«Nazkatuta gaude egunero pairatzen ditugun hainbat egoerekin»

Ana_Txurruka

Martxoaren 8ko greba feministaren mobilizazioen antolakuntzan modu oso aktiboan dabil lanean Ana Txurruka (Ordizia, 1979). Euskal Herriko Mugimendu feministaren aktibista da aspalditik. Azken hamarkadan, militantziaren eta instituzioaren bidegurutzean ari da lanean  buru-belarri. Medeak taldea eta transfeminismoa izan ditu ardatz kalean; bestalde, Donostiako Emakumeen etxean egiten du lan, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko bidean, gogoeta egiteko, esperientziak eta konplizitateak elkartrukatzeko, pentsamendua ekoizteko eta kolektiboki aurrera egiteko elkargunean. Martxoaren 8ko greba feministaz aritu da luze eta zabal.

Nola dator aurtengo Martxoaren 8a?
Ilusioz eta motibazioz beterik eta mobilizio askorekin toki guztietan. Martxoaren 8a egun oso handia izatea da gure asmoa. Horregatik, iaz baino jende gehiago biltzea nahi dugu. Ahal den emakume gehienetara iritsi nahi dugu, egun horretan kalera atera daitezen, kaleak aldarrikapenez bete nahi ditugu.

Iazkoaren ondoren, zein da egin zenuten balorazioa?
Iazkoak, lehena eta oraina markatu zuen. Balorazioa, oso positiboa izan zen eta maila desberdinetan egin genuen. Batetik, jendeari dagokionez, oso positiboa, inflexio puntu bat izan zelako. Emakume asko atera ginen kalera, emakume oso desberdinak gainera, sekulako aniztasuna egon zen. Horietako askorentzat, horrelako manifestazio batean parte hartzen zuten lehenengo aldia zen. Adin tarte, nazionalitate eta egoera sozial oso desberdinetako emakumeek bete zituzten kaleak.
Bestetik, barrura begira, antolakuntzari dagokionez, balorazioa ere oso positiboa izan zen. Lanak ondo egin genituenaren sentsazioarekin gelditu ginen, eta jendeak ezin hobeto erantzun zuen.
Dena den, aurten beste pauso bat gehiago eman nahi izan dugu. Kontua da, Martxoaren 8aren bueltan ekintza asko eta asko antolatu genituela. Horrek, lan handia suposatu zuen eta pentsatu genuen antolakuntza lanetan jende gehiagok parte hartzea intesgarria izango zela. Emakume guztiei luzatu diegu gonbita, mobilizazioetan parte hartzeaz gain, antolakuntzan aritzeko ere anima daitezen. Gipuzkoako herri guztietan eta auzo askotan antolatu dira ekintzak.

Egun gutxi falta dira, guztia prest dago, baina emakume guztien greba eskubidea bermatuta al dago?
Ez, ez dago bermatuta! Ebaluazio bileretan hausnartu dugu hori. Emakume bakoitzaren errealitatea desberdina da. Etxeko langileen kasuan, garbitzaileen kasuan eta lanpostu oso feminizatuetan orokorrean, greba eskubidea ez dago bermatuta. Hala ere, guztiak izan nahi ditugu kontutan eta emakume horientzat ere bada Martxoaren 8rako deia. Egoeraren jakitun, kalera ateratzeko aukerarik ez badute, grebara batzeko beste bide batzuk daude, zapiak edo txapak jantzita.

Greba feminista entzunda, oraindik batzuk ondo ulertzen ez duten terminoa da. Zer da greba feminista?
Emakumeak nazkatuta gaude, egunero-egunero pairatzen ditugun hainbat egoerekin, eta horien aurrean erantzun bat ematea da greba feminista, besteak beste. Aldaketa errealerako pausoak ematen hasteko garaia baita.
Indarkeria matxista sufritzen dutenen kasuan, argi eta garbi dago, zerbait egin beharrean gaudela, gehiago itxaron gabe. Baina ez kasu horietan bakarrik, aldaketak orokorra izan behar du. Emakume guztien errealitateek aldatu behar dute.
Greba feminista, lan guztiak utzi eta kaleak hartzeko eguna izango da aurten ere. Gainera, bizitzako esparru guztietan kokatuko da; soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean. Heteropatriarkatu kapitalistaren aurrean egingo dugu planto.

Ana_Txurruka(1)«Ilusioz eta motibazioz beterik eta mobilizio askorekin dator Martxoaren 8a»

«Kalera atera ezin daitezkeen emakumeek grebara batzeko beste bide batzuk dituzte»

«Inguruan dituzten emakumeek greba egin ahal izatea bermatu beharko dute gizonezkoek»

Gizonezkoen rola zein izango da?
Aukera desberdinak izango dituzte eta oso garrantzitsua da eurek ere parte hartzea. Inguruan dituzten emakumeek greba egin ahal izatea bermatu beharko dute. Zaintza lanen ardura izango dute. Horrez gain, gizonezkoen lan eremuetan, emakumeek pairatzen ditugun egoeren inguruan eta feminismoaren inguruan hausnarketak egitera gonbidatzen ditugu.
Gizonezkoek bete beharreko rolaren harira, toki batzuetan, Urola Kostan eta Egian besteak beste, zaintzarako autogestio taldeak sortu dituzte. Haurtzaindegi zerbitzua emango dute eta horrela, haurren zaintza bermatuta egongo da toki horietan. Horrelako ekimenak, behar-beharrezkoak dira eta beste gizon batzuentzat eredugarriak dira gainera .

Gizonezko askok oraindik ez dituzte begiak ireki eta minduta ere sentitzen dira maiz.
Jarrera defentsiboa baino ez da hori. Beldurra dute, eta ez dute errealitatea den bezela ikusi nahi. Zentzu horretan, zabaldu beharreko mezua, gizartean benetan gertatzen denaren aurrean hausnarketa egin behar dutela da.
Momentuz, emakumeak gara indarkeria jasaten dugunak. Urtea hasi zenetik hil dituzten emakumeen kopurua hortxe dago. Zer esan horren aurrean? Hori ezin da ukatu.  Bizitzan, orokorrean, desberditasun egoeran gaudenak emakumeak gara eta gizonak, pribilegioak galduko dituztenaren ustearekin, errealitatearen definizio desitxuratua egiten dute. Horrek aldatu egin behar du.

Gizonezkoetan aldaketa ematen ez bada, borroka hau nora doa?
Bide luzea dute aurretik. Emakumeen kasuan, aurrerapausoak eman dira, aldaketak egon dira, eta egokitzapen fase bat beharko dute gizonezkoek. Hausnarketa egitea, beraientzat bakarrik ez, gizarte osoarentzat onuragarria da.
Argi daukat prozesu honetan, eraldaketa egiten duten gizonentzat oso positiboa dela, baina ez hori bakarrik, inguruan dituzten emakumeentzat izan ezik, gizarte osoak nabarituko duen zerbait da.
Pertsona osoagoak eta zoriontsuagoak izango dira, baina oraindik, askori, hori guztia  hausnartzea eta ulertzea falta zaie eta puntu hortara iritsita, egunerokoan izango du isla.

Datuak aipatu dituzu lehenago. 2003. urtetik, datuak jasotzen hasi zirenetik, ia 1.000 emakume hil dira gizonen eskuetan.
Lehenik eta behin esan nahiko nuke, jasota dauden datuak ez direla guztiz errealak, ez baitira ondo jasotzen. Esaten digutena baino gogorragoak dira. Dena den, kopuru horiek ere, berdintasun egoera baten aurrean ez gaudela erakusten dute, nahiz eta batzuk, kontrako mezua ari diren zabaltzen. Urratsak egin egin dira, baina oraindik egiteko asko dago. Ez gaude gizarte justu ez parekide baten aurrean. Hutsuneak, oso nabarmenak dira.

Horren aurrean instituzioek duten jokaeraren aurrean, zein da egiten duzun balorazioa?
Jarrera oso anbiguoa dute eta oso kezkagarria eta arriskutsua da hori. Batetik, politikoki korrektoa den diskurtsoa dute eta ia alderdi politiko guztiek egiten dute bat diskurtso horrekin. Ia diot, badaudelako oraindik diskurtso horrekin bat egiten ez duten hainbat alderdi politiko, eskuinaldekoak batez ere.
Bestalde, eguneroko jarreretan ez da diskurtso korrekto horren isla ikusten eta hori onartezina da. Indarkeria matxistaren  kontra daudela esaten dute, baina berdintasun politikei ez diete behar bezalako garrantziarik ematen. Momentu honetan, beste lehentasun batzuk dituzte. Ez dute arazoari aurre egiteko baliabide nahikorik jartzen.
Beraz, guztiek hobetzeko asko dutela esan beharrean nago. Ez da logikoa, aipatzen nuen diskurtso korrektoa izan eta aurrekontuetan adibidez islarik ez izatea eta diru partida ez handitzea, edo berdintasun teknikari askok duten lan baldintza kaxkarrak izatea. Praktikan, garbia da errealitatearen erradiografia nolakoa den.

Botere judiazialari dagokionez, hortxe dago ‘La manada’ kasuarekin gertatutakoa. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Botere judiziala dugun gizartearen argazkia da. Botere judiziala matxista da eta arazoa da, botere handia dutela. Kontu gehiagorekin jardun beharko lukete. Eredu patriarkatu batean oinarritutako botere judiziala dugu, eta aldaketa sakona behar-beharrezkoa da. Formakuntza eta ikuspegi feminista batetik zigor kodearen eta zibilaren berrikuspena egin behar dira.
Hala ere, mugimendu feministari harritzen ez gaituen zerbait da. Instituzio juridikoak statu quo-a mantentzen saiatzen dira, haien lana desberdintasunen kontra egitea bada ere alegia, matxismoaren kontra borrokatu beharko lukete.

Martxoaren 8rako astebete falta da eta mobilizazioak egingo dira han eta hemen.
Aurtengo erronka mobilizazioen deszentralizazioa izan da. Herrietatik hasi eta ez hirietatik, eta guztion artean, euskarri nazional bat sortzea da helburua. Martxoaren 8an, elkarretaratzeak egingo dira herri, eskualde eta hirietan. 12:00etan eta 19:00etan izango dira batik bat.

Zeintzuk dira aldarrikapenak?
Bost ardatzetan antolatu dugu greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izango da. Lantoki eta ikasgeletan greba eginda, herri eta hirietako mobilizazioetara joanda, zaintzeari utzita eta hori irudikatzeko amantala balkoian eskegita, gure eskualde edo arloan greba antolatuta eta zabalduta, edo besoko morea eta txapa ipinita grebarekin bat egiten dugula adieraziko dugu.

Bukatzeko, zein da emakumeei bidaliko zeniekeen mezua?
Martxoaren 8an greba egin dezatela. Bakoitzak ahal duen neurrian. Kalera atera daitezela mobilizazioetan parte hartzera, eta ezin dutenek, greba feministarekin bat egiteko beste bideak erabil ditzatela. Interesgarria iruditzen zaigu gainera,  gaiaren inguruko hausnarketa ariketa ere egitea.
Gizonezkoei ere bidali nahiko nieke mezu bat: greba honetan sinisten badute, emakumeekin kolaboratu eta bidea erraztu  dezatela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>