Landare eta lore artean

Antxon_Reyes

Urte askoan lorezaintzan lan egin ondoren, negozioa handitu du Antxon Reyes legazpiarrak eta lore salmentan ere ari da: «Eskaintza borobildu dugu». Igandean Urretxun egingo duten Lore eta Landare Azokan postua jarriko du.

Antxon Reyes (Legazpi, 1976) Urruti baserriko negutegian lanean ari da. 2017an Nerea Soraluzeri negozioa erosi zion, eta ordura arte lorezaintzan buru-belarri aritua zen legazpiarrak «negozioa borobildu» zuela dio. «Hutsune bat genuen, lorezaintzak alor asko ditu eta gurean loreena pixka bat alboratuta genuen».

Aurretik lorezaintzan lanean aritu da batez ere; Legazpiko Udalarentzat, Osakidetzako lorategietan… Lan gehienak, haatik, bizilagun komunitateetan egiten ditu.

Legazpiko lorategien mantenua egiteko lantaldea osatzeko zegoela Soraluzeren berri izan zuen, eta hura lore negozioa uztekoa zela jakin zuen. «Loreen alorra ere jorratzen genuen, baina ez zen gure indargunea. Nerearen negozioa hartzeko aukera suertatu zenean gurea osatzeko modua zela konturatu ginen».

Emakumeek, loreak

Egiteko asko dutela dio. Orain azoketara joaten dira, Segurakoan izan ziren eta etzi Urretxukoan egongo dira. Helburua, hala ere, «garden txiki antzeko bat jartzea da bezeroengandik hurbil egongo dena eta erakargarria». Lorezainak gehitu duenez, «salmenta leku asko ixten ari dira».

Urteetan pilatutako eskarmentua aintzat izanda, Reyes honako ondoriora iritsi da: «Gure negozioetan gehien erosten dutenak, oro har, emakumezkoak dira. Lorategi bat antolatzeko enkargua emakume batek egiten badizu ezingo duzu lorerik gabeko lorategirik sortu; gizon batek eginez gero, aldiz, fruta arbolak egongo dira seguruenik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>