Bost ardatzeko greba

M8_greba_feminista

Euskal Herriko Mugimendu Feministak 24 orduko grebarako deia egin du  Martxoaren 8rako. Zaintza lanak ikusarazi nahi dituzte bereziki, ordainduak zein ordaindu gabekoak, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzeko.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko?Egunean, egun osoko greba feminista egingo da aurten ere. Bost ardatzetan oinarrituko greba da: enplegu greba, zaintza greba, pentsionisten greba, ikasleen greba eta kontsumo greba. Aurten, bereziki, zaintza arloa nabarmendu nahi izan dute, «zaintza lanetan zapalkuntza sistema guztiak gurutzatzen direlako, izan kapitalismoa, heteropatriarkatua zein arrazakeria».

Zer da greba feminista?

Emakumeek* –mugimendu feministak asteriskoa erabiltzen du heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuak izendatzeko: emakumeak, bollerak eta transak– lan guztiak, soldatapekoak zein doakoak, egiteari utzi eta kaleak hartuko dituzte. «Lanaren greba da, bizitza eusten dutenen greba. Emakumeok*, esparru gehiegitan, jasaten duten diskriminazioa eta prekarietatea salatzeko eta ikustarazteko». Honela, greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da, «soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean».

Zer eskatzen da?

«Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa» eskatzen dute, «zaintzaren berrantolaketa soziala» aldarrikatuz: «Pertsonen zaintza ez dadila zapalduen bizkarrean geratu. Finean, paktu sozial berri bat aldarrikatzen dugu». Ildo horretan, Martxoaren 8an, «gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea» eskatzen diete. Era berean, «kapitalismo heteropatriarkalari planto» egin eta «bizitzak erdigunera» ekartzea eskatzen dute, emakumeek * egoera ezberdinetan bizitza prekarioak dituztela salatuz. «Emakumeok egoera desberdinetan bizitza prekarioak ditugu; guk, guztiontzat bizitza jasangarriak nahi ditugu. Bizitza batzuk besteak baino gehiago baloratzen dira eta sistemak bizitza batzuk sobran ditu eta ez zaizkio inporta». Honela, «guztiontzako bizitza jasangarriak lortzea elkarren beharra dugula onartzetik hasten» dela dio mugimendu feministak, «horregatik, bizitza mantentzeko erantzukizun kolektiboa exijitzen dugu».

Nola greba egin?

Enplegu, zaintza, pentsionista, ikasle eta kontsumo greba egingo dituzte. «Emakume* guztiok geldituz gero, mundua gelditzen» dela erakutsi nahi dute, «soldatapeko lanik gabe mundua geldituko litzatekeela». Greban parte hartzeko hainbat modu daude: batetik, lantoki eta ikasgeletan greba eginda; bestetik, herri eta hirietako mobilizazioetara joanda; zaintzari utzita eta hori irudikatzeko mantala balkoian eskegita; eta besoko morea eta txapa ipinita grebarekin bat egiten dela adierazteko.

Eskarien zerrenda

Mugimendu feministak 28 eskaerako zerrenda egin du. Hauek dira puntu nabarmenenak:

  • Enplegu duina. «Inposatutako jardunaldi partzialik ez, soldata arrakalarekin bukatzeko neurri eraginkorra, behin-behineko kontratuak bukatzea, pribatizaziorik ez eta azpikontraten errebertsioa».
  • Lan araututik kanpo emakumeek egiten dituzten enpleguak lan eskubideez eta negoziazio kolektiborako tresnez hornitzea.
  • Bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanen aitortza politiko eta soziala.
  • Etxeko enplegua balioa, aberastasuna eta ongizate soziala sortzen duen jarduera ekonomiko gisa aitortzea.
  • Etxe barruko langilearen figura desagertzea, «lan baldintza onartezinak eta salbuespe- nezkoak direlako».
  • Pentsio duina, «gutxienez, 1.080 euro».
  • Zaintzarako eta menpekotasunari arreta emateko berezko sistema publikoa.
  • Emakume baserritarren estatutua garatzea, baliabidez hornitzea eta betearaztea.
  • Indarkeria matxista egoerei aurre egiteko baliabide publiko eta eraginkorrak.
  • Emakumeen ugalketa eskubideak eta abortu librea eta doakoa.
  • Atzerritarren legea atzera botatzea eta arrazakeriaren ondorioei aurre egiteko politikak garatzea eremu guztietan.
  • Presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzen dute, «baita emakume presoek bizi duen isolamendu hirukoitzarekin amaitzea ere».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>