Nork aurrena gazta egin

LatxaArdiaMahaiJokoaGema Arrugaeta argazkilari ordiziarrak Latxa Ardia mahai-joko didaktikoa sortu du, artzain eta gaztagileen egunerokotasuna erakutsi eta ofizioari ikusgarritasuna emateko. Lau gazta eta ardi mota jasotzen ditu jokoak.

Artzaintzak, gaztagintzak eta latxa ardiak dituzten aberastasunak zabaltzea da Gema Arrugaeta argazkilari ordiziarrak sortu duen proiektu berri honen helburu nagusia. Latxa Ardia. Gure Ardiak mahai-joko didaktiko bat da, eta artzain eta gaztagileen egunerokotasuna erakutsi eta ikusgarri egiteko bokazioa du.

Antzara-jokoaren eta partxikasen uztarketa moduko bat da, eta adin guztietako lagunei bideratuta dago. Euskarazko eta gaztelerazko bertsioak sortu dituzte, eta hizkuntza bakoitzean 500na ale argitaratu dituzte. Hori bai, artzaintzari lotutako oinarrizko hitzak jatorrizko hizkuntzan azaltzen dira soilik, euskaraz, alegia. Komertzio txikietan eta gaztandegi batzuetan soilik eros daiteke, 19,5 euroan.

Jokalariak artzain

Norbera bere etxaldetik mendirantz abiatzean hasten da jokoa, mendira artaldearen bila joanez. Jokalari batek ardi mutur-beltzen artaldea izango du, beste batek Karrantzakoa, hirugarrenak mutur-gorria eta laugarrenak Manexa. Behin baserrira itzultzen direnean, gazta egiten hasi beharko dute partaideek: artaldea jetzi, gatzagia bota, mamia moztu, gazta egin, eta prentsatu, gaztu eta ontzen utzi. Jokalariek artalde bakoitzari dagokion gazta mota egin beharko du: Erronkari, Idiazabal, Ossau Irati eta gazta urdina.

Baina mendira igo eta jaisteko bidean, zein gazta egiteko prozesuan, ibilbidea erraztu edo oztopatuko dieten hainbat egoerarekin egingo dute topo jokalariek. Azkarrago joateko eta egoera jakin batzuei aurre egiteko, karta joko bat ere egongo da mahaian. Karta horietan, artzaintzarako leku eta lanabesen berri izango dute jokalariek, eta gainontzeko partaideei oztopoak sortzeko balia ditzakete. Gazta aurrena egiten duenak irabaziko du jokoa.

Jolastuz ikasi

Arrugaetaren esanetan, Latxa Ardia ikasteko jolasa da, ondo pasatzeko eta artzaintzaren mundua «zentzu positiboan» ezagutzeko. Joxe Mari Uztarroz Idiazabal Jatorri Izendapeneko presidentearen iritziz, jokoaren helburua dibulgazioa da: «Ofizio honen eta historiaurretik gurekin dauden animalien inguruko kultura zabaltzea, eta gurea den mundu honen balio nabarmentzea eta babestea».

Idiazabal Jatorri Izendapenak eta Baserria Km0 elkartea izan dira proiektuaren bultzatzaile nagusiak, eta Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>