal eta Iñaki Murua bertsolarien, eta Luzio Gabiria Aztiriako gai-jartzailearen irudiak dauden tokian. Bertsolari askoren sorleku, zerrenda horretan kalerik egin ezin duen herria da.

Ordizia da bosgarren geralekua. Han dago Barrena jauregia, eta barreneko gela handi batean, Goierriko Bertso Eskola. Mikel Mendizabal itsasondoarra izan zen urte askoan han gaztetxoen irakasle. Leku kuttuna, inondik ere, Goierriko bertsozaleentzat. Beasaingo Arrano elkartean bukatzen da ibilbidea, Jokin Telleria margolariak Aitor Sarriegi arte handiz marraztua duen txokoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>