Sorginen errautsak

NEKANE GONZALEZGoizero legez, 05:30ean bakarrik esnatu zen bere ohe handian. Alferrikakoak izan ziren albokoaren epeltasun bila egindako beso luzaketak. Nagiak atera bitartean, hatzekin gerrialdea ukitu, eta berriz esan zion bere buruari kilotxo batzuk kendu beharrean zegoela, «noizbait, horretarako tartea hartzean».

Ohiko erritual bihurtutako zereginekin bukatu ondoren, alegia, ohea egin, hautsa kendu, egongela txukundu, zabor poltsa edukiontzira eramateko ate ondoan utzi, bezperako ontzi batzuk garbitu, babarrunak egosten jarri, seme-alabentzako katilu-koilarak mahai gaineratu, eta zerrendatzea luze litzatekeen beste hamaika lantxo egin ondoren, komunean giltzapetu zuen bere burua.

Dutxako txorrota irekita utzi bitartean, ispiluan ikusi zuen irudia. Begi zuloz, zimurrez eta azal lehorrez marraztutako mapa zen. Ile apaindegira joan ezinak agerian utzitako zuztar urdinduek kontrastea egiten zuten duela hilabete mordoxka tindatu zuen ile beltzarekin. Pena eman zion bere buruak. Neke kroniko horri buelta eman behar ziola bazekien, baina…

Dutxa bizkor baten ostean, amarenera joan zen, hura ere goiztiarra izan baitzen bizitza osoan. Tira… bizitza zer zen bazekienean, behintzat. Alzheimerren gaitza zeukan. 08:00etarako Blanca joaten zitzaion egunero, Kolonbiako emakume jatorra, eta iluntzera arte egoten zen harekin. Blancaren bizimoduari erreparatuta, nola kexatuko zen, ba, bereaz! Blanca etortzerako, taxuz egotea gustatzen zitzaion amari, eta hartara joaten zen.

Etxera itzuli, haurrak esnatu, gosaria eman eta ikastolara eramaten zituen. Lanerako bidean musika entzuten zuen, akordeek beste mundu batera garraia zezaten. 8 orduko lanaldi gogorraren ostean, haurrengana berriro. Eskolaz kanpokoak, etxeko lanak, bilerak, garbigailua, afaria… Eta buelta amaren etxera, hark eguna nola igaro zuen jakin, afaria eman eta oheratzera.

Txikiak lozorroan utzitakoan, eseri, eta begiak ixten zituen. Ez zen berak amestutako bizitza, baina halaxe jarraitu beharra zeukan, ingurukoengatik sikiera. Bera zen familiako ardatza, eta argi zeukan ekilibrista lanetan jarraituko zuela behar zen beste. Berriro ere bakarrik eta hozbera oheratzean, bizitzaren alderdi onei erreparatzeari ekiten zion, etsipenezko «okerrago egon nintekeen» esaldi beti-betikoa garunean tatuatuz.

Oraingoan, baina, bere iraultza txikia egiteko prest zegoen. Aurki izango zen martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna: inoiz ez bezala, mundu osoko emakumeen aurpegia izango zuena. Egun horretan bere egoera salatu, nahi zukeen bizimodua aldarrikatu eta 24 orduz libre izateko asmoa zeukan. Bere zeregin txiki zein handi guztiak, soldatapekoak zein isilean musu truk egindakoak, alde batera utzi, eta gizartea stand by-ean uzteko aletxoa jarri nahi zuen. Anaiari, behingoagatik, amaren eta seme-alaben ardura utzi, eta bere burua ikusarazi nahi zuen, bere bizitzak, mundu osoko emakumeenak bezalaxe, zentzua eta garrantzia duela lau haizetara zabaldu. Prekarietateak berezkoa duen kolore moreari beste kolore bat eman nahi zion, edo ahal dela, prekarietatea bera desagerrarazten lagundu. Alboko emakumeei eskutik helduta, kapitalismo hetero-patriarkalari planto egin nahi zion, eta gizarte matxista bere usainez lurrundu. Aspaldian erre zituzten sorginen errautsak barreiatzeko asmoa zeukan, martxoaren 8tik aurrerako egunetan ere bere infernuzko mundu txikiak zer arrastori jarraitu behar zion jakin zezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>