Ez ohiko urtaroa

Maquetación 1

Elurrik ez, izotz eta euri gutxi, eta tenperatura epelak, batzuetan altuak. Negua ez ohikoa izan da, eta ez ohikoak Goierriko estazio meteorologikoetan jasotako datuak. Pronostikoen arabera, udaberriko eguraldiak antzeko bidetik joko du.

Amaitu berria den neguak aparteko datuak utzi ditu, urtaro horri dagozkionak baino tenperatura altuagoak eta prezipitazio gutxiago izan direlako. Denen ahotan ibili den kontua izan da aurten ez duela ia negurik egin. Goierriko hiru estazio metereologikoetan egindako neurketak bat datoz herritarren pertzeptzioarekin: negua ez ohikoa izan da.

Iazko abenduaren 21ean, 23:23an hasi zen, eta 88 egun eta 23 ordu eta gero, martxoaren 20an 22:58an amaitu zen. Eguzkitsu eta tenperatura epelekin iritsi zen, eta halaxe agurtu zen, bere azken egunetako prezipitazioek Aizkorri  eta Aralar inguruko mendietan elurra utzi bazuten ere. Horrelako panoramarekin eman zion erreleboa udaberriari.

Tenperatura altuak

Negua iritsi bezain pronto, tenperaturak hozten hasi ziren, eta abenduko azken egunetan 0tik behera jaitsi ziren Legazpin eta Zegaman.

Hala ere, egunik hotzenak urtarrilaren hasierakoak izan ziren. Urtarrilaren 3an neurtu zen, hain justu, negu osoko tenperaturarik baxuena: 5 gradu zero azpitik, Legazpin. Egun horren ingurukoak izan ziren Zegaman eta Ordizian ere tenperatura baxuenak: -4,5 eta -3, hurrenez hurren. Ez zen hotza, hala ere, hilabete hartako ezaugarri nagusia izan, termometroak sei bat egunetan bakarrik jaitsi zirelako 0 azpiko zenbakietara (Legazpiko datuak). Hilabeteak aurrera egin ahala,  epeltzen hasi zen giroa, eta hasieran 4-6 gradu artean ibili ziren maximoak 12-16 graduetara iritsi ziren.

Uda bete-beteko tenperaturak neurtu dira Ordizian otsailean eta martxoan, 27 gradu
Aurtengoa, 1946tik zazpigarren urtarrilik euritsuena izan da Legazpin:362 litro guztira 21 egunetan

Maximo horiek gorago egin zuten otsailean, batez ere hilaren amaieran: 27,8 gradu neurtu ziren Ordizian 27an, uda bete-beteko tenperatura! (24 graduren bueltakoa izan zen Zegamako eta Legazpiko maximoa egun berean). Gainera, otsaila, orokorrean, urtarrila baina epelagoa izan zen: batez bestekoa 9,46 gradukoa izan zen Legazpin, eta urtarrilekoa 5,08 gradukoa. Martxoa oraindik epelagoa izan da, 13,25eko  batez bestekoarekin. Neguaren amaieran ere termometroak 27 gradu gainditu zituen, martxoaren 16an hain zuzen, Ordizian.

Prezipitazio gutxi

Prezipitazioen aldetik ere ez ohikoa izan da negua; elurrik ez du egin, mendi altuetan izan ezik, eta euria ere, gutxi orokorrean. Hala, abendu amaieran ez zen ia prezipitaziorik izan, eta otsaila oso lehorra izan zen; hilaren 12tik martxoaren 5era arte ez zuen euririk egin, 22 egun jarraian lehor. Handik aurrera egin zuen euria, baina ez nabarmen.

Hala ere, izan da alderantzizkoa adierazten duen daturik, urtarrila oso euritsua izan baita. Legazpin, esaterako, 1946tik ezagutzen den zazpigarren urtarrilik euritsuena izan da: 362 litro jaso dira 21 egunetan zehar.

Udaberria ere berdintsu Hasi berria den udaberriak ekainaren 21era arte iraungo du, 92 egun eta 18 ordu guztira. Giro ederrarekin hasi zen martxoaren 20an: goizak hotzak dira, eta eguerdirako epeldu egiten da eguna. Euririk ere ez da izan orain arte. Baina, aurrerantzean zer?

Epe luzerako pronostikoak ezin direla egin ohartarazi eta gero, Euskalmet Euskal Metereologia Agentziak azken urteetako udaberrietako joera aztertu du, eta aurten ere, urtaro hori epela eta ez dela hotza izango aurreratu du. Espainiako Aemet agentziak, berriz,  euri gutxi aurreikusi du; apirilerako eta maiatzerako batez bestekoaren azpitik, eta ekainerako «aterki gehiago».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>