«Bandaren urteurrena su artifizial erakustaldi etengabea izango da»

Zumarragako_musika_banda (5)

Luis Orduña (Barañain, 1980) Zumarragako Musika Bandako zuzendaria da. Banda 150. urteurrena ospatzen ari da eta Orduñarentzat «ohorea» da horren tradizio handiko talde bat zuzentzea eta urteurren ekitaldietan parte hartzea.

Nolatan musika zaletasuna?
Nire familiako aurreko belaunaldikoak ez dira bereziki zaleak, baina nire bi anaia nagusiak eta nire lehengusuak musikariak dira. Izan ere, Barañaingo musika eskola oso lan ona egiten ari da eta erreferentea da. Nire aita bonbardinoa jotzen ikasten ari da! Nire kuadrillako guztiak ere bertatik pasa dira eta musika eskolak profesional asko eman ditu. Zumarraga eta Urretxuko musika eskolatik ere profesional asko atera dira: Juanma Begiristainek Bilboko bandan jotzen du, Sara Zufiaurrek Euskadiko Orkestran, ikasle asko orain irakasleak dira… Sarak eta Juanmak orfeoiarekin egin genuen kontzertuan parte hartu zuten.

Zein instrumentu jotzen dituzu?
Bonbardinoa eta tuba. Umetan tuba jo nahi nuen, baina haurrek ezin dute tuba jo handiegia delako eta bonbardinoa jotzen ikasi nuen.

Zein banda eta orkestratan jo duzu?
Barañaingo bandan, La Pamplonesan, Euskal Herriko Gazte Orkestran eta Espainiako gazte orkestran (JONDE) jo nuen. 22 urterekin Gasteizko bandan plaza lortu nuen.

Nolatan zuzendari?
Beti gustatu zait zuzentzea, baina denbora-pasa bezala hartzen nuen. Halako batean Haize Berriak Sakanako bandakoek zuzendari postua eskaini zidaten. 2005etik banda hori zuzentzen dut. Zuzentzen hasi ondoren, Musikenen orkestra zuzendari karrera egin nuen. Zuzentzen hasteko beharra sentitu nuen. Erronkak behar ditut.

Banda asko zuzentzen al dituzu?
Bai. Eskaintza asko jaso ditut. Haize Berriak banda, Durangokoa, Zumarragakoa eta Santa Maria Kapera (abesbatza, orkestra eta organoarekin) zuzentzen ditut. Zumaiako banda zuzendu nuen eta Irungoa eta Galdakaokoa ere zuzendu ditut, zuzendari gonbidatu gisa.

Zergatik gustatzen zaizu zuzendari lana?
Zuzendaria interpretea ere bada. Denak elkarrekin jotzen jartzeko ahalmena du. Kozinatzea bezala da. Osagai ezberdinak hartu eta musika egiten du. Sormen lana da. Musikariak konbentzitu behar ditu. Zure musika kontzeptuan sinestea lortu behar duzu. Zuzendaria kudeatzailea eta liderra izan behar da, denek norabide berean arraun egin dezaten.

Zein da banden funtzioa?
Bandak ezinbestekoak dira. Azken hamarkadetan musika eskolek indar handia hartu dute eta ikasleek helburu bat behar dute. Motibazio bat. Bandak ikasten ari zaren instrumentu hori jotzeko aukera ematen dizu.

Bandek herritarren estimua al dute?
Geroz eta zailagoa da entzuleak erakartzea. Duela 100 urte kultur eskaintza oso urria zen eta mundu guztia joaten zen banden kontzertuetara. Gaur egun Zumarragako eta Urretxuko kultur eskaintza sekulakoa da eta, gainera, herritarrak hiriburura ere joan daitezke. Baina herritik atera ezin direnei musika eskaintzea garrantzitsua da.

Zumarragako_musika_banda (2)«Zumarraga eta Urretxuko musika eskolatik profesional asko atera dira»
«Zuzendariak musikariek bere kontzeptuan sinestea lortu behar du»
«Zumarragako bandaren ikusleek proposamen berriak gustura hartzen dituzte»
«150 urte dituen musika banda batean aritzea konpromiso eta ardura handia da»

Zer iritzi duzu Zumarragako bandaz?
Hautaketa prozesu bat egon zen eta bi finalistok kontzertu bana zuzendu genuen. Kontzertu hori prestatzen eman nuen hilabetean ezagutu nuen Zumarragako banda. Gauza berriak egiteko gogoa duen banda amateur bat da. Maila onekoa.

Lehen hilabeteak gogorrak izan al ziren?
Gehien kostatu zitzaidana errepertorioa aldatzea da. Zuzendari bakoitzak berea du eta bandakoek 25 urte zeramatzaten Lander Zurdorekin. Musikariak konbentzitzea ikusleak konbentzitzea baino gehiago kosta zitzaidan. Urteurreneko ospakizunak nire kontzeptuarekin bat datoz. Ez ditut nik proposatu, ordea. Bandako kideek proposatu dituzte.

Zumarragako bandak osasun ona al du?
Tronboi-jotzaile bakarra genuen, eta egun sei ditugu. Pixkanaka, taldea osatzen ari gara. 50 bat kide gara.

Zumarragarrek erantzuten al dute?
Ikusleak oso irekiak dira. Proposamen berriak gustura hartzen dituzte eta kolaborazioak asko gustatzen zaizkie. Guk erronka txikiak prestatzen dizkiegu eta geroz eta ikusle gehiago ditugu. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin jo genuen, Ferrer Ferran eta Yolanda Campos konposatzaileei enkarguak egin genizkien, John Williams-ek konposatutako abestiak jo genituen (kontzertu hura Felix Linaresek aurkeztu zuen)… Urteurrena dela eta, aurten egingo dugun guztia zerrenda horretara pasako da: su artifizial erakustaldi etengabea izango da.

Urteurreneko zein ekitaldik egiten dizu ilusio gehien?
Antioko Musikaldia ixtea historikoa izango da. Gainera, Jacob de Haan-ekin joko dugu. Munduko banda konposatzaile onena da. Bera ezagutzeko eta berarekin lan egiteko irrikatan nago. Gozategirekin jotzeak ere ilusio handia egiten dit. Beraietako baten laguna naiz eta 10 urte generamatzan kontzertu hau egin behar genuela esaten. Abenduan Gautenaren alde egingo dugun kontzertua ere berezia izango da.

150. urteurreneko zuzendaria izatea ohorea al da?
Hau guztia bizi ahal izatea sari bat da. Donostiako Orfeoia zuzentzea, adibidez. Aurten lan asko egin beharko dugu, baina sari asko jasoko ditugu. Ikusleek ere asko gozatuko dute.

150 urte dituen banda bat zuzentzea ardura handia al da?
150 urteko banda gutxi daude. Banda honetan aritzea konpromiso eta ardura handia da, banda iraunaraztearen arduradunak baikara. Urteurrena oturuntza bikain bat da, guretzat eta gure ikusleentzat, baina lanean jarraitu behar da. Bandako gazteen konpromisoa txalotzekoa da. Izan ere, ostiral gauetan entseatzen dugu eta herriko jaietan jotzen dugu. Gure gazteek, bandan jotzeaz gain, unibertsitate ikasketak egiten ari dira, hizkuntzak ikasten ari dira, kirola egiten dute…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>