«Zozomikoteren ipuina kontatzeko haurren laguntza beharko dugu»

Mertxe_Aizpurua

Antzerkiak erakarrita, arlo horretako ikasketak egin zituen Mertxe Aizpurua ordiziarrak eta gaur-gaurkoz, ipuin kontalari aritzen da, astero-astero,  Ordiziako udal liburutegian. Inauterien atarian ospatzen den kaldereroen aste honetan, ohiko programazioaz gain, Zozomikoteren kontakizuna ere egingo du, Erramun Amundarainekin batera. Haur eta helduentzat izango da saioa, ostiralean, hilak 22, D’elikatuz zentroan, 17:15ean hasita.

Nolatan hasi zinen ipuin kontalari lanetan?
Duela 13 bat urte, Arrate Leundari erreleboa hartuta, udal liburutegian ipuin kontalari aritzeko eskaintza egin zidaten. Asko gustatu zitzaidan ideia eta baiezkoa esan nuen. Harrezkero, urte osorako programazioa egiten dugu. Astero -astero haurrentzat saioak egiten ditut. 40-50 haur etorri ohi dira normalean. Pozik nago!

Zein ezaugarri behar ditu haurrekin lan egiten duen ipuin kontalari batek?
Gertutasuna, batez ere. Horrez gain, umorea eta txikienei erakusteko grina izatea ere oso garrantzitsuak dira. Ipuinak kontatzen dizkiedanean saiatzen naiz bizitzarako garrantzitsuak izango zaizkien gaiak ere lantzen, berdintasuna edo dauden familia ereduen ingurukoak, besteak beste. Ipuinen aukeraketa egiten dudanean, kontuan izan ohi dut hori guztia.
Bestalde, haurrek ere kontakizunetan parte hartzea gustatzen zait, eta nirekin antzeztera gonbidatu ohi ditut.

Aste honetan Ordizian Kaldereroak ospatzen ari zarete eta Zozomikoteren ipuina kontatuko duzue.
Hirugarren urtea izango da aurtengoa. Kaldereroak Ordizian betidanik ospatu dira. Urte batzuetan indarra galdu duen ospakizuna bada ere, herritar talde bat burubelarri ari da lanean festa berreskuratzeko asmoarekin. Ni ere horren parte sentitzen naiz nolabait, festa honen pertsonaia nagusiaren istorioa kontatzeko aukera eman baitzidaten, eta hala egingo dugu aurten ere.
Herritik eta herriarentzat ari gara lanean. Saioa helduentzako ere izango da, baina batez ere, Zozomikote gaztetxoenen artean ezagutzera ematea da politena.

«Kaldereroen festa berreskuratzen ari dira eta ni ere horren parte sentitzen naiz»
«Zozomikote alproja bat da. Lanik egin gabe bizi nahi duen pertsonaia»

Nor da Zozomikote?
Zozomikote alproja bat da. Lanik egin gabe bizi nahi du. Herriko gauzak lapurtzen ditu eta zirikatzaile hutsa da. Herriko ordulari guztiak atzeratzen ditu, eta herritarrak berandu joaten dira eskolara edo lanera.

Nola iritsi zitzaizun pertsonaiaren berri?
Kaldereroen festa indartzeko sortutako pertsonaia nahiko berria da, eta pertsonaiaren sortzailea den Agustin Domaikaren bidez jakin nuen haren berri. Domaikak berak egin zidan haren istorioa kontatzeko eskaintza. Ondoren, Patxi Zubizarretaren Zozomikote ipuina irakurri nuen kontakizuna egin ahal izateko. Zubizarretaren ipuinetik abiatuta egingo dugu kontakizuna.

Moldaketa egitea erraza izan al da?
Erramun Amundarainekin batera egindako lana da. Saioak 45 bat minutu iraungo du eta ipuina nahiko laburra denez, behar-beharrezkoa zen moldaketa. Moldaketa egiterako garaian, istoriotik ez aldentzen saiatzen naiz, Zozomikote ipuinaren kasuan behintzat hala izan da. Domaikak sortutako pertsonaia errespetatu nahi dugu, eta horregatik, kontu handiarekin lan egin dugu.

Aurtengo saioa nola joango dela uste duzu?
Haurrei gustatzen zaien pertsonaia eta istorioa da, beraz, beste behin ere, herritarrek erantzutea nahiko genuke. Gainera, Zozomikoteren ipuina kontatzeko haurren laguntza beharko dugu, beraz, haur pila bat etortzea espero dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>