Hitanoaren altxorra

Hitanoa

Segurako hainbat hika hiztunekin egindako kafe tertulia.

Hitanoa bultzatzeko lanean ari dira Seguran, eta hura erabiltzen duten segurarren ohituren inguruko azterketa egin du Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri euskara taldeak. Batez ere, 50 urtetik gorakoak dira gehien erabiltzen dutenak.

Azken kale neurketaren arabera, Seguran %89,7koa da euskararen erabilera kaleko elkarrizketetan. Baina ez da gauza bera gertatzen hitanoarekin. Kezka horretatik abiatuta, Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarrri elkarteak Segurako hika hiztunei buruzko ikerketa egin du, eta Alaitz Imaz segurarrak Hizkuntza Plangintza graduondokoaren bukaerako proiektuan txertatu ditu ikerketa, emaitzak eta ondorioak. Segurako euskara elkarteak guraso elkartearen, jubilatu elkartearen, gaztelekukoen eta beste hainbat herritarren laguntza izan dute herriko egoera zein den ezagutzeko.

Imazen esanetan, hitanoa «gaur egun oraindik bizirik dugun altxorra badugu ere gure herrian, bereziki mutil-gizonen artean mantentzen da egunerokoan bizi-bizi hitanoa; neskok apenas erabiltzen dugu, 50 urte bueltatik gora dauden emakumeak dira hitanoz natural diharduten azken emakume segurarrak». Ondorio nagusi horiek atera dituzte 6 eta 91 urte bitarteko 250 lagunen artean hitanoaren ezagutza zein erabilera ohiturak aztertzeko ikerketatik.

Mutilek gehiago

Ondorio eta emaitza zehatzagoak aztertuz, 160 gizon-emakumetatik 34 lagunek ez dakite hika hitz egiten, eta dakiten 126 horietatik 102 pertsonak erabiltzen dute hitanoa beraien eguneroko komunikazio egoeretan. Era berean, bitxikeria bat ere aipatu nahi izan du Imazek: «Seguran bizi, baina inguruko herri handiago batean jaioak diren emakumeek ez dakite hika hitz egiten; gizonek, aldiz, bai».

12-50 urteko Segurako emakumeen artean, berriz, asko dira hitanoa dakitela diotenak, «baina gutxi erabiltzen dutenak». Bestalde, Laiotz herri eskolan ikasten duten haurren hitanoaren ezagutza zer nolakoa den ere jakin nahi izan dute eta horretarako Lehen Hezkuntzan dauden 100 haurri inkesta bana pasa zieten. Emaitzak helduenen antzekoak dira: mutilek gelako gainerako mutilekin hitz egiteko erabiltzen dute eta neskek, berriz, ez dute erabiltzen. «Ez erabiltzeaz gain, neska gehienek hitanoz hitz egiten ere ez dakitela erantzun dute».

ImprimirFamilia esparruan

Inkestaren emaitzetan, mutilak diren lagunekin ibiltzen dutenen kopurua nagusitzen bada ere, Imazen esanetan, familiaren esparruan beste inon baino orokorragoa da hitanoaren erabilera. «Arau orokorrik ez badago ere, senide zaharragoek gazteagoekin komunikatzeko erabiltzen dute tratamendu hau, baina alderantziz, ordea, zuka erabiltzen da». Beste berezitasun bat bada: normalagoa da gurasoek seme-alabei hika egitea, suhi-errainei, ilobei zein bilobei egitea baino.

Bestalde, egun gaztetxo diren gehienei gurasoek zuka egiten diete, «eta hika egiten dieten kasuetan, aitak izaten dira semeengana zuzentzeko hitanoa erabiltzen dutenak, alabei gutxiagotan; eta amek ez dute tratamendu hau aitek bezain maiz aukeratzen beraien ondorengoei hitz egiterakoan». 66 urtetik gora dituztenen kasuan, aldiz, emakume zein gizonezko askok erantzun dute aitak eta amak, biek, egiten zietela hika, edota gutxienez bietara; hika eta zuka».

Aitona-amonek bilobei hitz egiteko aukeratutako datuetan, hitanoaren erabilerak nabarmen egiten du behera. «Jubilatu elkartean bildu genituen 20 adinekoetatik gehienei, pentsa ezina egiten zitzaien beraien biloba neskei noka hitz egitea; nahiz eta denek menperatu eta beraien ahizpa/arreba edota lagun neskekin horrela jardun normal-normal».

50 urtetik gorakoetan

Bestalde, maila bereko senideen artean –anai-arreben artean– hitanoaren erabilera kopuruetan ezberdintasunak daude elkarrizketatuen adinaren arabera: 50 urtetik beherakoen kasuan, inkesta erantzun duten mutil gehienek erantzun dute anaiek beraien artean toka egiten dutela; baina, aldiz, arrebarekin zuka. «Nesken kasuan, gutxi dira ahizparekin noka edota anaiarekin toka jarduten dutela esaten duten gazteak». Dena den, 51 urtetik gorakoetan, ohiturak aldatu egiten dira: multzo horretan ere gizon gehienek esan dute anaiarekin hika egiten dutela, eta arrebekin ere askok bai. Emakumeek ere antzeko erantzunak eman dituzte. Hori bai, «batek baino gehiagok esan digu senide zaharragoekin, sexu bereizketarik egin gabe, zuka egiten dutela eta gazteagoekin hika». Familiatik kanpoko hizketaldietan, berriz, sexu bereko lagunen artean erabiltzen da hitanoa bereziki: «50 urtetik gorakoetan mutil-mutil eta neska-neska entzutea guztiz normala da Seguran, baina hortik behera, mutil-mutil trataera nagusi da».

«Bereziki mutil-gizonen artean mantentzen da bizi-bizi hitanoa»
«50 urtetik gorako emakumeak dira hitanoz natural diharduten emakumeak»
Alaitz Imaz, Hitz edo Irri elkartea

Ondorioak

Inkesten emaitzak aztertuta, ondorengo emaitza atera du Imazek, Rudulf P.G de Rijkekin eta Friedrichekin bat eginez: «Hika aritzeko kidetasuna sentitzea beharrezkoa da, hots, auzotik, herritik, lanetik, eskolatik… elkar ezagutzea». Bestalde, «aipatutako hurbiltasun psikologikoa (bestearekiko begikotasuna) ez da nahitaezko faktorea hitz egiteko garaian». Imazek zehaztu duenez, «gertatu daiteke adiskide min batekin zuka aritzea eta beste pertsona batekin, hainbesteko konfiantzarik izan gabe, hika jardutea; bataren eta bestearen arteko hautua askotan ohitura kontua izan ohi da eta hori aldatzea kosta egiten da».

Hitanoa bultzatzea

Segurako hitanoaren argazkia osatu ondoren, segurarren artean hitanoa bultzatzeko asmoa du Hitz edo?Irri elkarteak. Miñaripe mahai jolasa prestatzen buru belarri ari badira ere, urrats txikiak egiten ari dira pixkanaka, hikaren erabilera normalizatzeko. Besteak beste, sare sozialetako eta karteletako komunikazioa noka eta toka egiten dute eta hitanoa sustatzeko poltsak ere atera dituzte hikaren aldeko mezuak zabalduz. 5 euroan eros daitezke Elorripen eta Ardixarra etxean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>