«Harro nago bailara txiki honetan telebista bat martxan edukitzeaz»

JON_ALDANONDO

Hamabost urte bete ditu Goierri Telebistak, eta hasieratik sortzaile, enpresaren bazkide eta produktuen zuzendari da Jon Aldanondo (Itsaso, 1971). Ikus-entzunezkoak zabaltzeko aniztasunean, ondo kokatzea du erronka. Harro dago euskarazko telebistak iraun duelako.

Gogoan duzu Goierri Telebistaren lehenengo emisio eguna?
Bai. Bi emisio egun izan genituen. Lehenengo, arraroa badirudi ere, Euskaltelen zuntzetik hasi ginen, 2003an. Geroago hasi ginen uhin bidez, 2004ko urtarrilaren 7an. Frekuentziekin arazo batzuk izan genituen —Usurbe zen puntu garrantzitsuena eta beharrezkoena, Goierri ia guztia ikusten delako—, eta luzatu zen. Kezka zen telebista martxan eduki, eta emititu ezina. Hilabete urduriak izan ziren. Emisioan jarri zen gauean lorik ere ez nuen egin, hain gustura nengoen…

Nekeza izan zen hasiera?
Bai. Hiru lagun ginen, oso artisau modura. Lan astunena aurrekoa izan zen: erakundeak komentzitu, proiektua aurkeztu,  finantzazioa bilatu… Goierrin telebista euskaraz posible zela erakutsi behar izan genuen. Oso ondo hartu gintuzten, eta hargatik izan da posible.

Hamabost urteotan, zein izan duzue galdu ezineko iparra?
Bat, telebista egitea. Baina euskaraz egitea. Garbi geneukan Goierrin euskaraz egin behar genuela. Bertakoa egin behar genuela ere bai, eta ahalik ekoizpen gehiena sortu. Telebista egitea garestia da, bitarteko tekniko asko behar da, eta lege baldintza asko daude, beste edozein telebistari kostatzen zaion berdina da hori.

Hasiera hartan, pentsatuko zenuen 15 urte iritsiko zirela?
Nik neuk, hemengo lantaldean hasi nintzenean, ez nuen uste 15 urte jarraituko nuenik. Hasierako proiektuan lagundu, eta lekua uztea tokatuko zitzaidala pentsatzen nuen. Baina gero eskaerak Tolosaldetik, Azpeititik eta Zarauztik etorri ziren, eta jada bertan erabat harrapatu ninduen, Infosare sortzeraino. Goierrin daukagu matriza, eta beste telebistak ere kudeatzen ditugu. Gernikako Oizmendirekin ere harremana dugu. Nire burua Goierrin bakarrik nola ez dagoen, zaila egiten zait beste gauza batean pentsatzea.

Zer egoera dute tokiko telebistek, oro har?
Euskarazko toki telebisten aitzindaritza eta indarra Gipuzkoan dago. Gehiago sortzea nahiko mugatuta dago, frekuentziak eskuratzeko aukera itxita dagoelako. Mundu hau ere asko ari da aldatzen. Gaur egun, Internetekin beste aukera batzuk sortu dira. Guk ere moldatu behar izan dugu. Duela hamar urteko telebistak eta oraingoak ez dute zerikusirik.

Tokiko telebistak non geratzen zarete kontsumo-ohituren aldaketaren zurrunbiloan?
Kontsumo joera eta aukera gero eta gehiago daude. Gure lekua bilatzen ari gara. Hasierako helburuei heldu behar diegu, eta beste eskaintzetatik desberdindu. Tokikoari berriro heldu beharko diogu. Bigarrena, egiten duguna ahalik eta aplikazio gehienetara banatu behar da. Telebistarekin bakarrik geratuta jai daukagu. Hor daude sare sozialak, webgunea, eta geroz gehiago mugikorrak; horra doa kontsumo guztia.
Tokiko telebistek nahiko lan dugu, baina etorkizunean ikus-entzunezkoek garrantzi handia izango dugula esaten da, eta uste dut hala izango dela. Ikus-entzunezkoak egiten ditugu, eta hor kokatuta bagaude. Asmatu behar dugu ahalik eta jende gehienarengana nola iritsi. Inork ez dauka kristalezko bola, baina geldi ezin da egon.

JON_ALDANONDO_GOIERRI_TELE(2)«Goierri Telebista, bere mugekin, ondo ikusten dut. Orekatutako proiektua da»

«Ahalik aplikazio gehienetara zabaldu behar da, telebistarekin bakarrik jai dugu»

«Gustatuko litzaidake bailarek ikus-entzunezko proiektu bana edukiko balute»

Kokagune berrietan egonkortu arte, segitzeko moduan zarete?
Bai. Ile zuri batzuk badauzkat jada, eta askotan jendea kezkatzen da, Goierri Telebistak ezer balioko ez balu bezala. Patxadaz. Telebista geroz eta gutxiago kontsumitzera joan liteke, baina oraindik lehenengoa da. Eta inportantea ez da telebista LTDtik edo Euskalteletik datorkigun; inportantea telebistan zer ikusten dugun da, edukia.

Goierrin esperotako onarpena jaso du zuen telebistak? Nola sentitzen zarete?
Goierri Telebista, bere muga guztiekin, ondo ikusten dut. Ondo neurtua eta lantalde orekatuarekin. 45.000 ikuslerentzat ari gara —Zumarraga-eta hartuta 60.000—, eta neurriko telebista bat dela uste dut, orekatutako proiektua. Jendea ohitu da ikustera, eta datorkigun feedbacka ona da. Erakundeen eta bezeroen aldetik ere oso gustura gaude, momentuz.

Goierri osoan emititzeko lizentzia duzue. Urretxu, Zumarraga eta Legazpira zabaltzeko urratsik egiteko asmorik baduzue?
Oreka gehiago dago pentsatuta Goierri beherako. Goian badago beste telebista lokal bat. Ez gara joan, gertuko sentitzen ditugulako, nahiz erdaraz den. Hor lehia egitearen aldekoak ez gara. Egunen batean, hango erakunderen batek eskatuko baligu euskarazko zer edo zer nahi dutela, gu prest gaude. Baina egiten duenari goazen egiten uztera. Gainera, ia etxekoak bezala ditugu Urola Telebistakoak, hemendik emititzen dute LTDz. Idatzi gabeko halako itun bat dago: euskarazkoa egiteko hango erakunderen baten eskaria jasoko ez banu, ez gara joango. Beraiek hona etortzen ez diren bezala. Gune naturalak ere desberdinak dira, eta hori errespetatuko dugu.

Goierri Telebistaren indargunea albisteak dira.
Bai. Gure lehen helburua tokiko informazioa eta aisialdiko saioak euskaraz ematea da. Lehenengoa informazioa da. Gure teknologiak uzten digun adina egiten dugu, eta programazioa beste telebistekin osatu. Behar zuen marratik ez gara urrundu, eta hor jarraitu behar dugu.

Atzera begiratuta, orain artekoaz zerekin zaude harro?
Harro nago horrelako bailara txiki batean telebista martxan edukitzeaz. Oinarrizkoa horixe da. Harro nago azken aldian lantaldean aldaketa gutxi izan delako. Harro nago Goierritik beste esperientzia batzuk jarri ditugulako. Hasierako eskema halako 50 izan da, baina gai izan gara irauten eta euskarazko proiektu bat eramaten. Orain 15 urte, ez nuen ametsik onenean ere hau pentsatuko.

Begirada 15 urte barru jarrita, zer litzaizuke harrotzekoa?
Gustatuko litzaidake bailara bakoitzak, eta bertako euskara elkarteek eta hedabideek ikus-entzunezko proiektu bat edukiko balute. Bestetik, Euskal Telebistarekin harremana. Oso zaila egin zaigu toki telebistei, eta paraleloan aritu gara. Herri honek ETBren eta toki telebisten arteko proiektu bat eduki beharko luke. Egiten dugun euskarazko produkzio apurra zulo handi batera botatzen ari garen sentsazioa daukat, eta ez garela ari behar bezalako erakusleihoan jartzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>