«Etorkizuna badago, venezuelarra ez delako jada herri ezikasia»

Leandro_Jose_Mar_n_ArrietaLeandro Jose Marinen (Maracay, Venezuela, 1985) bigarren abizena Arrieta da. Sustrairen bat izango du Euskal Herrian, dioenez litekeena da adar genetikoren batek bere urratsak honaino bideratu izana. Sustraiak edo genetika direla, Marin Zumarragan bizi da. 2017aren amaieran irten zen Venezuelatik, hasieran oporretan, gero geratzeko erabakia hartu zuen. Malagan, Bilboko Basurton eta Suedian bizi eta gero iritsi zen Goierrira. Venezuelan gertatzen ari denaz mintzatu da. Ahots polifonikoa da berea.

Nor da Leandro Jose Marin?
33 urteko mediku zirujau traumatologoa naiz. Margarita irlako (Venezuela) ospitalean zazpi urtez aritu nintzen lanean. Oporretan atera nintzen Venezuelatik Malagako familia bisitatzera, eta ondoren, Basurtora etorri nintzen bertako ospitalean urologia erresidentzia amaitzen ari zen lagun bati bisita egitera. Lagunarekin geratzeko aukera planifikatzen hasi nintzen.
Venezuelar lagun talde batekin harremanetan jarri nintzen nire egoera legalari konponbidea aurkitzeko eta haiek nazioarteko babesa eskatzeko aukeraz hitz egin zidaten, hain zuzen, gure aberrian dagoen krisi humanitarioagatik.

Suedian ere ibili zinen.
Bai, beste lagun baten bitartez iritsi nintzen hara. Nire helburua medikuntza titulua homologatzea zen, baina hizkuntzaren trabarekin topo egin nuen eta hango bizimodua nahiz klima baldintzak atzera bota ninduten. Gu eguzki jendea gara, nahikoa lan izaten dut hemen euria goian behean egiten duen egun horietan.

Nolatan iritsi zinen Zumarragara?
Venezuelar lagun baten bitartez. Lan bila nenbilen eta hark hemen igeltsero lanpostu bat zegoela esan zidan. Nik lana behar nuen lan-baimena eta tituluaren homologazioa tramitatzen ditudan bitartean.

«Batzuetan min ematen dit hemen nire lanbidean [mediku] ezin aritu horrek»
«Eskuinaren ikuspuntutik kontatzen digute Venezuelan gertatzen dena»
«Petrolioaren monoprodukzioa da gure ekonomiaren Akilesen orpoa»

Nola sentitzen da mediku traumatologo bat igeltsero lanetan?
Ba, ez dakit. Batzuetan ongi sentitzen naiz gure aitaren lana gogora ekartzen didalako. Kontratista izan da bera eta eraikuntza enpresa bat zuen. Umetan lanetara eramaten ninduen. Aitzitik, aitak beti urrundu ninduen ofizio hartatik, berak nik nire ikasketak eduki nitzala nahi zuen, nire lanbidea. Nolanahi ere, beti izan naiz trebea eskuekin.

Beharbada horregatik aukeratu zenuen traumatologia espezialitatea.
Agian bai, medikuntzako arotzak gara.

Batzuetan ongi sentitzen zarela esan duzu. Eta beste batzuetan?
Beste batzuetan min ematen dit nire lanbidean ezin aritu horrek eta gogaitu egiten nau baimena eta homologazioa lortzeko horrenbeste itxaron behar izateak. Edozein kasutan, oro har ongi sentitzen naiz igeltsero lanean. Etorkizuneko nire etxea eraiki ahal izango dut!

Zenbat denbora beharko duzu baimena eta homologazioa lortzeko?
Medikuntza titulua homologatu duten nire lagunek urtebete eta bi urteren arteko tartea behar izan dutela badakit. Lan baimenari dagokionez, Espainiako Poliziak ematen du eta hurrengo urteko erdialdean edo lor nezake. Homologazioa lortuta ere lan baimenik ez badut, ezin naiteke mediku lanean hasi.

Nola utzi zenuen Venezuela?
Biziraupen egoeran. Jateko egiten duzu lan eta soldatak astebeterako ere ez dizu ematen. Inflazioa izugarria da eta aurrezteko aukerarik ez dago inondik ere.

Komunikabideek nola kontatzen digute han gertatzen dabilena?
Eskuinaren ikuspuntutik. Venezuelako oposizioak beti ezkutatu nahi izan du egoeraren atzean dagoen joko geopolitikoa, gerra ekonomikoa, blokeoa eta xantaia politikoa.
Boteretsuen arteko gerra horren ondorioak herriak pairatzen du, ahulenek.

Emango zeniguke deskribatu duzun egoera hori ulertzeko giltzaren bat?
Egoera ulertzeko ezinbestekoa da atzera egitea. Hasteko eta behin Venezuelako ezkerreko eta eskuineko bi alderdien arteko jokoa dago. Eta, batez ere, 2012ko petrolio krisia dago. Kanpo zor handia genuen eta petrolio kupelen prezioak behera egin zuen. Inoizko preziorik baxuenak izan ziren, 15 dolar kupelak!
Gure ekonomiak betidanik mendekotasun handia izan du petrolioarekiko. Monoproduktoreak gara eta hori da, hain zuzen, gure Akilesen orpoa; hortik gerra ekonomikoa. Amerikako Estatu Batuek honelako zerbait egin dute: ‘ez diguzu zure petrolioa ematen, bada guk ez dizugu petrolioa ateratzeko ezinbestekoa duzun makineria emango’. Gertuen dugun herrikidea da, eta jakina, zailagoa da txinatarrei, turkiarrei edo errusiarrei petrolioa saltzea eta haien makineria ekartzea… 2012ko krisi hartatik ez gara gure onera etorri, eta ez gara gure ekonomia dibertsifikatzeko gai izan, dirurik ez dugu izan nekazaritza makineria erosteko. Beharbada, burua horretan jarri bagenu, horixe litzateke gure ekonomiaren pizgarria.

Gurasoak dituzu han. Zer kontatzen dizute?
Batzuetan hemen entzuten ditudanekin kezkatuta deitzen diet. Haiek ongi daudela diote, bizirauten, beti ere.

Kaleak gatazken plaza bihurtu dira.
Urtarrilaren 23an manifestazio gogorra egon zen. Oposizioko jende asko atera zen kalera. Aitzitik, niretzat aspaldi errepikatzen ari den fenomenoa da. Jende asko irteten da, hildakoak daude, biktimak eta martiriak. 2002tik gertatzen ari da. Lehenengo manifestazio handia Hugo Chavezek nekazariak eta langileak laguntzen zituen lege sorta aurkeztu zuenean izan zen. Estatu kolpeen bitartez Chavez bere postutik kentzen saiatu ziren. Libreto berbera zen, eta, bien bitartean, komunikabideek den-dena distortsionatzen zuten.

Diozun bezala libreto berbera izanda ere, orain erasokorragoa da?
Bai. Orain PDVSA –Venezuelako Petrolio Konpainia– eta Langileen Zentrala ez daude haien esku, nazionalizatuta daude eta ez dituzte erreminta horiek. Alabaina, bestelako zigorrak [ekonomikoak] dituzte kanpoko eskuineko aliatuei esker.

Hauteskunde eske ari dira.
Bitxia da. Hauteskunde Zentro Nazionala ustela dela diote galtzen dutenean eta irabazten dutenean ontzat hartzen dute.

Krisi humanitarioa dago Venezuelan?
Xantaia agerikoa da. Gure bizilagunak [AEB] betidanik honakoa egin du: ‘edo gure baldintzetan adosten dugu eta ezkerra boteretik botatzen dugu edo gosez akabatzen zarete’. Asimetria itzela da, haiek handiak eta boteretsuak dira, eta euren ekonomia gure lepotik gizendu nahi dute. Gizatasunik gabeko politika da, Obamatik Trumperaino, biek eutsi diote xantaiari botiken blokeoa eragiteraino. Hori da gerra ekonomikoa, kanpotik datorrena. Barrukoa ere badago, hori beste fenomeno bat da. Txanpon aldaketa sistema klandestinoa sortu da, egundoko espekulazioa dago eta inflazioak gora egin du.

Venezuela baliabiderik gabeko herrialdea balitz hau guztia gertatuko litzateke?
Aberastasunak lukurreria pizten du. Petroliorik, mineralik eta abar ez bagenu ez litzateke hau guztia gertatuko.

Bake-mahaia antolatu dute Uruguain.
Oposizioaren sektore bat Dominikar Errepublikan bildu da Nicolas Maduroren gobernuarekin. Badago, hala ere, ultraeskuindar sektore bat zeina gobernuaren irteera erradikala eskatzen duen.

Itzuliko zara?
Bisitan bai, bizitzera ez dut uste. Hemen ikusten dut nire burua, mediku lanean.

Ongi hartu zaitu Euskal Herriak?
Bai, errespetu handiz hartu nauzue. Egokitzeko aukera izan dut  eta integratzeko aukera ere bai, nire egoera legala erabat konponduta izan gabe ere.

Dagoen kinkatik aterako al da Venezuela?
Simon Bolivarrek zioen herri ezikasia bere hondamendiaren jabea dela. Herri venezuelarra orain gertatzen ari denaren kontziente da. Badakigu ekonomia dibertsifikatu behar dugula, kontsumo ohiturak aldatu behar ditugula, herrialdeen subiranotasuna errespetatu behar dela, beste herrialdeekin harremanak berreskuratu behar direla eta munduko gizarteen arteko loturek elkartasuna oinarri izan behar dutela, ez harrotasuna eta harrokeria. Venezuelak badu etorkizuna, dagoeneko venezuelarra ez delako herri ezikasia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>