Jakia baino gehiago

Perretxiko-5

Perretxikoak basoko kabiarra dira, baina jaki bat baino askoz ere gehiago dira: basoko hondakinak birziklatzen dituzte eta basoa edertzen dute. Gure mirespena merezi dute, baina ezagutzen ez dena mirestea zaila denez, Jose Antonio Quevedo zumarragarra perretxikoen mundua ezagutzera emateko lan egiten ari da. Datorren ostegunean, 19:00etan, perretxikoen argazki erakusketa irekiko du Zumarragako kultur etxean.

Perretxiko-1Quevedo umetan zaletu zen. «Hasieran, aitaren lagun batekin joaten nintzen, Jose Mari Jakarekin. Ondoren, beste heldu batzuekin joan nintzen. Mikologia hasieratik gustatu zitzaidan. Deigarriak dira, ugaltzeko modu berezia dute, onddoak ez dira begetal bat… Liburuak erosi nituen espezie ezberdinak ezagutzeko. 16-17 urte nituenetik Manuel Iraolarekin eta Pedro Barrenderorekin joan naiz mendira».

Zaletu zen garaian ez zegoen egungo zaletasuna. Gainera, ez zegoen urrutira joan beharrik onddoak hartzeko. «Ipintza gainean gaztainondoak zeuden, Elorriaga inguruan pagoak, Izazpi eta Goiko Txabola aldean pagoak eta haritzak…Hori dela eta, perretxiko mota gehiago zeuden».

Perretxiko-2Hasieran gibelurdinak, onddoak, saltsak… hartzen zituen. «Lauzpabost espezie hartzen genituen. Lehen perretxiko gehiago zeudenez eta zaletu gutxiago, bila joaten zenak gehiago hartzen zuen. Egun espezie gehiago ezagutzen ditut eta hemen mesprezatu izan diren asko jaten ditut. Mendiko angula (Cantharellus Tubaeformis eta Cantharellus Lutescens), adibidez. Urteko sasoi honetan ateratzen dira. Niskaloak ere, garai batean ez ziren hartzen».

Ia 1.000 espezie

Perretxiko-3Quevedok perretxiko guztiak atsegin ditu. Baita jan ezin daitezkeenak ere. Dagoeneko 1.000 perretxiko ingururen argazkiak ditu. Beti kamerarekin joaten da mendira. «Jaka ingurura asko joaten naiz eta bertako argazki asko ditut. Donostiako Kristina-Enea parkera ere sarritan joaten naiz. Benidormen eta Sorian ere argazkiak atera ditut, besteak beste», azaldu du.

Gutxien espero den tokian altxor bat topa daiteke. «Toki guztietara kamerarekin joatearen arrazoietako bat, toki bakoitzak bere espezieak dituela da. Gainera, edonon aurki daitezke. Gipuzkoa plazan ere perretxikoen argazkiak atera ditut! Bertan, Australiako perretxiko bat aurkitu nuen (Clathrus Ruber). Lehen Mundu Gerran parte hartu zuten Australiako soldaduek ekarri zutela uste da. Esporak arropan ekarriko zituzten. Asko ari da hedatzen eta Zumarragako ospitale ondoan, Brinkolan, Agiñan… ere ikusi dut», esan du zumarragarrak.

Jose_Antonio_Quevedo«Lehen perretxiko gehiago eta zaletu gutxiago zeudenez, gehiago hartzen genuen»
«Perretxikorik egongo ez balitz, basoa hondakin begetalez gainezka egongo litzateke»
Jose Antonio Quevedo, Perretxiko zalea

Perretxiko bereziak

Perretxiko-4Perretxiko berezi asko ezagutzen ditu. «Phallus Impudicus delakoa arrautza batetik jaiotzen da (itxura lizuna eta oso usain txarra du). Cyathus-ek habia itxura dute. Barruan leka antzeko batzuk dituzte. Ugaltzeko, lehertu egiten dira eta esporak barreiatzen dituzte. Asterophora Parasitica, berriz, kanibala da. Perretxiko oso bereziak daude eta jendeak ez ditu ezagutzen», aipatu du Quevedok.

Guztiek bere funtzioa dute. Hori dela eta, Zumarragako perretxiko zale honek jangarriak bakarrik hartzen ditu. Besteei argazkiak ateratzen dizkie eta dauden tokian uzten ditu. «Otsaurten, Etxarrin… txikizioak ikusten dira. Jendeak jangarritzat ez dituen perretxikoak txikitzeko ohitura du. Negargarria da. Perretxiko guztiek funtzio bat betetzen dute, ordea. Materia organikoz elikatzen dira. Perretxikorik egongo ez balitz, basoa hondakin begetalez gainezka egongo litzateke. Basoa garbitzen dute».

Perretxiko-6Guztiak maite ditu, baina batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zaizkio. «Jateko orduan, boletusa da nire kuttuna. Zizak ere asko gustatzen zaizkit. Estetikoki, berriz, Phallus Impudicus delakoa oso deigarria da. Tamainari dagokionez, handiena Angermania Gigante delakoa da. Astaputz erraldoi bat da. Zelaietan aurki daiteke».

Hilgarriak ere bai

Perretxiko-7Bere aurretik, beste askok mirestu dituzte perretxikoak. Gizakiari deigarriak iruditu zaizkio beti. Izan ere, ahalmen oso bereziak dituzte:?batzuk ahogozagarriak dira, beste batzuk hilgarriak edo haluzinogenoak… «Zaldien gorotzetan ikusten ditugunak eta Amanita Muscaria, adibidez, haluzinogenoak dira. Amanista Phalloides eta Amanita Virosa, berriz, hilgarriak».

Perretxiko hauen guztien, eta gehiagoren, argazkiak ikusi nahi dituenak, Perretxiko-8Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean izango du aukera. Erakusketa ostegunean irekiko du, 19:00etan. Hilaren 24a arte egongo da zabalik:?astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era, eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>