D bitamina, eguzkia gugan

Garbiñe EtxanizEgunak motzagoak eta giroa grisagoa eta euritsuagoa den urtaroetan ohikogoa izaten da tristura sentitzea. Hainbat arrazoi egon daitezke triste sentitzeko, baina urtaroari lotua doan horren atzean D bitaminaren gutxitze bat egon daiteke. Eguzkitan jartzen garenean azalaren bidez sintetizatzen dugu D bitamina, eguzkiaren argia gure egiten dugu, barrua argituz; ordea, gai horretan aditua den Michael Hollic medikuak dio mundu osoan gorabehera ohikoena dela D bitamina gutxiegi izatea.

Gehienok D bitamina hezurren osasunarekin lotzen dugun arren, harrigarria da bitamina horri buruzko hainbat ikerketek esaten digutena. Inmunitatea modulatzen du, eta horrek alergia, gaixotasun autoinmune eta gaixotasun degeneratiboak prebenitzen laguntzen du. Birus eta bakteriek sortutako infekzioetatik ere babesten gaitu. Hainbat minbiziren prebentzioarekin ere lotzen da, bularrekoa eta kolonekoa adibidez. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek baieztatu dute D bitamina behar baino gutxiago izatea minbizi mota guztien «oinarrizko arrazoietako» bat izan daitekeela.

D bitamina gabezia izanez gero, sintomak ugariak izan daitezke: muskuluetako mina, ahultasuna, kalanbreak, dardarak eta  inurridurak, energia falta, etengabeko nekea, zorabioak, loaren gorabeherak, egonezina, zirkulazio arazoak, buruko mina, hotza esku eta hanketan, hezurretako mina… eta tristura.

D bitamina gutxiegi dugunean zenbait hormona desorekatu egiten dira, bereziki serotonina eta dopamina, zoriontasunaren hormonak alegia. Serotonina homona bat izan arren, neurotransmisore lanak egiten ditu, gure aldartearen erantzule nagusietakoa da, eta zoriontsu sentitzen laguntzen digu. Ezaguna da triptofanoa aminoazidoaren eta serotonina ekoizpenaren arteko lotura, triptofanoa serotoninaren aitzindaria baita, serotonina sortzeko triptofanoa behar dugu alegia. Elikagaien bidez triptofanoa lortzeko modua badago; landare jatorriko elikagaien artean zereal osoak, platanoak, kakahueteak edo lekaleak iturri onak dira. Animalia jatorriko elikagaien artean, berriz, arraultzak eta esnekiak aipatzen dira. Baina ez ahaztu ikuspegi holistikoa izatea garrantzitsua dela, eta triptofanoa gehitzearekin bakarrik ez ditugula emaitza onenak lortuko. Bestelako elikadura faktoreak eta bizi ohiturak garrantzitsuak dira, horregatik, besteak beste, ariketa fisikoa egitea eta lotako orduak zaintzea beharrrezkoa da serotonina sortzen laguntzeko.

Dopamina, berriz, serotoninaren oso menpekoa da, endorfinen presentzia erregulatzen du, eta baita ere motibazioa eta desioa. Dopamina gabezia sozializazio eta antsietate arazoekin lotzen da. Dopaminaren etsai nagusiak estresa eta lo falta dira. Elikadurari dagokionez, komeni da gure elikadura fruta eta barazkietan aberatsa izatea eta nahikoa magnesio hartzen dugula ziurtatzea; magnesioan aberatsak diren elikagaien artean daude hosto berdeko barazkiak, soja, fruitu lehorrak, oloa, artoa eta kakaoa. Zenbaiti oso lagungarria izango litzaioke kafea gutxitzea edo uztea, dopamina gutxitzen baitu.

Eta beraz, garai honetan triste sentitzeko joera izanez gero, ondo legoke D bitamina nola daukagun jakitea, eta baieztatuz gero behar baino gutxiago dugula (50ng/ml), erremedioa jartzea.

Zaindu elikadura, ez geratu etxean sartuta eguraldi txarragatik, jantzi arropa egokia eta atera eguzki izpi batzuk hartzera, mugitu, egin ariketa fisikoa eta zaindu lotako orduak…

Horrek guztiak lagunduko digu gure hormonak osasuntsu izaten eta aldarte hobean egoten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>